Gaur (bihar irakurriko duzu hau, irakurle horrek), Nazioarteko Andrazko Beharginaren Eguna ospatzen dihardugula (ba ote dago ezer ospatzeko?), albiste sinestezin batekin esnatu naiz. Izan ere, Andaluziako Andrazkoaren Erakundeak salatu du El Horno de Curro-ren jabea, andrazko batzuek ospatu dutelako egun ospetsu horrekin boy batekin. Alazankoa!
Berri hori ikusi dudanean telebistan, gaur egun, mundu orokortu honetan gailentzen doan jarrera etorri zait gogora: Erdipurdikeria. Ez duzu zeure burua nabarmendu behar, bestela, begizkoa hartuko dizute, ez duzu beste inor etxe barruetatik kanpora egiten ausartuko ez litzatekeen ezer egiten: tonu txarrekoa delako. Eta abar. Erdipurdikeria nagusi da. Estandarretatik at gelditzen dena ezin onar daiteke. Bejondeigula, asmamenaren amaia!
Hori guztia kontuan hartzen dudalako, edo, hobeto esanda, ez dudalako ahaztu nahi, andrazko beharginaren egun honetan, asmamena gogotik landu zuen euskal idazle bat ekarri nahi dut berbabidera; egin-eginean ere, bera izan zen euskal antzerkiaren adierazpenik goiena (edo goienetakoa, ez ahazteko Toribio Altzaga edo Abelino Barriola, besteak beste) aurreko gizaldiaren lehenengo urteetan. Gipuzkoar eta euskaldun ona zen ginoan, jaio zen lekuan hil zen: Tolosan. Zer hoberik etxekoa baino!
Bada, antzerkigile tolosarra jarki zitzaion orduko urteetan (1930ean, alegia) zerabilen uholdeari: alde batetik, euskal sena zaindu eta adieraziaz, bestetik, euskal sena ekoizpenean jarriaz. Izan ere, urte hartan, Donostiako Antzerkiaren lehenengo saria irabazi zuen Euskal-eguna izenburuko antzerti-lanarekin.
Haren liburu osoan ederki asko zaintzen du emakumezkoaren eta emakumearen arteko bereizketa (mutatis mutandi, bizkaieraz andrazkoaren eta andrearen arteko berdina); horra hor, betiko euskal senaren adierazpena, nahiz eta mundu orokortu honetan hori boladan egon ez. Hori ez ezik, Garatzik, haren pertsonaia batek, maistrari galdetzen dio ea nola esan behar den euskaraz feminismo. Elkarrizketan dauden pertsonaiek egiten dute euren ekarria: emakumeketa eta etxekoandreketa. Ziur asko, Antonio Maria Labaienek bere gogoan zerabiltzan euskal ordainak izango ziren: burua lanean!
Gaur egun, andrazkoen maila beti dago epai-pean. Bultzadak eta sakatzeak… beti ekimen horretan. Ez deritzot txar ahaleginari. Betiere, nik ez dut horren beharrik jakiteko andrazkoak, kasurik gehienetan, gizonekoon mailatik gorago daudela. Eta kontua garbi dago: erabat fisiologikoa da, ondorik, psikologiari eragiten diona.
Ikusi duzue inoiz gizonezko bat eroaten edozein andrazkok azoketatik eroaten dituen zamak eroaten? Nork hazi gintuen? Aitak edo amak? Laga ditzadan alde batera neure bizierak eta ekar dezagun gogora Andres Astiz Oderiz, Goldarazko bertsolaria (honezkero jakingo duzue nongoa zen!). Lehenengo andrearekin, Arruizko Maria Argiñarenarekin, bost seme-alaba izan zituen, eta, alargundu eta gero, Arruizko Josepa Arregirekin ezkondu eta beste hamalau seme-alaba izan zituen (Goldarazko bertsolariak andreak ere toki berekoak aukeratu; nafar euskalduna gipuzkoar euskalduna legez, sustraiei lotua!)
Pintazaleak ipuinean argi uzten du andrazkoen maila gorago dagoela gizonezkoena baino, bestela, galde diezaietela Kattalinek eta beraren lagunak txurrut-deman behearen gainean laga zituzten gizonezko aragoitarrei.