Síguenos en redes sociales:

Pazientzia

AGORTZEN ari zaie pazientzia eta gero eta gutxiago axola zaie igar-tzea. Seguru aski normala da, asko jota urtebete barru hauteskunde prozesuan murgilduta egongo baikara Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai alderdi sozialistari eta bai alderdi popularrari indarrean izan duten eta ondorioz indarrean, boterean eduki dituen elkarlanerako, akordioa agortzen ari zaie. Esango dute batzuk eta besteak legegintzaldia agortu egingo dutela eta horrela izan edo ez izan, legegintzaldia momentu batean agortu egingo da eta ordurako bakoitzak zer eskaintzen duen, ze urrats emateko prest dagoen, krisiari nola egingo dion aurre eta bakegintzari zer eskain-tzen dion argi esan beharko dute eta horretarako neurri handi batean akordioa bera dute oztopo.

Partidu Popularra Espainian hartzen ari den erabakiak erabakigarriak izaten ari dira zentzu honetan. Isabel Celaa oso haserre ikusi dugu aste honetan hezkuntzako oposaketak direla eta Wert ministroak hartutako erabakiekin eta joan den astean oro har hezkuntzan egin nahi dituen aldaketekin. ( Bide batez esan dezadan hezkuntza eskumenaren mugak agerian gera-tzen ari direla honelakoekin). Ez da Celaa PPrekin haserre ikusi dugun sailburu bakarra, gainera. Ez dakit joan den asteburuan sozialistek izan duten kongresuaren ostean nola definituko duten XXI. gizaldian aurrera eraman nahi duten sozialismoa, baina egia esan PP bera ari da jartzen bere tokian, akordio baten truke bere ezkerreko edo ezkerreragoko ideiak oso lausotuta izan dituen PSE.

Eta PP ere ezin disimulatu dabil ez dagoela konforme Lopez lehendakariaren gestioarekin. Ez omen du krisi ekonomikoa buruan, ez dute sinetsi PSOEko exekutiban egotea eta lehendakari izatea bateragarria direnik eta esaten dutenaz gain esateko eran ere igartzen zaie gero era gehiago kostatzen ari zaiela naturalki bateragarria ez zenari eustea. Ez dakit hauteskundeak noiz egingo diren baina hauteskunde kanpaina hemen da.