Errege egunarekin eman ohi ditugu amaitutzat Eguberri jaiak eta jai hauetako giroa, ospatzeko modua, asko aldatu den arren, oraindik ere esango nuke BAKEA dela maiz entzuten den hitza, Gabon-kantetan ageri zaiguna, elkarri opa dioguna. Gerra den lekuetan ere ez da harritzekoa izaten egun hauetan erasoak etetea. Bakeak badu mezularia, edo hala uste dugu behintzat: usoa. Euskaldunoi ezaguna zaigu Bakearen urtxoa (bakearen usoa), orain dela 50 urte Mixel Labegueriek sortu eta grabatutako kanta ezaguna; izan ere, 1961ean grabatu zuen Iparraldeko medikuak, euskal kantagintza modernoaren aitatzat hartu izan denak, lehen diskoa. Mundua kurritu eta eginkizun ugari zituen Labeguerieren usoak: jende asko kontsolatu beharra zuen -gerrapean zegoen jendea, hilen familiakoak, presoak-, bihotza berotu behar zien xaharrei, gaixoei mintzatu, esperantza eman kezkatua zen amari, bere la-tza kendu hilen ezkilari? Beste modu batera esanda, bakeak alderdi, ikuspegi ugari ditu; baita eragile askoren beharra ere.
Gure artera etorrita, ez da zalantzarik ia guztiok ETAren amaieraren urtetzat gordeko dugula gogoan amaitu berri zaigun 2011 hau; gutxienez, indarkeria erabiltzeari behin betiko uko egin zion urtetzat. Garai berri bat ireki zaigu, zalantzarik gabe, hasi berri dugun urterako, zenbait herriren bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dela oroituko dugun 2012rako. Hori dela eta, '2012 Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren Urtea' izeneko proiektua antolatu du Jaurlaritzak, urtebeteko iraupena izango duen Fundazioa sortu eta horrek bideratuko duen programak "kultura, sormen eta pentsamenduaren talaiatik indarkeriaren jatorriari eta ondorioei egindako begirada bat; bizikide-tzarako dei bat, elkarrizketarako eta partekaturiko egiaren aldeko bilaketa bat; oroimen eta lehengoratze bide bat; garai berri bat eraikitzeko ahalegin bateratu bat" izatea du helburu.
Honekin batera, beste bi berri ere irakurri ditugu azken egunotan egunkarietan. Guztiak ere bide beretik doazenak, nire iritziz: aro berrian Bakearen bidean urrats sendoak egiteko nahia eta borondatea adierazten dutenak. Batetik, jakin dugu Hezkuntzan eta Bakegin-tzan ari diren hogei eragilek (Hezkuntza Saila ere tartean dela) giza eskubideak errespeta-tzeko eta bizikidetza indartzeko agiri bat sinatu dutela. Bost konpromiso hartu dituzte, horien gainean lan egitea hitzartu dute: bizikidetza oso, integratzaile eta iraunkorra bermatzearen alde jardutea; ikasleei orainaren eta iraganaren egiazko ezagutza ematea; giza eskubideak urratzearen biktima izan direnei babesa agertzeko ekimenak egitea; benetako bizikidetza demokratikoa sostengatuko duten balioak eta jarrerak indartzea; gatazkak elkarrizketaren bidez konpondu behar direla nabarmentzea.
Bestetik, Eutsi Berrituz Donostiako elizbarrutiko kristau taldeak ere egin du bere gogoeta: "bakealdia zinezko bake bihurtu". Armak isiltzeak bake-giro itxaropentsua indartzeko egokiera ekarri diola gure herriari aitortu ondoren, bake sendoa eta zuzena iritsi ahal izateko pauso garrantzitsuak eman beharrean garela aldarrikatu dute.
Giza eskubideen errespetua, biktimak ain-tzakotzat hartzea, haiei elkartasuna eta babesa adieraztean, oroimena, bizikidetza, barkamena, adiskidetzea, elkarrizketa? 2001etik aurrera, Kursaaleko adierazpenetik gaur arte, diskurtso publikoan agertu eta sendotu diren kontzeptuak; hitz hutsetan geratu ordez, ekin-tza eta programa bat baino gehiagori bide eman diotenak. Bide horretatik doaz aipatu berri ditudanak ere. Bakea, izan ere, indarkeriarik eza baino askoz gehiago da. Indarkeria desagertzea lehen urratsa baino ez da, guztiz beharrezkoa, baina puntu horretatik aurrera eraiki behar da egiazko bizikidetza. Oso argi izan zuen hori Nazio Batuen Erakundeak 1986a Bakearen Urte izendatu zuenean. "Egungo munduaren barne bakeari buruzko gogoeta filosofikoa" gaitzat harturik, Parisen Unescoren gidaritzapean egin zen nazioarteko batzarrean hauxe azpimarratu zuen Unesco aldizkariak: bakea ez zela gerrarik eza bakarrik, han edo hemen gerrarik ez izate soila; zatika ezina den zerbait dela egiazko bakea. Horretarako, egiazko bakea lortzeko alegia, jarrera etikoak eta ekintza konkretuak behar dira aldi berean: krisi materiala (gosea, langabezia, zorrak?) eta krisi espirituala (intolerantzia, arrazakeria, balioen borroka?) gainditzea.
Horregatik nioen hasieran eragile askoren beharra duela bakegintzak. Ikusi ditugu dagoeneko horietako batzuen adierazpenak eta konpromisoak -hezkuntza munduko eta bakegintzako hainbat eragilerena, elizaren inguruko talde batzuena, esaterako-, baina ezinbestekoa izango da beste askorena ere, gizarte osoarena, gutako bakoitzarena. Zauri asko ditugu oraindik itxi gabe, baita Gerra Zibilaren garaikoak ere. Baina, horiek ahaztu gabe, Eutsi Berrituz taldeak lehen-lehenik oroitu nahi izan dituenak, "berrogeita hamar urteko borroka armatuak eragindako hainbeste eratako biktimez oroitu nahi dugu: ETAk hildakoak, zaurituak, bahituak, familia hondatuak, estortsioak eta mehatxuak nozitu dituztenak eta, orobat, ekin-tza polizial eta parapolizialetan hildakoak, torturatuak, preso sartuak, urrutiratuak eta zigorraldia luzatu zaienak eta horien guztien familiak. Giza-eskubideen ukapenetik eta sufrimendutik ateratzen eta giza duintasunez bizi-tzen lagunduko dien onarpena eta errekonozimendua eskaini behar die gure gizarteak, orobat gure kristau elkarteek". Badugu nahikoa lan dozena erdi lerrotan esandakoa betetzen. Badu lana Espainiako gobernura iritsi berria den Mariano Rajoyk; badu lana gaurko Jaurlaritzak; badute lana duela hilabete batzuk eratu diren Foru Diputazioek eta udalek; badute lana alderdi politikoek, baita Ezker Abertzaleak ere; badu lana Europak ere. Baina badu lana presoen kolektiboak ere, orain arteko jarrera itxiak utzi eta talde barruko iritzi eta pentsamolde aniztasuna onartzetik hasita. Badugu lana, nahi beste eta gehiago, guztiok. Donostiarra naizenez, askotan pentsatu dut nolako lan bikaina egin daitekeen Francoren udako egoitza izan zen Aieteko Jauregian habia egin duen Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeari edukia emateko. Bildukoa den alkatea, herritarren ordezkaritza orekatu samarra duten lau alderditako zinegotziak, gizarte bizia eta kezkatua? Aukera bikaina pauso txikiak ematen hasteko, konbentzituta bainago pauso txiki askok egiten dutela bidea.
Baina, orain artekoa eginkizun erraldoia izanik ere, ez da bakarra. Guztiz bat egiten dut nik Eutsi Berrituz taldeak esandakoarekin, bake sendoa lortu, guztion artean egin nahi badugu, beste zerbait ere beharrezkoa izango zaigu: "Horrela, gure gotzainek urte askotan argitara emandako beren idatzietan, arazo larri eta ilun horren erdian argi egin nahirik, bortxakeria eta heriotzak zorrotz gaitzesteaz bat, gatazkaren arrazoia eta jatorria ere kontuan izan beharreko gaiak direla esan izan digute. (?) Ez dago ukatzerik ere ETA sortu baino lehenagokoa dela euskal auzia, izaera historikoa eta politikoa duela eta ETAren bukaerak ez dakarrela, besterik gabe, gatazka politikoaren konponketarik, ez bukaerarik. ETAren jarduerak, izatekotan, atzeratu egin du gatazkaren konponketa elkarrizketatua, politikoa eta demokratikoa. Pertsonarentzat bizitzeko eskubidea oinarri-oinarrizko eskubidea den neurrian, herrientzat oinarri-oinarrizkoa da izateko eskubidea. Gizakiaren eskubideak herrien eskubideetara hedatu dira; eta gizakiarentzat egia dena halaxe da herriarentzat ere. Bakea ez da giza-eskubideen errespetuan bakarrik oinarritzen, baita herrien eskubideak errespeta-tzean ere. Horregatik, nazioartearen zuzenbidearen arabera, Estatuek herri bakoi-tzaren erabaki-eskubidea errespetatu beharra dute; hala dio Elizaren doktrina sozialak. Kristau garen aldetik, Euskal Herriak izateko eskubidea duela pentsatzen dugu; bai eta bere buruaz erabakitzeko eskubidea ere. Eskubide hori gauzatzeko akordio berria erdietsi beharra dago, aipatutako elkarrizketa politikoaren bidez eta prin-tzipio demokratikoak betez. Herriari eman behar zaio hitza eta gehiengoak erabakitzen duen akordioa bete, betorik jarri gabe: ez gorago jotzeko, ez beherago geratzeko. Horrela uste dugu irits gaitezkeela egungo bakealditik egiazko bakera". 2001eko Kursaaleko Adierazpeneko Printzipio Etikoa eta Prin-tzipio Demokratikoa. Kristau taldeetako kide ez diren beste milaka herritarrek ere bere egiten dituztenak.
Urtebete baino askoz gehiago beharko dugu lanerako. Urte asko izendatu beharko ditugu Bakearen eta Askatasunaren urte. Baina gaur, hauxe da Mixel Labeguerierekin batera guztioi opa dizuedana: "Errozute deneri: / oi Eskualdunak, / ez beha gau beltzari, / bainan bai izarreri! / Bakea dela zueri".