LerrO hauek hastearekin batera aitortu nahi dut, autoan arin samar ibiltzea gustatzen zaidala. Duela hilabete batzuk, abiadura mugatu zutenean, orduko 110 kilometrora jaitsi zutelarik, ez nintzen oso konforme geratu. 110 beharrean, 130 kilometrotan ikusi nahi nuen gehienezko muga. Baina, beste erremediorik ez, eta otzandu egin nintzen, muga berriari amore emanez. Aitortu behar dut, hala ere, neurria eragingarria izan dela nire kasuan, eta aurreko urteetan baino astiroago ibiltzen lagundu didala.

Joan den astean, harriturik, irakurri nuen, gehienezko muga, berriz ere, 120ra bueltatzen dela, jaisterakoan eman zituzten arrazoiak konpondu omen direlakoan. Esan bezala, harritu egin nintzen hasieran; gero haserretu eta, azkenerako, haluzinatu egin nuen. Eta prozesu horretan Rubalcabaren irudia ager-tzen zitzaidan behin eta berriz, buruan, eta Espainiako Erresumako gezurterorik handienaren hitzak entzuten ari nintzela pentsatu nuen neure kolkorako.

Espainiak ez du gaitasunik kon-tsumitzen duen energia produzi-tzeko; ezta inondik ere! Ez dauka petrolioa ateratzeko putzurik, eta erosi egin behar du kontsumitzen duen guztia. Ez du behar beste argindar, gas, haize-indar... Ez dauka ezer. Den dena behar du. Berdin dio petrolioa merke edo garesti dagoen, erosi egin behar du kanpoan. Orduan, duela hilabete batzuk hartutako jaitsiera-neurriari esker, kontsumoa zertxobait jaistea lortu bazuten, zergatik aldatu orain?

110 kilometroen muga neurtzeko, trafiko-seinaleetan zenbakiak alda-tzeaz batera, hainbat radar ipini zituzten. Itxura denez, neurria eraginkorra izan zen, eta hain zuzen, motelago omen gabiltza auto gidariok. Ez hori bakarrik! Istripu, zauritutako eta hildakoen kopurua ere jaitsi egin da! Neurria ona zen, beraz. Orduan, zergatik aldatu? Zergatik radarrak kendu? Istripu gehiago eta kaltetu gehiago izan dadin?

Ez dut ezer ulertzen. Biziki kezkatu nau Rubalcabaren jokabideak. Bi azalpen datozkit burura, eta ez dakit zein aukeratu. Lehen aukera: autoak arinago ibiliz gero, petrolio gehiago kontsumituko dugu eta, ondorioz, Estatuak diru gehiago bilduko du zergen bitartez. Eta jakina den bezala, Espainiak munduko diru guztiak behar ditu dauzkan zor guztiak ordaintzeko. Bigarren aukera: udako oporrak datoz, eta jendeari poz pixka bat ematearren, aldatu egin dute abiadura-muga, oporretako bidaia laburragoa izan dadin, eta animosoago ibili gaitezen.

Bat izan edo bestea, Rubalcabak ez du egia esan. Eta, bat batean, Rubalcaba imajinatu dut Espainiako presidente, boto-emaileen poza lor-tzearren edozer gauza egiteko prest, inguruan daukagun finantza eta ekonomiaren egoerari bizkar emanda; eta biziki kezkatuta geratu naiz. Zapateroren lehen sei urteak etorri zaizkit burura, eta Grezia, eta Portugal, eta Espainiaren kanpo zorra, eta…

Zer pentsatu ez dakidala geratzen naiz. Ikusitakoak ikusita, kosta egingo zait egia edo gezurra esaten ari den jakitea, eta ezingo diot Rubalcabari ezer sinetsi. Seinale txarra presidente izan nahi duen hautagaiarentzat!