Jose Antonio Pagolaren gurutze bidea
Izena aldatuta duen arren, Eliza Katolikoak bizirik manten-tzen du Inkisizioaren epaitegia. Deitura berria du -Fedearen Dotrinarako Kongregazioa- eta zorionez orain ez du aginterik herritar normalengan, baina eliz gizon eta andreek haren arrastoaren barruan ibili beharra daukate fedeari buruzko gogoetak eta irakaspenak jendaurrean egin nahi badituzte. Eliza Erromatar Egiazko Bakarraren barruan bere iritzia eman nahi duenak haren aginpidea onartu behar du eta bestela betiko isilik egoteko zigorra jaso dezake.
Trantze horretan dago Jose Antonio Pagola apaiz gipuzkoarra. 2007an Jesus. Hurbilketa historikoa izeneko liburua argitaratu zuenetik, eliztar askoren txaloa jaso du, baita liburua interesez irakurri duten milaka irakurlerena ere, baina eliza ofizialaren zati batek ez dio bakerik eman eta ez dirudi bakean utziko dutenik ere. Beroaldi horrek bultzaturik liburuak arazoak eduki ditu argitalpen berriak izateko, nahiz eta hainbat zuzenketa egin dizkion egileak berak.
Baina kontua ez da amaitu. Erlijio kontuetan jantzita dagoen Pedro Ontoso kazetariak joan den aste buruan argitaratu duenez, Eliza Katolikoaren Dotrinarako Kongregazioak ikerketa hasiko du Pagolaren irakaspenak fede ofizialarekin bat ote datozen aztertzeko. Ez da erraza albistea konfirmatzea, horrelako kasuetan ez baita konfirmazio ofizialik izaten, eta ez dirudi Pagola bera, badin eta jakitun bada, bere egoeraren berri ematen hasiko denik. Batzuen ustez, ikerketa honen atzean ez dago fedearen inguruko azterketarik, Setien go-tzainaren bikario nagusi izan zelako mendekua baizik.
Wikipedian begiratu dut eta Pagolak orrialdea baduela ikusi dut. Setienena eta Uriarterena baino luzeagoa da, eta Munilla bere oraingo gotzainarena baino askozaz beteagoa. Bere biografiako daturik aipagarriena: 1968an lehen liburua argitaratu zuenetik idatzi dituen hogeita bat liburuen zerrenda ageri da, guztiak kristau fedearen azalpenari eta irakaskuntzari buruzkoak. Ez dakit zertan aldatu ote den Pagola irakaslearen testigantza orain hain gogor hartu dezaten. Nolanahi ere, Pagolarena ez da azkenaldian ezagutu dugun kasu bakarra eta itxura guztien arabera ez da azkena izango.
Gauzak estu hartu nahi ditu Elizaren zuzendaritzak. Azken urteetan izandako lasaibideak ez dio antza abantailarik ekarri eliza katolikoari, ezta eliztar berririk ere, eta seguruenik kalkuluak eginda edukiko dituzte bide berritik zer irabazi dezaketen. Agian elizatik apartaturik gabiltzanon iritziak ez dira oso kezkagarri izango agintari eliztarrentzat. Baina, alderantziz, hiritar askori oso kezkagarri iruditzen zaizkigu inguruan ikusten ditugun integrismo zantzuak. Urrunago dauden beste erlijio batzuetan, beste herrialde eta talde batzuetan suma-tzen ditugun gehiegikeriak eramangaitz gertatzen zaizkigu, eta zuzenean gurekin zer ikusirik ez duten arren, gure iritzia ematen ahalegintzen gara. Kontu hauek gertuagokoak direnean ere, agian hobe dugu ez isiltzea. Ez nuke integrismoz inguraturik bizi nahi, azkenean, seguruenik, nigan ere eragina izango baitu, eta nahiago nuke hori ez ezagutzea.