PATUA egindakoa eginda derrigorrez gertatu behar zuen hari esaten zioten grekoek. Patuak hainbat ezaugarri izan ditzake: tragikotasunak, esaterako, bi aukeren artean hautatu beharraren hondamendia eta heriotza erabakitzera behartzen du. Setak, halaber, Aristotelesen seta da patua hartatik, gure bizitzaren ibilbidea genetika eta inguruaz osaturiko mordoiloaren eskutan uztarazten digu. Hautamenak, aldiz, berez patuaren fatalitatea ukatzen du. Ironiak, patuaren jolasen aurrean irribarre maltzurra eragiten du.
Nik uste nuen euskalduna jaio-tzea bazela nahiko patu baina ez. Ohartzen ari naiz benetan patuduna izatea nafarra jaiotzea dela. Eginahalak eginahal, aukerak aukera, hortxe izanen duzu UPN, Sanz izan edo Mans( irakur bedi Barcina).
Norbaitek PSN, Fenix hegazti atzeratu baten moduan, birjaio eta lau urtetara gure patu kaxkar honetatik salbatuko gintuelako esperantzak bazituen, etsi dezala. Sanzek, berriz ere, hartzaren besarkada egin dio Roberto Jimenezi. Nafarroako egunerokotasunaren hustubidetik desagertuko den beste aurpegi bat.
Aitzakia berriz ere euskara izan da. Txentxo Jimenezek Himalayan alferrikaldu zuen hura, alegia, Iruñerriko hainbat herri eremu mixtoan sartzea. Hitz batean esanda ezezkeria bat, gorrotoaren itsuak erraldoitutako afera ez balitz.
Patuaren kontra, ongi dakite budistek, hobe da borrokarik ez egitea; beharrezko babes-mekanismoak garatu ondoren, onartu eta kitto. Urruntasun-mekanismoa, esaterako. Sanz eta bere mundua beste planeta bateko biztanleak bezala bizi, edo norbera kokatu beste planeta batean.
Edo ukazio mekanismoa. Neronek erabiltzen dudana, botererik ez dutela sinetsi, edo ez balira bezala bizi. Ez dizuet batere gomendatuko, norberak aurkitu behar du berea. Baina uste hori dela hoberena, ez balira bezala bizi.
Beste modu batzuk ere izanen lirateke. Itunak, elkarrizketak, akordioak, estrategia aldaketak baina guztiak politikaren eremuan sartzen dira. Eta jakina, politika ez da patua.