Bermeoko portuan loturik, ur-bide batetik flotazio-lerroaren paretik ura sartu eta hondoratzen hasi zenean, 2016ko apirilaren 22an Bermeoko Udalak ontziolara atera zuen eta ontzia berreskuratzeko proiektu teknikoa burutu ondoren, Ortube ontziaren lagunak lanean hasi ziren. Zergatik? Egurrezko ontziolen eta itsasontzien ondare erakusle ezin hobea zelako. Euskal kostaldean azken mila urteotan garatu zen itsas zibilizazioaren adierazpen bizi-bizia. Helburua garbia zen: Ortube, berriz ere, itsasoratu, XXI. mendean ere, arrantza garaiak gaurkotuz.

Herri ekimena abiaturik, ondare historikoa biziberritzeko, 2019anelkartea sortu zen: Ortube ontziaren lagun Elkartea (www.ortube.eus), Juan Andres Diez de Ulzurrun, ingeniari industriala eta egurrezko ontzietan aditua, buru.

'Ortube' atunontzia itsasoan J.A.

Borondatezko lana da ekimenaren oinarri oinarria. Elkarren arteko lanaren bidez, esperientzia komunitario honek bere horretan garran-tzia du, ezina ekinez egina bihur-tzeko. Honezkero, 9.000 ordutik gorako lana agerikoa da, Jesus Urkidiren kalkuluen arabera eta laster batean amaiera, hau da, itsasontzia berreskuratu eta segurtasun-baldintzetan nabigatzea. Ortuberen webgunean argazki bidez erakusten da lanaren bilakaera.

Atunontziaren izena eta jatorria adierazten duen idazkuna.

Bestalde, berreskuratze eta eraberritze lanak irauten duten bitartean, ontzia bisitatzeko aukera dago. Azken arrain azokako egunetan, adibidez, 120 pertsonatik gora egon ziren Ortuben, Elkartekoak gidari, azalpenak ematen zeudela. Bertatik bertara arrantzaleen bizimoduaz, egunerokoaz jabetzen gara bertan.

Juan Apraiz, 'Ortube'-ren berri ematen J.A

Esperientzia aberasgarria eta ekimen interesgarri hau, orain, aztergai izango dugu, datorren abuztuaren 30 eta 31ean. Euskal Herriko Unibertsitateak Udako ikastaroa eratu du Arrantzaleen Museoan. Lehenago ere, 2015ean, Miren Gabantxo irakaslearen zuzendaritzapean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, EHUko Udako Ikastaro batean, egurrezko itsasontzigintzari buruzkoa izan zen. Oraingo honetan Ortube ekimen zehatza izango dugu aztergai.

Ortube, hasieran, 1978an

Ortube atunontzia Bermeoko Muruaga on-tziolan, (Jesus eta Julio Muruaga eta Anjel Gorriñoren sozietatea) 1978ko otsailean hasi zen egiten. Egurrezko egiturazko ontzia izango zen eta beraz euskal kostaldean azken mila urteotako ontziolen zereginaren ildoan. Horra ba, egiteko modu jarraitu batean ekingo zitzaion baina atunontzi ederra eta handia izango zenez gero, berrikuntzak sartu ziren ere.

Egurrezko ontziaren hasierako lana basoan hasten da. Bertan arbola egokiak aukeratu behar dira, sarritan aurretik begiz jota egoten direnak, luzera eta zabalari begiratuz. Ortube egiteko haritzak, eukalitu zuzen zuzenak, akaziak eta era guztietako egurrak erabili ziren, ingurukoak eta ez hain urrekoak ere. Ortube atunontzi ederra atera zen, 36 metroko luzeran, zabaleran 7,60 m. eta 200 TBR tonelajekoa. Neurri hauetan, XVI. mendean ere egiten ziren kargarako belaontziak eta gaurko honek iraganekoa ezagu-tzeko aukera ere ematen digu.

31.212 euro gastatu ziren egurretan eta 19.807 euro soldatetan. Urte amaierako, ontzia uretan zegoen eta ondoren motorra, Echevarria-Burmeister motorra (700CVko poten-tziaduna, motela eta bi denborakoa) eta bestelako tresna elektronikoz hornitu zen, guztira beste 121.326 euro gehiago. 1979ko maiatzean itsasora abiatu zen, arrantzan, bokarta eta gero hegaluzetan.

Ortube atunontzi berria eraiki-tzeko Pedro Ortube-Begoña Larruzea, Alberto Ortube-Maria Jesús Poncela eta Juan Ramon Egaña-Bibiana Rodriguez elkartu ziren, Alto Urkiola eta Nuevo Digno de Querer izeneko itsasontziei baja eman ondoren. 1984an Egañaren ondokoak sartu ziren jabetzan eta 1995ean Jose Antonio Etxebarria eta Milagros Luzarraga ere jabedunak bihurtu ziren.

Antxoetan ere ibili ondoren, batez ere hegaluzea non, Ortube han. Horrela, Atlantikoan barrena ibili zen, Afrikako kostaldetik Irlandako kostalderaino. Azken urteetan Kanariar uharteetan ibili zen arrantzan. P. Ortube izan zen lehen patroia eta J. A. Etxebarria, azkena, 12-16 tripulatzaileak zirela. 2003an, Bermeko Udalak Ortube erosi zuen 90.151 euro ordaindurik.

Berrikuntzak egurrezko ontzigintzan, Johan Akurioren gar-aian

Ortube, 1.000 urte baino gehiagoko esperientzia duen ontzigintzaren historiaren azken erakusle indartsuenetako bat dugu. Bermeoko marinelen Kofradiaren, 1353 urteko Ordenantzetan jasotzen da,  ontzien eta traineruen arteko bereizketa. Baina Bizkaiko itsas bazterrean arrantzan eta merkataritzan lehenagotik hasi ziren. XI. mendetik aurrera dokumentaturik dugu eta Bermeoko armarria horren lekuko. Europa iparraldeko itsas portuei begira elkar lehian eta trukean berrikuntzak egin ziren ontzi handietan eta euskal itsas zibilizazioaren garapena goi mailara igo zen. Atlantikoko nao eta koka delakoak, garia eta gatzaren garraioak egiten Mediterraneora joaten ziren neguan, Genova eta Siziliako portuen arteko zerbitzuak egiten. Joan-etorri hauetan, Mediterraneoko itsasontzietako berrikuntzak ikasi ondoren, Bizkaiko itsas bazterretako ontzi berriek eraiki ziren XV. mendean barrena: Aurrerantzean ontzi berriak egiteko, erdiko ardatzetik abiatuz, ontziaren egurrak bata besteari tope eginez lotuko ziren eta ez bata bestearen gain. Lema popan, hiru masta, erdian karratu handia eta triangeluzko latindarra atzean. Aldeko eta ez hain aldeko haizeak atrapatuz, ontzi berriak prest zeuden edozein itsaso eta ozeanoetan nabigatzeko.

Johan Akurio bermeotarra horrelako itsasontzietan trebatu zen, zientzia gizona zen, mundu berriak ezagutzeko grina zuen eta, Elkanorekin batera, mundu bira burutu zuen, duela 500 urte, 1522an. Sekulakoa izan zen, munduaren biribiltasuna frogatuz. Munduaren ikuskera erabat aldatu zen, aurrerantzean, arlo guztietan.

Ortube, etorkizuneko egitasmoa

Elkartearen webguneak zehatz-mehatz azaltzen du ia 7 urte hauetako berrikuntza lana. Bilakaera honetan itsas zibilizazioa zabaltzeko hezkuntza-proiektu gisa ere ageri da Ortube. Hasieratik hezkuntza-transferentziaren eta gizarte-ekintza komunitarioaren dimentsioa duen proiektua izan da. Zurezko erriberako ontziolen ondarea berreskura-tzeko eta babesteko proiektua da. Etniker taldekoek itsasaldeko ikerketa etnografikoari ekin diote. Biziberritze aldi guzti honetan, Ortube irekita dago eta ontziola bisita daiteke, zaharberritzearen prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Jendartearen ekimenez, berreskuratze prozesu honetan, egurrezko itsas ondarea, hain errez galtzen dena, iraunkorra bihurtzen ari da. Ortube, Bermeon egin eta asmatu zen oso-osorik eta propultsio motorra ere tokiko industriaren prototipoa dugu. Baina itsasontziak ez dira egiten lehorrean egoteko, itsasoan nabigatzeko baizik eta aurreran-tzean, Bermeoko Arrantzale Museoaren luzapena itsasoan ere izango delakoan gaude.

Baina horrez gain, Ortuberen egitasmo honek balio digu baxurako arrantzaren iraunkortasuna azaltzeko. Eta honek bete-betean Nazio Batuen Garapen Iraunkorraren aldeko helburuekin bat egiten du.

Egitasmoa aztergai, EHUko Udako Ikastaroan

Ortuberen egitasmo honetan, Bermeoko Udala, Arran-tzale Museoa eta Bizkaikoa, (Bizkaiko Foru Aldundiaren Museoak eta ondarea kudeatzeko erakundea), partaide ditugu. Esperientzia luze honen ondorioz, oraingoan egitasmoa aztertzeko unea ere heldu da, Ortube itsasoratzeko. Horra laburbilduz, EHUko Udako Ikastaroen baitan Arrantzale Museoan eratuko den ikastaroaren edukia:

Abuztuaren 30ean, Bermeoko alkateak ikastaroaren hasieran Ortuberen etorkizunari buruz berba egin ondoren, Juan Andres Diaz de Ulzurrun ingeniariak, Elkartearen buruak, ia 7 urte hauetan egindakoa aztertuko du, berreskuratze eta zaharberritze prozesuan, nabiga-tzeko gai bihurtzeko Ortube. Ondoren Kepa Aranburu itsas ingeniariak gaur egun Astilleros de Bermeon egurrezko ontzigintza zertan dagoen arakatuko du. Juan Apraiz merkataritzako itsas kapitaina eta ikertzaile adituak, egurrezko ontzigintzan zein arrantzan, Ortuberen garaiko arrantzaren egoera aztertuko du. Ondoren, Robert Ugalde, UPV-EHUko irakasleak, Ortube ondoko Bermeoko atunontziak munduan barrena egiten dutena arakatuko du.

Hurrengo egunean, Jesus Urkidi ekonomialariak eta Elkarteko idazkariak, arrantzaleak izango ditu aztergai. Eguneroko bizimodua itsasontzietan. Marea luzeetan, zelan garbitzen eta lehortzen zituzten jan-tziak, batez ere barrukoak, zer egiten zuten aisialdi eta jolasaldietan, jai giroak zein erlijio praktikak. Gero, Miren Gabantxo UPV-EHUko irakasleak Itsas ondarea gazteriaren begietatik landuko du. Horretarako, honezkero ehun bat Unibertsitateko ikasle ikasgeletatik atera ditu Bermeora etortzeko, batzuentzat lehengo aldiz, Ortuberen inguruko ezagutzak eta gogoetak sortzeko.

Azkenik, ikastaroko partaide guztientzat azken ikasgaia Ortuben sar-tzea izango da eta bertatik bertara ezagutzea aztertutako guztia. Matrikula egiteko zabalik dago epea eta ondoko helbideetan sar daiteke: www.ortube.eus edo EHU Udako ikastaroan: https://www.uik.eus/eu/jarduera/ortube-bermeo-egurrezko-itsasontzi-enblematikoaren-berreskuratzea-berriztea-2016-2022

Matrikulatzen diren guztiek, ezagutza eta esperientzia berritzailea jasoko dute, etorkizun hurbilean misio berri batean partaide bihurtuko direlarik eta horrez gain, 2023an, Ortuben nabigatzeko aukera ere edukiko dute, inork baino lehen. l

Idazlea

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (1953)

Historia garaikidean Katedraduna eta ikerketa taldeburua (UPV-EHU) eta Eusko Ikaskuntzan, historia sailburua, presidenteordea eta presidentea (1992). ICHRPIko presidentea, (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions), Nazioarteko zientzi historikoen elkartean (CISH-ICHS). 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria. 24 liburu argitaratu ditu, azkenak, ‘The Making of the Basque Question’ (2011), ‘Euskal Herritarren burujabetzaz’ (2012) eta ‘De los vascos sin historia a los vascos con Historia’ (2017).