Berdelaren arrantzaldia garrantzia hartzen ari da Euskadiko baxura flotako ontzientzat. Izan ere, espezie hau gero eta estimatuagoa da nazioarteko merkatuan eta aurtengo kanpainan inoiz baino garestiago saldu da Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera, berdel kiloaren batez besteko prezioa 1,41 eurokoa izan da euskal portuetan, inoiz izan den preziorik handiena. Aurreko urtean, 1,14 eurokoa izan zen berdelaren batez bestekoa. Guztira, euskal flotak 8.000 tona arrantzatu ditu. 5.380 tona Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan lehorreratu dituzte, 1.41 eurotan/kiloa. Gainerako 2.563 tonak Kantabriako portuetan saldu dituzte 1.44 eurotan kiloa. Euskal arran-tzaleek harrapatutako berdel guztiaren balioa 10 euro ingurukoa izan da. Nabarmentzekoa da aurten berdela, bokarta baino garestiago saldu dela euskal portuetan. Ez da ahaztu behar, berdela beti egon dela bokarta eta hegaluzearen itzalean.

Gero eta espezie errentagarriagoa izan arren, berdelaren arrantzaldiak muga handi bat dauka euskal arrantzaleentzat, kuota txikia dutela eta oso zaila dela harrapaketa aukerak handitzea. Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek 30.000 tona berdel harrapatu dezakete urtean. Kopuru oso txikia da urtero Europako flotek 700.000 tonatik gora arrantzatzen dituztela kontuan izanda. Norvegia, Islandia edota Faroe irlak dira berdel gehien arrantzatzen duten estatuak eta Europako Batasunean egindako barne banaketan Espainiari zati txikia egokitzen zaio. Gainera, banaketa horren oinarriak aldatzea kuota handitzeko oso zaila dirudi gaur gaurkoz.

Aurtengo arrantzaldiari dagokionez, traina edo inguraketa sarea erabiltzen duten ontziek ez dute inolako arazorik izan euren kuotak bete-tzeko. Ontzi handiek 108.000 kilo harrapatu ahal izan dituzte eta ontzi ertainek 86.000 kilo. Egun gutxitan berdel kopuru hori arrantzatu eta buru belarri sartu dira bokartaren arrantzaldian. Ez dute zorte bera izan amodun tretzak erabilten dituzten ontziek. Iaz gertatu bezala, on-tzi gehienak kuota osoa arrantzatu barik geratu dira. “Ez dakigu zer gertatzen den berdelarekin. Iazko kostera oso arraroa izan zen eta aurten ere gauza bera gertatu zaigu. Egunez, arrain itsas hondoan geratzen da eta ez du jan nahi. Ondorioz, on-tzi gehienok, ia guztiok, ez dugu kuota betetzerik izan” azaldu du Bermeoko patroi batek.