BILBO. Kutxabankek pausu garrantzitsua egin du aurten ingurugiroaren ikuspegitik enpresa eredugarri izaten jarraitzeko, bere jarduera korporatiboak sortzen duen karbono dioxidoa nabarmen txikitu eta gero.

Murrizketa horren ondorioz, ia 12.000 tonakoa da bere ‘karbono aztarna negatiboa’ deritzona. Hau da, bere baliabideek, kasu honetan erakundeak dituen baso-sailek, atmosferara botatzen duena baino karbono dioxido gehiago xurgatzen dute. Isurpen horien artean aintzat hartzen dira erregai fosilak (gas naturala eta gasolioa), argindarra eta bere plantila osatzen duten pertsonen garraioak sortutako karbono dioxidoa.

Finantza Taldeak ez du isuri zuzen adierazgarririk sortzen. 2020rako egin dituen aurreikuspenen arabera, 1.146 tona botako ditu, eta hauek erraz orekatuko ditu bere basoek ezabatzen dituzten 13.138 tonen bitartez.

Ingurugiro gaietan egin duen aurrerakada honen gakoetako bat da Kutxabankek bereak dituen baliabideetan oinarritzen dela, beste hitzetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kudeatzen dituen baso-eremu zabalen bitartez desagertzen dela. Basogintzako jarduera honen ondorioz, inoiz ez du ‘karbono mailegurik’ erosi behar izan karbono dioxido isurpenak orekatzeko.

Kutxabankek 962 hektarea baso kudeatzen ditu, biodibertsitatean aberatsak diren ekosistema ugari barne hartzen dituztenak. Hura ustiatzeko, Baso Kudeaketa Plana du, PEFC ziurtagiriaren pean, Baso Kudeaketa Iraunkorra bermatzen duena.

IAZTIK AZTARNA NEUTROA DU

Ikuspuntu korporatibotik, Kutxabank taldearen jarduerak ez du aldaketa klimatikoan eragin zuzen adierazgarririk eta, gainera, bere karbono aztarna neutralizatzeko hainbat ekimen jartzen ditu abian.

2019az geroztik erakunde neutroa da CO2 isurietan, bere jarduerak berotegi efektuan duen eraginaren %100 orekatzea lortu baitzuen iaz.

Gainera, 2020ko urtarrilaren 1az geroztik, Taldearen ia 900 banku-sukurtsalak eta lantoki guztiak elektrizitate berdez baino ez dira hornitzen, Iberdrolaren Núñez de Balboa instalazio fotovoltaikotik datorrenetik, hain zuzen ere.

Hornidura-ereduaren aldaketari esker, 6.000tik gora tona CO2 isurtzea saihesten da, ekonomia deskarbonizatzeko estrategiari lagunduz. Kopuru hori 15 mila tonara iristen da, Taldeko sozietateen eta Banku-fundazio akziodunen jarduera kontuan hartuz gero.

Hein handi batean kontratu hau indarrean jarri delako, Erakundeak bi urtetan %86 txikitu ditu bere karbono isurpenak. Izan ere, 2018an 8.114 tona sortzen zituen, eta aurten 1.146 tona isuriko ditu.

JASANGARRITASUN KLIMATIKOA IRIZPIDE ESTRATEGIKOA DU

Produkzio jasangarria bermatzen duten ekintzak, aldaketa klimatikoari aurre egiten diotenak edo ingurugiroarekiko begirunez aritzen diren garapen ereduak sustatzen ditu Kutxabankek bere kudeaketaren bitartez.

Ingurua zaintzeko politiketan oso jarrera aktiboa du, kutsadurari aurre egin eta natura ez hondatzeko. Urteak daramatza bere energia kontsumoak eta bere finantza-jarduerarako behar dituen materialak murrizten, sortzen dituen hondakinak era arduratsuan kudeatuz.

Gainera, ingurumen-politika instituzional oso aktiboa du, baita Ingurumeneko Jardunbide Egokien Gida bat ere, Kutxabanken lan egiten duten pertsona guztien sentsibilizazioa eta ingurumen-jarduna hobetzea helburu duena.

Gidaliburu honek ingurumen-inpaktua minimizatzen duten neurriak praktikan jartzea sustatzen du, eraginkortasun energetikoaren, hondakinen bereizketa eta kudeaketaren edo baliabideen eta materialen erabileraren minimizazioaren bidez, besteak beste.

Gizarte ikuspegitik inbertsio arduratsuak sustatzen dituen 23.000 milioi euroko aktiboak ditu Kutxabank taldeak. Honek esan nahi du, inbertitzen dituen sozietateek Giza Eskubideak, inguruarekiko begirunea, Gobernu Zuzeneko jarduerak eta fiskaltzako jokabide zuzenak bete eta sustatzen dituztela.

Gainera, naturarekiko errespetua sustatzen duten finantza produktuen katalogo zabala du. Alde horretatik, erraztu egiten du energiaren ikuspegitik eraginkorrak diren etxebizitzak erostea eta aseguratzea, ibilgailu eta etxetresna elektriko eraginkorrak eskuratzea, eta enpresa bezeroak ekonomia berde eta iraunkorrago baterantz igarotzea. Energia berriztagarriak sortzeko proiektuak garatzen dituzten enpresa-proiektuei ere laguntza ematen die, edo beren jarduera basoak babestera bideratzen dutenei ere bai.