Goiz iritsi dira aurten urteko lehen hegaluzeak. Bermeoko Goienkale ontziak ia 9.000 kilo saldu zituen atzo Avileseko kofradian eta beste 10.000 kilo porturatu zituzten Asturiasko ontzi biren artean. Kantaurian saldutako lehen hegaluzeak izanda, prezio onean saldu ziren enkantean. Aurten ere -ohitura bilakatu da azken urteetan- Asturiaseko supermerkatu batek erosi ditu lehen hegaluzeak eta enkantean saldutako lehen 108,5 kiloak inoiz baino garestiago ordaindu zituen, 350,60 eurotan/kiloa hain zuzen ere.

Gainerako 19.000 kiloei dagokienez, tamaina handiko aleak -zazpi kilotik gorakoak- 15 euroko batez bestekoan saldu ziren, lau eta zazpi kilo bitarteko arrainak 10 eurotan eta hegaluze gazteenak, lau kilotik beherakoak, 6 eurotan. Azpimarratzekoa da, aurreko urteko arrantzaldian hegaluzearen batez besteko prezioa 3,51eurokoa izan zela. Enrike Zabaleta, Goienkale ontziko patroia, pozik agertu zen lehen itsasoaldi honen gaineko balorazioa egiterakoan. “Arrain ona aurkitu dugu eta ondo saldu dugu. Pozik gaude. Nolanahi ere -gaineratu zuen- lehen egunetan harantz eta honantz ibili ginen arrain sardarik aurkitu ezinik”.

Goienkale ontzia maiatzaren 10ean atera zen Bermeoko portutik eta 900 itsas milia baino gehiago (ia 1.700 kilometroak) bete behar izan ditu arrantza lekuetara iritsi arte, Azores uharteen ipar-ekialderaino hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da aurten beste urte batzuetan baino hegaluze handiagoa aurkitu izana.

“Urteko sasoi honetan, arrantzaldiko lehen itsasoaldian, bost-sei kiloko hegaluzea aurkitzen dugu normalean Atlantikoko uretan. Aurten, ordea, harrapatu dugun arrain gehiena handia izan da, zazpi kilotik gorakoa”. Lehen harrapaketak oparoak izan arren, Enrike Zabaletak ez du ezer aurreratu nahi. “Ez dut uste aurkitu dugun arrain hori Kantaurira etorriko denik. Azken egunetan, arrain horrek iparralderantz egin du. Espero dezagun arrain sarda berriak etortzea eta ekialderantz egitea”, azaldu du Goienkaleko patroiak.

Hegaluzearen arrantzaldia ondo hasi da eta Bermeoko beste hiru ontzik porturako bidea hartu dute. Litekeena da bihar eta etzi goizeko bentetan saltzea azken egunetan harrapatutako hegaluzeak. Ia ehun orduko bidea egin beharko dute arrantza lekutik Avileseko porturaino heltzeko.

Arrantzaleen artean kezka eragin du azken egunetan Kantauriko urek hartu duten tenperaturak. “Inoiz ez dugu ikusi Kantauriko ura hain bero urteko sasoi honetan eta holan jarraitu ezkero ez dut uste ona izango denik hegaluzearentzat” gaineratu du Zabaletak.