- Konfinamendua amaitu da Bermeoko Goienkale ontziko arrantzaleentzat. Hobeto esanda, beste era bateko konfinamendua izango dute gaurtik aurrera. Izan ere, hegaluzearen arrantzaldiari ekingo diote eta ontzitik atera barik egongo dira hurrengo asteetan. Goizeko zortzietan abiatu dira gaur Bermeotik Avileserantz eta bertako on-tzi bigaz elkartuko da Atlantikorantz abiatzeko. Itsas zeharkaldiari ekin aurretik, eta ohiturari jarraituz, Goienkale ontziak hiru bira egingo ditu Bermeoko hilerriaren aurrean eta beste horrenbeste Gaztelugatxe aurrean, santuak babes ditzan hegaluzearen arrantzaldian.

Kantauriko flotako ontzi gehienak antxoatan ari dira eta gainerakoak portuan lotuta daude hegaluzearen arrantzaldiari hasiera emateko prestatzen. "Gainerako ontziek guk baino beranduago ekingo diote hegaluzearen arrantzaldiari baina egia esateko, portuan lotuta egotea baino nahiago dut itsasora ateratzea. Portuan egonda ez da arrainik harrapatzen", adierazi du Enrique Zabaleta, Goienkale ontziko patroiak itsasora abiatu aurretik. "Etxean konfinatuta egoteko -gaineratu du- hobeto gaude itsasoan". Eusko Jaurlaritzak Covid 19 birusa detektatzeko frogak egin dizkiete ontzi honetako zortzi arrantzaleei eta guztiek negatibo eman dute.

Urteko lehen hegaluzeak aurkitzeko bidea luzea izaten da oso. Galiziako kostaldea atzean utzi eta hego-mendebalderantz egingo dute ontziek 36 paralelora arte, hortik behera debekatuta dutelako arran-tzan egitea. "Inoiz ez dakizu non aurki dezakezun hegaluzea. Urtero antzeko bidea egiten dugu lehen sardak aurkitu arte. Azores uharteetarantz hurbilduko gara eta ea zortea lagun dugun", azaldu du Zabaletak. Atlantikoaren erdialderaino helduko dira arrantzaleak, Finisterretik 600 itsas miliara.

Azken urteetako hegaluzearen arrantzaldiak oparoak izan dira oso eta arrantzaleek nahi baino goizago eten behar izan zuten jarduna, urteko harrapaketa muga bete ostean. Nolanahi ere, arrantzaleek ez dute ezer aurreratu nahi. "Itsasoan ezin da inoiz ezer aurreratu. Kostera guztiak ezberdinak dira eta ez dakigu zer gertatutako den hurrengo hilabeteetan" nabarmendu du Goienkale ontziko patroiak.

Aurreko urteetan hegaluze ugari sartu zen Bizkaiko Golkoan eta Kantauri itsasoan. Ondorioz, Kantauriko flotak lorturiko harrapaketa ia guztiak kostaldetik hurbil lortu zituzten. Aurten ere, antxoa asko dago eta ez da ahaztu behar hegaluzeak urtero Kantaurirantz egiten duen migrazioa trofikoa dela, hau da, atunak jatekoaren bila datoz. Kantauriko uretan arrain txiki ugari egotea lagungarri gerta daiteke hegaluzearen arrantzaldian.

Hegaluzearena urteko arrantzaldirik garrantzitsuena da Euskadiko baxura flotarentzat, antxoarena eta berdelarenarekin batera. Aurreko urtean 7.630 tona sartu ziren Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Arrainaren balioa 26,7 milioi eurokoa izan zen eta kiloaren batez besteko prezioa 3,51 eurokoa. Getariako kofradia izan zen hegaluze gehien saldu zuena 3.571 tona hain zuzen. 2.158 sartu ziren Hondarribian, 847 Bermeon, 741 Ondarroan eta 305 Pasaian.

Arrantzaldi laburra izan zen iazkoa. Izan ere, harrapaketak ugariak izan ziren kostera hasieratik eta abuztuaren 27rako ontziek porturako bidea hartu behar izan zuten urteko harrapaketa muga gaindituta. Aurtengo harrapaketa topea iazko bera da. Arrantzaleek harrapaketa muga handitzeko eskatu zuten ICCATen (Atlantikoko atunaren kontserbaziorako nazioarteko batzordea) urteko batzarrean baina batzordeak bere horretan utzi zuen TACa.

Hegaluzeak aurtengo kosteran izan dezakeen prezioak kezka sor-tzen du arrantzaleen artean. Izan ere, covid-19 birusak eragindako osasun-krisiak sortu duen salbuespenezko egoeraren ondorioz, berdela, bokarta, lebatza eta beste espezie batzuk ohi baino merkeago saltzen ari dira. "Ez dakit zer gertatuko den baina ikusita beste arrain batzuren prezioa merkatu egin dela, kezkatuta goaz itsasora. Nolanahi ere, apurka-apurka egoera hoberantz doala pentsa dezakegu eta gizartea ere normaltasunera itzultzen bada arrainaren prezioa ere parametro normaletan ibiltzea espero dugu", adierazi du Enrique Zabaletak.