Traktorearen atoia

Horrela, azalpen gehiagorik gabe deskribatu dute Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek Bilbon zabaldu berri duten espazioa, Atoi. Tractora Koop E. artisten kooperatibaren beharrei eta euren desirei erantzuten die traktorearen atoia izango denak

02.11.2021 | 08:59
Bilbon dago Atoi espazioa, Iparragirre kalean

USUE Arrietak eta Ainara Elgoibarrek oraindik ez dute argi zer izan behar duen Atoik. Berez, beraien proiektuak aurrera ateratzeko eta lan egiteko prozedurak partekatzeko sortu zuten espazioa. Zertan amaituko duen, ez dakite. Beste artista batzuekin egiten duten lanaren ondorio izatea nahi dute.

Hasiera batean Tractora Koop E. artisten kooperatibarentzako bulego baten beharretik sortu zen espazioa sortzearen ideia. 2013an sortutako kooperatiba da Tractora, eta landa lanarekin lotuta dauden diziplina anitzeko bost artista esperimentalek osatzen dute: Usue Arrietak, Ainara Elgoibarrek, Vicente Vázquezek eta Marc Vivesek hastapenetik, eta 2018tik Nader Koochakik. Orain arte ez zuten egoitzarik, bai ordea horren beharra, lan tresnak gordetzeko, artxiborako, bulego finkoa izateko, eta, bereziki, elkarlanerako topagune bat izateko. "Tractora beti erabili dugu gure desirak aurrera eramateko, eta o-rain gure lan prozesuak parteka-tzeko gogoa genuenez, hori bideratzeko Atoi sortu dugu", azaldu du Usue Arrietak.

Ekainaren 26an zabaldu zituzten espazio berriaren ateak Bilbon, indartsu egin ere. Inaugurazio hirukoitza egin zuten: espazioarena berarena, Foku programaren barruan Iñaki Garmendiaren Ratatatat erakusketarena, eta Barrunbe programaren barruan Carlos Garcíaren Normaltasuna fabrikan lanarena. Azken honek Atoiren altzariak eta eskailerak egin ditu egonaldi programaren baitan.

Artistak sakon ezagutzen

Foku Atoiren erakusketa-programa da. Egungo kontestuan esanguratsuak diren artisten ibilbidea nabarmentzea du helburu, ikerketa eta bilketa lan sakon baten emaitza. Horrela egin dute Iñaki Garmendiarekin lehen Fokua aurkezteko, eta aurrerantzean ere era berean lan egiteko asmoa adierazi dute Arrietak eta Elgoibarrek. Bien ibilbidea gogotik markatu du Garmendiaren lanak, orain 20 urteko eszenan oso artista esanguratsua izan zelako. Eta, hala ere, sentsazioa zuten ez zutela bere lana sakonean ezagutzen, ez zituztela bere lan guztiak ikusita. Hori horrela, Garmendiari berari proposatu zioten elkarlanean Atoiren lehen erakusketa prestatzea, eta honek onartu.

Aurrerantzean gauzak ez ziren espero bezain xamurrak izan. Ideia proposatu eta gutxira konfinamendua etorri zen, eta urte bereko abuztuan lokala urez bete zitzaien. Ezbeharrak ordura arteko lan guztia hondatu zuen, baina ez zituen artisten asmoak kikildu. Aurretik Atoirentzako parket bat prestatzen ari zen Carlos Garcíaren lana ere, ezerezean utzi zuen uholdeak. Orduan, espazioa goitik behera zaharberritzea erabaki zuten. Eta horrela, Garcíak Atoiren altzariak eta bi solairuak elkartzen dituen eskailerak diseinatu zituen. Garmendiak, aldiz, Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar espazioa nolakoa izango zen pentsatzen ari ziren aldi berean prestatu zuen bere erakusketa. "Zorte handia izan dugu, arrisku asko hartu ditugulako denok. Espazioa eraikitzen joan gara erakusketa sortzen gindoazen aldi berean. Laurok egon gara elkarlanean, elkar elikatzen, batera erakutsiko zen zeozer presta-tzen", azpimarratu du bikoteak.

Ohituta ez dagoenari deigarria egingo zaio, baina Atoin ez dute lan egiteko beste modurik ulertzen. Artearen dimentsio oro landu daitekeela uste dute, ez dagoela kudeaketa hutsa den artearen administrazioa eta sormen guztiaren isla den objektua bereizterik. "Sormena eta esperimentazioa eman daiteke artearen alor guztietan", uste du Arrietak. Gaineratu du: "Guk dena osotasun gisara ulertzen dugu, kontestua ere objektuaren parte da, ez dugu bereizketarik egiten".

Argiak eta ilunak

Atoiren atariko ate horia gurutzatzen duenak zuritasuna nabarituko du kolpean, hormaren koloreak eta Garmendiaren eskulturek lagunduta. Pare-parean aurkituko dituen eskaileretan behera egitea erabakitzen badu, ordea, bat-bateko iluntasunak irentsiko du. Kontraste lagungarria Ratatatat erakusketaren parte den ikus-entzunezko instalazioaren atmosferan sartzeko. Garmendiak grabatutako hamabost minutuko bideo-pieza da. Eskaileretan gora eginda, argazki-pieza batekin egingo du topo bisitariak. Nolanahi ere, Ratatatat ez da Atoiren bi solairu horietan dauden instalazioekin amaitzen, sarean ere badu jarraipena. Foku.info webgunean jaso dituzte artistaren bideo guztiak eta bere obraren inguruko beste hainbat lan.

Webgunea erakusketaren parte bezala ulertu behar da. Azaroaren 13an itxiera ekitaldia egiten dutenean bideo guztiak ezabatuko dituzte bertatik. Horregatik goraipatu dute Arrietak eta Elgoibarrek bilduma, ez baita erreza Garmendiaren lanak online ikustea, are gutxiago denak batera. Atzera begirada honetan, Garmendiaren bideoez gain Leire Vergarak idatzitako testu batzuk eta Mikel Onandia historiagileak egindako bibliografia arrazoitua ere jasotzen dira bertan.

Esan bezala, azaroaren 13ra bitarte dago Ratatatat ezagutzeko aukera, bai eta Atoi bera zein Carlos Garcíaren Normaltasuna fabrikan lana ere. Astearte eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara izaten dituzte ateak zabalik publikoarentzako, baina ordutegiz kanpo joan nahi duenak aukera dauka hitzordua adosteko tractorakoope@gmail.com helbidearen bitartez.

noticias de deia