Engainu bisualak bide

Patroiak eta diseinu geometrikoak dira Malus Arbide artista donostiarraren lan-ardatz nagusia. Bilboko La Taller galerian azken lau urteetako lanen aukeraketa bat aurkeztu du 'INDEX' erakusketaren baitan

13.03.2021 | 11:30
Irudian, Malus Arbide artista donostiarra La Tallerren duen erakusketan.

Apirilaren 2ra bitarte bisitatu daiteke Bilboko Santutxu auzoko La Taller galerian Malus Arbideren INDEX erakusketa. Azken lau urteetan egindako lanen aukeraketa bat da. Teknika eta material desberdinak erabili ditu diseinu geometrikoekin eta abstraktuekin jolasteko, efektu optikoen, haluzinazioen eta engainu bisualen bila.

Bilaketa hori, aitzitik, aspaldi hasi zuen Bilbon bizi den artista donostiarrak. Ibilbide polifazetiko luzea du bizkarrean eta azken aldian "ingurune digitalaren eta artisau-tzaren artean sortzen diren tentsio eta harmonietan" sakondu du bereziki. Erakusketa honek baliabide bisualen aberastasunaren inguruko hausnarketa luzea du oinarri, tartean, ilustrazio zientifikoa, vintage moda-diseinua, irudikapen matematikoak, efektu optikoak, etab.

Pinturatik abiatu zuen Arbidek bere ibilbide profesionala, eta pixkana motibo errepikakorretara jo zuen. Azken aldian patroiak sortzen eta euskarri desberdinetan aplikatzen ditu. Ehun-estanpazio digitaleko ikastaroak ere ematen ditu hainbat lekutan, Bilbao Artean, Donostiako Tabakaleran edo Getariako Balen-tziaga museoan, besteak beste. Museoen dendetarako ere diseinuak egiten ditu enkarguz.

Amaierarik gabeko zirkuitua

Arbideren lan prozesua ez da inolaz ere lineala. Lan birtualetik eskuzkora etengabe egiten du jauzi. "Amaierarik gabeko zirkuitua dirudi, bi noranzkoetan", argitu du. Azaldu duenaren arabera, sortze prozesua "berehalakoa izan daiteke", edo luze jo dezake interesgarria irudi-tzen zaion elementu bat aurkitu eta lantzen duen arte. Askotan "beste zerbait bilatzen" ari dela gertatzen da hori. "Lan asko amaituta zeudela pentsatu izan dut, eta, azkenean, aldaketa gehiago aurkitu dizkiet, beste akabera-mota batzuk emanez edo beste teknika batekin landuz. Oso prozesu zabalak dira".

Iragan martxoko itxialdiak sormen prozesu horretan mesede egin diola ere aitortu du artistak. Beste eran-tzukizunik gabe, entrega-eperik eta presiorik gabe, "esperimentaziorako eta lan-prozesu mentalean sakontzeko askatasuna" eskaini dio.

Akats-bisualen atzetik

Aipatu bezala, bilaketa sakona du atzean INDEX erakusketak. Bilboko Zumarraga kaleko La Taller galerian bildu ditu inprimatutako ehunak, paper gaineko marrazkiak, pinturak, serigrafiak, infografiak eta jan-tziak, baita erakusketan nabarmen-tzen den instalazio handi bat ere. Azken hau artistak 1998 eta 2016 urteen artean egindako diseinuen artxibo digital zabalarekin inprimatu da.

Lan berriagoak ere badaude, besteak beste, egitura abstraktuak eta geometrikoak irudikatzen dituzten pastel eta gouache marrazkiak edo diseinu geometrikoekin inprimatutako ehunak. Bestalde, erakusketaren atal bat marrazkia, infografia eta argazkigintza uztartuz diseinatutako alkandora estanpatuek osa-tzen dute. Ebaketa eta patroigintza klasikoaren bitartez sortu ditu berariaz erakusketa honetarako, eta beste diseinu batzuk ausaz nahasiz hiru dimentsioko bizia eman die. Erakusketako lan guztiek dute harremana euren artean. Oihal batean inprimatzen duen patroia hurrengo pinturan antzeman daiteke, edo bilaketa beraren emaitza desberdinak izan daitezke.

"Bisualki anbiguoak diren gauzak" interesatzen zaizkio Arbideri. Geometriatik, efektu optikoetatik, eskema estatistikoetatik eta formulazio matematikoetatik asko edaten du. "Ikusmen-akatsak gustatzen zaizkit, gauza bat diruditen eta beste bat diren irudiak, begibistan zer diren ez dakigun objektuak, baina esanahi bat dutenak, etab.", zehaztu du. "Eskema estatistikoek, adibidez, itxuraz konposizio abstraktua dute, baina objektiboki interpretatu daitezke, eta edukia atera daiteke bertatik". Formulazio matematikoekin horrela jokatzen du. Zenbait aplikazio informatikoren iragazkitik pasatuta emaitza bisualak lortzen ditu, gerora manipulatu eta patroiak sor-tzeko.

Nola bisitatu

Apirilaren 2ra arte dago INDEX ikusgai La Tallerren. Sarrera librea da eta galeria zabalik dagoen edozein unetan bisitatu daiteke, baina osasun-neurriak direla-eta edukiera mugatuta duenez, hala nahi duenak www.lataller.com helbidean eskatu dezake hitzordua.

Malus Arbideren lanean interesa duenak, gainera, Euskal Museoan duen beste erakusketa bat bisitatu dezake. Konfinamendu ostean Bilbao Arte Fundazioak sortutako Ekaitzaren ondoren deialdiari esker antolatutako erakusketa kolektiboa da, beste 25 artistekin batera osatua. Proiektuok konfinamenduak artistei eta arteari eragindakoez hausnartzen dute eta Arbiderena Euskal Museoan dago ikusgai, beste batzuekin batera. "Lan horren zati handi bat INDEX erakusketarekin dago lotuta, aldi berean egin nuelako. Elkarrekin oso ondo azaltzen direla uste dut, norbaitek interesa izanez gero bi erakusketak ikusita askoz hobeto ulertzen direla uste dut", luzatu die gonbidapena herritarrei.