Bidaia koadernoa

Peruko koloreak I: Gorrixka

Ozeano bareari begira, Peruko kostaldea basamortu huts bat dirudi lehen begiratuan. Kolore anitzeko hondarrez margotua, Paracaseko erreserba nazionalean basamortua biziz beteriko leku eder bat dela ikusi dugu

08.03.2021 | 13:34
Peruko koloreak I: Gorrixka

Margoa erdi eroria duten txalupak elkar kolpatzen ari dira, itsasotik datorren haize ahularen eraginpean. Itsas portuetako berezko han-hemenkako zaratek, isiltasuna modu lasaian betetzen dute. Eguzkiak, urdina zen zerua sugarrez bete du ilunabarrari hasiera emanez. -Udatiarrak joan egin dira, eta orain hemen lasaitasuna besterik ez duzue topatuko. Gaizki zabiltzate festa bila bazatozte. Eskertu egin dizkiogu hitzok aurpegi zailduko gizon edadetuari. Inguru honek eskaintzen dituen paisai eta animaliez gozatzera etorri garela adierazi diogu. -Bete betean asmatu duzue bada, hori besterik ez duzue topatuko eta. Peruko leku ederrenean zaudete! Norberak bere herriari eskaintzen dion deskribapen puztuan kokatu dugu bere iritzia, baina egun batzuk ditugu egiatik zenbat eta harrokeriatik zenbat duen jakiteko.

Peruko hegoaldeko kostaldean dago kokatua Paracaseko erreserba nazionala. Kostalde guztia basamortu hutsa da eta autobuseko leihoaren barnealdetik, inolako pizgarri gabea lehen begiratuan. Paracas herria bera, arrantza portu txiki bat eta turistentzako hamaika hotel eta ostatuz osatua, ez du ezer interesgarririk. Are gutxiago abuztua eta harekin batera turistak joan, eta irailaren etorrerarekin bisitarien hutsunea iritsi den honetan. Bidai agentziak, euren eskaintzen horma-irudiak begi bistan dauzkate oraindik, nahiz eta bulegoetan (lau argazkidun gela bat, mahai bat eta koaderno bat) ez den inor ageri.

Paracas penintsula lurrez ezagutu nahi dugu lehenik. Oinez egiteko zabalegia denez, eskaintzen zaizkigun beste aukerak aztertu ditugu: autobus kolektiboa, autobus pribatua (arrunta edo VIP), gidaridun furgoneta (aire girotuduna edo gabea), 4x4 ibilgailua, buggy-a, quad-a eta motozikletak. Ez gaitu ez batak ez besteak asebetetzen. Bidai agentzia batean, bazterrean dauden bi mendiko bizikletengatik galdetu dugu. -Alokatzeko al daude? -Beno, nireak dira, baina akordio batera irits gaitezke, noski.

Badira kilometro batzuk erreserbako sarrerako garita atzean utzi dugula. Paisaia antzekoa da 360 gradutan zehar, baina alde batera eta bestera gabiltza begira etengabe, irribarretsu. Basamortua eta bizikleta, askatasunaren konbinaketa perfektua da. Hegalak dauzkagu, gure gainean hegaka igarotzen diren ehunka txoriek bezala. Metroz metro, zeharkatzen dugun hondarra kolorez aldatuz doa, akuarela handi batean bagina bezala, orain gorrixka, orain horixka, orain marroixka. Playa roja izeneko hondartza basatira iristean, bizikletak albo batean utzi eta itsasertzean eseri gara, naturaren ikus-entzuneko eder batez gozatzeko.

Paracaseko erreserba nazionala sortzearen arrazoi nagusia, itsaso honek Humboldt itsaslasterrari esker duen elikagai kopuru handiari zor zaio. Buffet libreko menu honek, hamaika animalia espezie ezberdin erakartzen ditu bertara, izan arrain, hegazti, dortoka zein ugaztun handi. Zorionez, bazkal orduan harrapatu ditugu pelikanoak eta euren trebezia guztia erakusten ari dira. Airetik ur ertza zelatatuz, arraintxoen bila aritzen dira eta koitadu bat topatzean, gezi bat bailiran botatzen dira abiada bizian. Ikusgarria da ikuskizuna. Gupidarik gabeko bonbardaketa bat dirudi, Apocalypse now erara, baina guztiz era ekologikoan.

Penintsulako leku ezberdinak bisitatu ditugu, zein baina zein bakartiagoa, basatiagoa, ederragoa. Txoriak bezain libre sentitu gara, paisai zabalean haizea nora, gu hara, baina gure izter nekatuek habiaren goxotasunaren eske daude.

Goizean, esnatzerako unean, poztu egin gara gaurko egunerako txalupa baten gainean egin beharreko alfer-turismoa hautatu izanaz. Ordu erdi batez gora behera ibili ostean olatuekin jolasean, Ballestas uharteetara iritsi gara. Itsasoaren indarraz alde guztietatik zulatutako haitz hauek, hegazti batzuen joan etorrien helburua dela ikusten dugu urrunetik. Txaluparen motorra itzaltzean baina, milaka hegaztiren orro kaotikoek inguratuak gaudela ikustarazten digute. Harkaitzak literalki txoriez estaliak daude. Txoriez eta euren gorotzez, noski. Gorotz hauek, guano bezala ezaguna dena, Peruko historiako loraldi ekonomiko garrantzitsu baten (eta baita guda batzuen) erantzule zuzena izan zen, mundu mailara esportatzen zen baliabide preziatua izan baitzen urte luzez.

Hegaztiak ez ezik, Humboldt pinguinoak eta itsas lehoiak ikusi ahal izan ditugu. Azken hauek, harkaitz gorrixkaren gainean etzanda, udatiarrak Zarautzeko hondartzan egon ohi diren moduan daude, patxadaz baina lekutik alde egin gabe. Lehorrerako bidean, pelikanoak ur ertzetik zentimetro gutxira planeatzeko duten gaitasuna erakutsi digute, arrain hegalariak euren mundu likidotik atera eta airean hegan egiten duten bitartean. Txundituta, txalupako kapitainari azalpen eske hasi naiz eta portuko gizon zaharra dela ohartu naiz: -Esan nizuen, Peruko leku ederrenean zaudete!

noticias de deia