Trilogia baten azken pieza ari da osatzen Iratxe Fresneda zinemagilea (Arrigorriaga, 1976). Tetuan dokumentalak itxiko du Irrintziaren oihartzunak eta Lurralde hotzak lanekin abiatutako zikloa. Dokumentala udaberri aldean grabatzen hasi eta 2022an estreinatzeko asmoa daukate, betiere, kontuan izanda egungo osasun egoerak prozesua baldintzatu dezakeela. Dirua biltzeko eta proiektua gizarteratzeko crowdfunding kanpaina bat egin dute.

'Tetuan' izeneko dokumentala prestatzen ari zara. Zertan datza?

Migrazioari buruzko istorio bat da Tetuan. Etorkin kontzeptuaren bestelako aurkezpen edo definizio bat bilatu nahi nuen, eta hori ari naiz lantzen. Transmititu nahi dut guztiok garela hemengoak eta hangoak; gizakiok mugimenduan bizi gara. Bestearen dikotomiarekin apurtu nahi dugu, gizartean dauden mezu xenofoboei aurre egiteko.

Hainbat protagonistaren bitartez landuko duzue gai hori.

Lau etorkinen bizitzak bilduko ditugu Tetuan-en. Era espresionista batean egingo dugu, beraiei ahotsa emanda. Bi protagonista iraganekoak dira, desagertuak, hilda daude jada. Horietako bat Anne Marie da, Suitzako argazkilari bat. Bestea, berriz, Karmelo, nire aita. Bidaiariak ziren biak, eta oso harreman estua zuten argazkilaritzarekin. Orainaldira etorrita, Europako belaunaldi berrien bi adibide aurkeztu nahi izan ditugu pelikulan. Horiei lekua egiteko eta ahotsa emateko daude Mohamed eta Irina. Mohamed Saharako gazte bat da, eta han-hemenka ibili izan da. Bere herria oso une latzak bizitzen ari da, eta bera ere ez dago egoerarik onenean. Irina Euskal Herrira etorritako beste neska gazte bat da, Errumaniakoa jaiotzez.

Beraz, lau protagonistek komunean dutena migrazioa da?

Nomadak dira guztiak. Ihes egin behar izan dute beraien herrialdeetatik edo bestela, aldendu egin dira bestelako bizitza baten bila. Sarri, arazo soziopolitikoak egon dira tartean.

Zer da ikusarazi nahi duzuna?

Helburua da etorkinen inguruko bestelako irudi batzuk erregistratzea edo erakustea. Edonor izan daiteke etorkina, eta uste dut beharrezkoa dela pentsatzea nola ikusten ditugun besteak eta zergatik epaitzen ditugun. Ez dugu gure jaioterria aukeratu; hausazkoa izan da, eta ez dira bidezkoak horren ondorioz jasan behar izaten diren estereotipoak edo marjinazioa.

Zergatik aukeratu duzu Tetuan hiriaren izena dokumentalaren izenburu gisa?

Abiapuntu bat da Tetuan. Adierazten du hemendik eta une honetatik idatzita dagoela. Tetuan besteak dira, ez da Euskal Herria. Horri garrantzia eman nahi genion, eta, nolabait, bestea bezala ikusi ohi dena gurera ekarri. Horrez gain, kontuan izan behar da nire aitaren istorioa bultzada bat izan dela hirugarren pelikula hau osatzeko. Tetuanen hezi zen nire aita, Karmelo, eta horrek eragina izan zuen Euskal Herrira bizitzera etorri zenean. Nire aitaren inguruko istorioak eta bizipenak jaso nahi izan ditut, baita berari lotuta etor daitezkeen hamaika pertsonarenak ere.

Zein puntutan dago dokumentala?

Gure asmoa da udaberrian grabatzen hastea, udaberritik udarako tartean. Egungo egoeran oso konplikatua da. Baliabide asko behar dira, eta diru aldetik ere, gastuak lehen baino handiagoak dira, osasun froga ugari egin behar dira eta. Baina ez hori bakarrik; zaila da herrialde batzuetara sartzeko baimena izatea. Esan beharra dago filma oso garatuta dagoela, baina finantziazio bidean gabiltza oraindik, lantalde handia behar delako dokumental hau grabatzeko. Hori horrela, lantalde profesionala eta finantzazioa bilatu behar da. Horretarako bidaideak ditugu Marmoka Filmseko kideak, baita Akitaniako beste produktora batekoak ere eta Euskal Herriko beste batzuk.

Egungo egoera dela eta, beste herrialde batzuetara joatea nekeza dela komentatu duzu. Non grabatzeko asmoa daukazue?

Filmaren %80a Euskal Herrian grabatuko dugu, protagonista guztien bizitzek bide garrantzitsua izan dutelako hemen. Artxibo irudiak ere hemengoak izango dira batez ere. Hala ere, tarteka Madril, Almeria eta Tetuan ere azalduko dira, eta behar bada Errumaniako Danubio aldea.

Crowdfunding bat jarri duzue abian dokumentala sortzeko dirua biltzeko. Zer harrera izan du?

Izugarria izan da jaso dugun eran-tzuna. Verkami plataformaren bitartez, 15.000 euroko eskaera egin genuen, eta bidelagun pila bat aurkitu ditugu. Komunikabideen arreta ere itzela izan da. Euskal Herriko ia hedabide guztiek idatzi dute zerbait gure proiektuaren inguruan, eta Estatuko hainbat komunikabideek ere deitu digute. Horrez gain, hainbat erakundetatik etorri dira guregana proiektuaren inguruko interesa adieraztera. Oso pozik gaude, eta oso eskertuta, gainera.

Izan ere, zuentzat hori ez da dirua lortzeko modu bat bakarrik izan.

Gure finantzazio planaren barruan crowdfundinga oso parte txikia da. Kontua da gure asmoa ez zela bakarrik dirua lortzea, baizik eta proiektua gizarteratzea, eta proiektua martxan jarri zen unetik jendea gurekin etor-tzea; konplizeak lortzea, nolabait. Hori izan da gure lehentasuna, eta uste dut lortu dugula.

Zuretzat zer da 'Tetuan'?

Niretzat salto handi bat izan da. Aurretik egindako pelikulak 'do it yourself' izan ziren, eta oraingoan produkzioa handiagoa da. Bi pertsonaren eguneroko bizitzak jarraitu nahi ditugu, adibidez, eta hori grabatu ahal izateko beharrezkoa da lantalde handiagoa izatea. Niretzako erronka bat da. Gainera alde pertsonala ere badu dokumental honek, nire aitaren bizitza ere jasoko baitu.

Zuzendari eta gidoilari moduan egiten duzun hirugarren lana da. Nabari duzu bilakaera bat izan duzula?

Esperientziak eta eskarmentuak ezagutza ematen dute. Uste dut proiektu bakoitza mundu bat dela; bakoitzak bere plangintza eta finantzazio eredua dauka, esaterako. Proiektu bakoitzarekin gauza berriak ikasten dituzu. Nire kasuan, zeharo ezberdinak dira sortu ditudan hiru pelikulak. Esan beharra dago badaukatela harreman bat: artxibo irudiaren trataera egiten da hiruretan, eta asmoa izan da pertsona ezezagunak gurera ekartzea. Dena den, oso pelikula ezberdinak dira, zentzu guztietan.

Zuk sortutako hirugarren lana bada ere, aurretik ikus-entzunezkoen munduan aritu izan zara.

Hogei urte ingururekin hasi nintzen EiTBn lanean, irratian, eta ordutik denetarik egitea tokatu zait: produzi-tzea, idaztea, lokutatzea, zuzentzea edo grabatzea, adibidez. Bide luzea izan dut, bai.

Denbora horretan zu aldatuko zinen, baina sektorean ere izango zen bilakaera bat.

Ni lanean hasi nintzenetik eraldatu egin da ikus-entzunezkoen sektorea. Oso bizkor joan da dena. Hori sentitu dut nik behintzat. Gogoratzen dut praktikak egitera hasi nintzenean, bobinak erabiltzen zirela irratian. Digitalizazioa iritsi zenean nabaritu genuen aldaketa. Hasieran, Internet ez zegoen oso hedatuta, eta liburuak erabiltzen genituen lan egiteko, baita paperezko egunkariak eta aldizkariak ere; dena analogikoan. Apurka-apurka, Interneti ematen gehien erabilera areagotzen joan zen, eta sekulako iraultza izan zen hori. Hala ere, ez genuen pentsatzen gaur egungora iritsiko ginenik.

Zer aldatu da?

Nire ustez, gauza oso inportante bat aldatu da: pentsatu ohi dugu gure ordenagailuan dena dagoela, eta uste horrek eramaten gaitu pentsatzera gure buruetan ere dena dagoela. Oso arriskutsua da hori. Izan ere, guk jakintza suspertzen ez badugu, ez da garatuko. Nahiz eta ordenagailuetan egon, ez da gure buruetan egongo, eta ezingo dugu erabili analisiak egiteko eta pentsamendu kritiko bat izateko. Ezta pentsamendu sortzaile bat izateko ere. Kezkagarria iruditzen zait hori. Garrantzitsua da dauzkagun erreminta teknologikoei behar bezalako erabilpena ematea.

Ikus-entzunezkoetan doktore zara. Horrek sektorea beste modu batera ezagutzeko aukera ematen dizu?

Obrak aztertzen aritu izan naiz, teoria ikasten eta lantzen. Horrek gauzak begiratzeko eta egiteko bestelako prestakuntza edo marko teoriko bat eman dit. Ez dakit hobea edo txarragoa den, baina bestelakoa. Denbora asko pasatu dut horretan, eta horregatik hasi nintzen hain berandu zuzendaritzan. Hala ere, pozik nago egin dudan ibilbidearekin, eskura izan dudalako ezagutza eta aukera izan dudalako ikasteko. Pila bat gustatzen zait ikastea.

Nola ikusten duzu sektorea?

Aukera handia dago; inoiz ez da horrenbesteko aukerarik izan. Zinemaren kasuan, eraldaketa bat suposatuko du azken urteetan iritsi diren plataformek. Orain jende askok zinea etxean kontsumitzen du, baina uste dut etorriko dela zine aretoen loraldi bat. Batez ere bizi izan dugun egoerarengatik. Izan ere, behartu gaitu bakardadean ikustera filmak, gure etxean, eta zine aretoek bestelako gauza batzuk eskaintzen dizkigute: isiltasuna, kontzentrazioa edo ikustaldia era komunitario batean egitea. Esperientzia hori oso berezia da. Gainera pelikula batzuk eginda daude pantaila handian ikusteko. Horretaz aparte, nire iritziz, Euskal Herrian arretaz jarraitu behar dugu sektorearen bilakaera. Ezin gara olatua pasata dagoenean surf egiten saiatu; orain surfeatu behar dugu olatu hori.