Willis Drummond

Atzera berriz lau

'Garai bereziendako kontzertu berezia' bira iragarri du Willis Drummond taldeak abendutik hasita. Laukote moduan aurkeztuko dira berriz,
kide berria dute-eta taldean, Vincent Bestaven

08.12.2020 | 18:34
Laukote gisa igoko dira oholtzara abenduan.

Iaz kaleratu zuen Willis Drummond taldeak bere estudioko seigarren diska, Zugzwang (Tabula Rasa, 2019). Euskal Herrian aurkeztu ostean, mundu-birari ekin zion Jurgi Ekizak, Xan Bidegainek eta Felix Buffek osa-tzen duten hirukoak: Japonia, Australia, Tahiti... Euskal Herriko birari ekin behar ziotenean, ordea, koronabirusaren pandemia iritsi, eta bertan behera utzi behar zituzten kontzertuak. Sei hilabeteren ostean, oholtzara bueltatzeko prest eta "gogotsu" dira taldekideak. Oraingoan kide bat gehiagorekin, izan ere, Vincet Bestaven batu zaie taldera.


Udan elkartu zen berriz taldea, egoera berezi honi aurre egiteko irtenbideen bila. Taldeko Xan Bidegainek azaldu duenez, ez zeuden ohiko kontzertuak egiteko asmoarekin: "Kontzertu normal bat egitea eta publikoa eserita eta maskararekin ikusi behar izatea arraro egiten zitzaigun". Emanaldiak egiteko modu desberdina planteatu zuen orduan, eta horrekin batera, laugarren kide bat txertatzearen beharra izan zuten. Hiruzpalau izen proposatu zirela kontatu du Bidegainek, tartean Bestaven bera.


Vincent Bestavenek gitarra, teklatua eta koroak jarriko dizkio taldearen etapa berriari. Botibol izenez aritu izan da bakarlari modura, eta hain zuzen ere, Willis Drummond taldeko bateria jole Felix Duffek hainbatetan egin izan ditu kolaborazioak Bestavenekin batera, azken diskoan, esaterako. Gainera, taldekideen aspaldiko laguna da, eta beraz, "oso modu naturalean" integratu dela diote taldekideek. Bestaven, halaber, taldearen zalea izan da urteetan. Ez dira zerotik hasi eta erraz hartu diote martxa elkarri.

Mahaiak izerdiaren truk

"Aurreneko kontzertua dugu jarririk den publiko baten aurrean" aitortu du Bidegainek. Orain arteko kontzertu gehienak "izerdia botatzeko" edota "buiaz eta saltoz" beterik zirela kontuan hartuta, zain dira abiatuko duten biraren bezperetan. Garai bereziendako kontzertu berezia izeneko bira prestatu dute, eta aurreratu dute alderdi "kañeroa" alboratuko duten arren, musikari garrantzi berezia emango diotela: soinu anbientalagoak landu dituzte, eta Euskal Herrian beste musikari batzuk jorratzen hasi diren soinuen oihartzuna ere izango da: "Kantuak moldatu ditugu, baina energia mantenduko dugu". Hala ere, prest azaldu dira ahal den azkarren betiko kontzertu moldeetara bueltatzeko, baina egoeraren bilakaerak asko baldintzatzen ditu: "Momentuz ohitu beharko gara halakoak egitera".


Astelehenean izango dute lehen kontzertua hilabeteak eta gero, Errenteriako Niessen aretoan. Sarrerak salgai jarri eta hamar minutura agortu ziren, baita Oñatin hilaren 12rako prestatu dutenerako. Gasteizen emanaldi bikoitza eskainiko dute datorren urteko hasieran, lehenengoaren sold out kartela eskegi baitute. "Ematen du jendeak baduela Willis Drummond entzuteko gogoa" esan du Bidegainek, eta hala segitu du: "eta guk kriston gogoak jotzeko". Hala ere, bada oraindik hurrengo hilabeteetan paradarik Baionako taldea ikusteko: Azpeitiko Soreasu Antzokian, abenduaren 19an; Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, urtarrilaren 16an (bigarren emanaldia); Andoaingo Bastero Kulturgunean, urtarrilaren 22an; eta Biarritzeko Atabal aretoan, urtarrilaren 30ean. Beste emanaldi batzuk ere izango direla iragarri dute.

Etxealdia oztopo

Espainiako eta Frantziako gobernuek martxoan hartu zituzten neurriek asko zaildu zuten hasieran taldearen jarduna, eta nor bere etxetik aritzen zen entseguetan. Neurriak gora-behera, lortu dute lanbide eta afizio dutenari eustea, eta prest dute jada aurki Euskal Herriko aretoetan eskainiko duten emanaldi berezia: "Irailean Larrun mendiko borda batean izan ginen, COVID19tik urrun, dena prestatzen".

Bere aldetik, Xan Bidegainek kontatu du birusa birritan izan duela, eta "gogorra" izan dela oso. "Musika urrun sentitu dut konfinamenduan, eta nigandik are urrunago". Indarrak berreskuratzen dabilela adierazi du, eta "gogotsu" dela kontzertuak emateko berriz. Izan ere, taldeak egin zuen azken biratik asko igaro da, eta umorez hartu dute egoera bera: "Mundu birari Koronabirus tour esaten diogu, gaitza zabaltzen hasi zen bitartean, gu ere handik hara ibiltzen ari ginelako". Orain, segurtasun protokolo guztiak bermatuko dituzten ekitaldiak eskainiko dituzte, eta jendeak arduraz jokatuko duelako itxaropena dute.

noticias de deia