Erakusketa

Mende bateko bidaia haurtzarora

14.01.2020 | 18:51
Erakusketan paratu duten latorrizko ibilgailuetako bat

Haurtzaroa izan ohi da bizitzan aztarna ederrena uzten duen garaia, eta une labur batez bada ere edozeinek atsegin du denboran atzera bidaia egitea, zoriontsu zen garaietako uneak berriz gogora-tzeko. Hain zuzen, denboran atzera bidaiatzeko saiakera hori egiten ahalegindu dira Gasteizko Vital Fundazioan, eta horretarako haurtzaroari loturiko sinbolo esanguratsuenak, hots, jostailuak eta panpinak, bildu dituzte 100 urte, 100 jostailu erakusketan. XIX. mendearen amaieran sortu zirenetik ehun urtetan zehar jasotako jostailuak dira denak. Arduradunen arabera, "mende oso batean zehar sortutako diseinu industrialeko bitxiak" dira, eta helduenen nostalgiak azaleratzeaz gain, egungo etxeko txikienen sormena piztu nahi izan dute.

XIX eta XX. mendeko Europa mailako fabrikatzaile garrantzitsuenen piezen aukeraketa zainduan oinarri-tzen da erakusketa. Bertan ikusgai dauden aleetako asko bildumen arloan bakarrak eta beste hainbat orain arte beste erakusketaren batean aurkeztu gabeak dira. Hain zuzen, Jose Antonio Quiroga eta Covadonga Monte bildumagileek sortu dute erakusketa; Europa mailan jostailuen bilduma ezagunenetakoaren jabe dira Quiroga eta Monte.

GARAIKO ISLA Aretoan sartu eta erakusketan dagoen jostailu bakoi-tzak garaiko gizartean murgilarazten du bisitaria, asko aspaldi igarotako haurtzaroan barneratukoa dira berriz. Hain zuzen, hamarkada bakoitzean herritarrek zein entretenimendu modu zituzten ezagutaraztea izan da erakusketaren helburuetako bat. Halaber, ikusgai dauden objektuak gizartean hamarkada desberdinetan izandako aldaketa sozialen isla dira. Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioaren zuzendariak azaldu duenez, jostailu zein panpinak aldaketa sozio-ekonomikoei, teknikoei, kulturalei eta politikoei lotuak egon dira industria eta merkataritza garapena hasi zenetik, eta ordutik fase historikoetako jokabideen, ohituren, gertakarien, asmakizunen zein moden isla izan dira.

Garai bakoitzeko jostailu eskuraezin eta liluragarrienak batzen ditu 100 urte, 100 jostailu erakusketak. 1880. urteko karrusel bat da bilduman aurki daitekeen jostailu zaharrena. Bertako pertsonaiak bildumagileek banan-banan margoztuta daude eta oraindik ere mugitzen dira. Hamarkada bereko latorrizko gerraontzi bat ere ikus daiteke gertu. Bildumagileen esanetan, "bildumazaletasun pieza paregabea".

Latorrizko auto handiek, tren elektrikoek zein Mariquita Perez panpin ezagunek erakartzen dute batik bat bisitarien arreta. Horrez gain, egurrezko jostailu zaharrak, harri-kartoizko panpinak, gerraosteko trenak edota XX. mende erdialdeko plastikozko prototipoak ere gogoratu ahalko dituzte bertaratzen direnek. Ehun piezen artean, baina, panpinak nabarmentzen dira nagusiki: 1930. hamarkadako harri-kartoizko Peponak eta 1940-1950 urte bitarteko Mariquita Perez, Mari Pepa Mendoza, Gisela edota Cayetana. Oso estimatuak ziren panpinak garai haietan, nahiz eta edozeinen eskura ez egon. Lehenengo aleek 107 pezetako salneurria zuten eta langile baten hileko soldata 150 pezeta ingurukoa zen.

OBJEKTU ANITZAK Panpinez gain, baina, badago zer ikusi Gasteizko erakusketan. 1890eko diorama bat, XIX. mendearen erdialde eta amaiera arteko arbelezko edo berunezko figurak, 1902ko plataforma duen zaldi bat, 1935eko jostailu mekaniko onenetako bat, 1950. hamarkadako indioak eta bakeroak, mahai gaineko futbolin bat edota 1955. urteko Juegos Reunidos Geyper mahai jolasa ere ageri dira Vital Fundazioaren aretoan. Aitzitik, nabarmentzekoa da erakusketan garraiobideek duten atala. Besteak beste, bertan daude 1930eko Bugatti bat, plastiko zurrun eta latorrizko Tiburon Citroen Paya 1964an Espainiako Estatuan gehien saldutako jostailua, 1890eko San Luiseko lurrun-itsasontzi bat zein madelman modernoak.

Materialei dagokienez, nabarmena da latorriak hasierako jostailuetan zuen presentzia. Asko eta asko Euskal Herrian bertan egindako jostailuak dira. Denboraren bilakaerarekin, ikus daiteke plastikoak nolako indarra hartu zuen. Prozedura teknikoetan, bestalde, metalografia erabiltzen zuten XIX. mendeko jostailuetan eta, ostean, moldekatzera igaro ziren.

Erakusketan, halaber, jostailuekin zerikusia duten 160 argazki ere bildu dira, Ornia argazkilariak eginak. Horrez gain, jostailuekin batera pertsonaia historiko garrantzitsuen berrogei aipu ere bildu dituzte Fernando Martinez de Viñaspreren erakusketa diseinua duen aretoan. Martxoaren 29ra arte egunero  egongo da zabalik erakusketa. Sarrera doan da.