Zopa beroa, barazkiak curryarekin eta entsalada. Hiru plater, hiru herrialde. Kuchnia Konfliktu edo Gatazkaren Sukaldean gaude, Varsoviaren erdigunean kokatuta dagoen kultura anitzeko ekimenean. Sutegien artean hiru pertsona ikusten ditugu: Afganistango iheslari bat, Txetxeniako errefuxiatu bat eta Poloniako gazte bat. “Egunero menu finkoa daukagu eta ehun bat plater banatzen ditugu”, esan du harro Sultan afganiarrak. “Afganistanen gustuko nuen sukaldatzea, baina hemen desberdina da. Bezeroak pozik uzteko moduko platerrak egin behar ditugu”, irizten dio Sultanek irribarrea galdu gabe.

Ekimenak ez du parekorik Polonian, bada, lagun kuadrilla bati okurritu zitzaion errefuxiatuen inguruan zeuden estereotipo okerrak apurtzeko zerbait egin behar zutela. Estereotipo guztiak apurtu nahi dituzte horrela. “Bata bestearengandik ikasteko modurik eraginkorrena da sukaldaritza”, adierazi du Ignaz gazteak. “Polonian bizi diren migratzaileentzat arazo handia da bizitokia aurkitzea, baina are zailagoa lana bilatzea. Horretarako, poloniera ikasi behar da, hizkuntza benetan zaila, eta asilo eskatzaileei ez zaie inolako erraztasunik jartzen”, salatu du Ignazek.

Hala, jatetxean lan egiten duten errefuxiatuen artean kalean bizi zen neska bat dago. Ez zuen lana aurki-tzen eta tren geltokiaren aurrean bizi zen. Ignazek argi dauka: “Beldurrak eragiten du xenofobia. Polonia oso herrialde homogeneoa da erlijioaren eta gizartearen ikuspuntutik. Varsovia hiriburua den arren, zaila da beltzak edo hijaba daramaten emakumeak ikustea. Poloniarrek ez dute kontakturik errefuxiatuekin, beraz, haien gaineko estereotipo okerrak zabaldu dira”.

XENOFOBIAREN GORAKADA Datuek hala erakusten dute. Polonia osoan 20.000 migratzaile bakarrik bizi dira eta Varsoviako gobernuak ez du errefuxiatuak lekualdatzeko Europako Batasuneko hitzarmena onartu. Herrialdeak ez du 2015eko uholde handian iritsitako asilo eskatzaile bat bera ere hartu. Halarik ere, atzerritarren aurkako sentimendua eta xenofobia gorantz ari dira Polonian.

Horregatik, Gatazkaren Sukaldea ekimen iraultzaile bihurtu da. Jatetxeak duela bi urte ireki zituen ateak, eta, besteak beste, Txetxeniako, Irakeko eta Tajikistaneko errefuxiatuek lan egiten dute bertan. “Gaur nire eskualdeko postre tipikoa prestatu dut. Dastatu, ea gustatzen zaizun”, esan du Tetxeniako Zurak. Neska gazteak bi urte daramatza ekimen sozialean parte hartzen, izan ere, jatetxea ireki baino lehenago kamioi txiki batean sukaldatzen zituzten platerrak.

Zurak menu begetarianoa prestatu du, eta zopan sartuko dituen barazki-bolak borobiltzen ari da: “Oso errezeta sinplea da. Barazki-bolak patataz, azenarioz eta kipulaz eginak daude. Gero kurkuma eta kominoa botatzen dizkiegu”. Sukaldari gaztearentzat esperien-tzia aberasgarria izaten ari da Kuchnia Konfliktun parte hartzea: “Guztira sei errefuxiatu gara eta bakoitzak arrazoi desberdinengatik ihes egin du. Hemen topo egin aurretik ez genuen elkar ezagu-tzen, baina bata bestearengandik ikasi dugu. Elkartasunak batu gaitu”. Hasieran, ez zen erraza izan bezeroen konfiantza eskuratzea, baina platerren kalitateak eta errefuxiatuek sukaldaritzarekiko erakusten duten maitasunak ahosabai zorrotzenak ere konkistatu ditu.

Oro har, iheslari txetxeniarrak ez du politikari buruz hitz egin nahi, baina adierazi du esker onekoa dela Poloniarekin. “Egia da poloniarrak pixka bat hotzak direla hasierako kontaktuan. Hori hala izanik, helburua da herritarrek gu ezagutzea eta kanpotarrekiko beldurra galtzea. Janariak sabela bakarrik ez, kuriositatea ere pizten du”, adierazi du Zurak irribarrez. Eta horretarako hitz joko ederra asmatu dute Kuchnia Konfliktu proiektuko kideek. “Polonieraz hitz bera erabiltzen da gela eta bakea esateko. Hala, toki hau bakearen gela da”.