Datorren asteko asteazkenean, hau da, martxoaren 26an, Pablo Hernandok zuzendutako eta iaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen 'Una ballena' izeneko filma aurrestreinatuko da Bilbon, PreFANT zikloaren barruan. Proiekzioa Golem - Alhóndiga zinemetako 1. aretoan egingo da, 19:30etik aurrera. FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era ospatuko da.
Aurretik, goizean bertan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Pablo Hernando filmaren zuzendariak eta Ramón Barea protagonistetako batek aurkeztuko dute filma komunikabideen aurrean.
'Una ballena' Ingriden istorioa kontatzen duen thriller fantastiko bat da. Ingrid García Jonssonek antzeztua, portuaren kontrola lortzeko lehian dauden bi kontrabandisten artean harrapatuta dagoen hiltzaile profesional bat da. Protagonistak berezko trebetasuna du arrastorik utzi gabe infiltratzeko eta desagertzeko. Bere gaitasuna, berez, beste mundu batekiko lotura arraro batetik dator, pixkanaka errealitatearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean murgilduz doana.
Pablo Hernando gasteiztarra espainiar zinema berriaren ahots berezienetakotzat jotzen da. 'Una ballena' bakarkako bere hirugarren film luzea da eta harentzat ere idatzi du jatorrizko gidoia.
Edizio honetako PreFANT zikloaren bigarren hitzordua da hau, otsailaren 12an 'Daniela Forever' filma aurrestreinatu baitzen, Nacho Vigalondo zuzendaria bertan zela. Era berean, apirilaren 10ean 'La matanza de Texas' proiektatuko da, FANT Bilbao jaialdiaren 31. edizioko kartela inspiratzen duen filma. Hitzordua 19:30etan izango da Golem-Alhondiga Zinemetan. Sarrera librea izango da lekua bete arte, baina 16:30etik aurrera gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan.
Euskarazko film laburrak ekoizteko laguntza
Fantasiazko filmak erakusteaz gain, FANT jaialdiak ikus-entzunezko sorkuntzari laguntzea du helburu, Bilboko 2023 – 2033 Kultura Plan Estrategikoaren barruan Hiribilduaren kultur sorkuntza bultzatzeko dagoen ildo estrategikoari jarraituz. Ildo horretan, FANT jaialdiak euskarazko fantasiazko film labur bat ekoizteko proiektuak aurkezteko deialdia ireki zuen urtarrilean. Deialdiaren epea martxoaren 28an amaituko da.
Sari hau 5.000 eurokoa da eta irabazleei film labur bat egiteko aukera ematen die. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, gehienez 20 minutukoak.