Ostegun honetan, apirilaren 18an, Azkuna Zentroak kontzertu berezi bat jasoko du. Bertan, Garik & Maldanberak Behin bizitzea izeneko bere dizko berria aurkeztuko dute, euren esanetan bere "diskorik argitsuena" dena. Sarrerak dagoeneko salgai daude Azkuna Zentroko webgunean.

Behin bizitzea, sorpresaz beteriko diskoa

Sorpresaz beteriko lan honetan ere, bere taldekideen ezinbesteko laguntza izan du. Berez, Gariren zigilua daraman arren, Maldanbera taldeko kide guztiek egindako ekarpenez josita dago estudioko lan berri hau: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioa eta ahotsak) eta kide berria den Iker Lauroba (teklatuak eta ahotsak).

“Banda album” da. Izan ere, hasieratik taldean landu da eta, Gariren beraren hitzetan, bere “diskorik borobilena” da. Honen atzean entsegu-ordu asko, maketak eta laborategiko lan handia dago. Horien guztien emaitza da disko sendo hau, arrakalarik gabekoa. 

30 urteko bakarkako ibilbideko errepertorio ezagunenaren zati handi bat biltzen zuen Zuzenean 2022 zuzeneko lehen albumaren ondoren, Legazpiko abeslariak zazpi kanta berriren aldeko apustua egin du, letra izugarri ederrekin. Horietako gehienak egile ezagunek idatzi dituzte, hala nola Txuma Murugarren, Jon Benito, Karmele Jaio eta Iñigo Astizek.

Guztiek dinamika eta harmonia desberdinekin jokatzen dute, 60. hamarkadako sonoritate batera teletransportatzen gaituztenak. Gainera, letra eta musikaren uztartze horretan eta horien artean sortzen den harreman berezi horrek une jakin batzuetan “argazki imaginarioak” ekartzen ditu gogora; entzuleek disko berri hau entzuten duten bitartean birsortu ahal izango dituzten irudiak, alegia. 

Era berean, diskoaren azaleko irudiak eta lan osoaren diseinuak ere garrantzi handia dute. Hasieran aipaturiko jarrera artistiko berri horren isla dira. Horretarako, Garik Ignacio Saez-en laguntza izan du, eta artista polifazetiko zein margolari ezagunak, bikain islatu ditu Gariren ibilbideko inflexio-puntu berri hau eta diskoaren izenburuaren mezua bera: tokatzen zaigun bizitza bizitzearen garrantzia, bere gogoetekin, autokritikekin, kide garen komunitatearen parte aktiboa izatearekin eta maitasuna ematearekin, besteak beste.

Behin bizitzea 2024eko otsailean grabatu eta masterizatu da Elkarrek Adunan duen estudio berrian, Víctor Sánchez ingeniariaren gidaritzapean. Nahasketak aldiz, Unai Mimenzak egin ditu. Dagoeneko eskuragarri dago dendetan eta plataforma digital guztietan.