Azken boladan bi sarirekin errekonozitu zaituzte: Oarsoarrak Euskararen Saria jaso zenuen azaroan eta, igande honetan, Sabino Arana Saria jasoko duzu.

—Ez nuen horrelakorik espero, inondik ere. Harrituta gelditu naiz. Oso kontent nago, noski. Azkeneko urte hauetako lanaren errekonozimendu bezala hartu ditut.

Horrelakoak ibilbide baten aitor-tza izan ohi dira eta atzera begira-tzeko gonbita ere egiten dute. Iraganari buruz pentsatu ohi duzu?

—Bai, egin nituen gauzak eta nire kantagintzari errepasoa egitea beti da atsegina. Kantagintzari gauza asko zor dizkiot. Aukera izan dut Euskal Herria goitik behera ezagutzeko, hori gauza ederra da. Jende asko ezagutu eta lagun asko egin ditut. Nire buruarekin oso kontent nago, alde horretatik, behintzat.

Jende askorekin kolaboratu duzu.

—Batzuekin lan egin dut, eta beste zenbait jaialditan edo grabaketetan ezagutu ahal izan ditut.

Zurekin lan egin zuen Iñaki Beobide, Herri Gogoa diskoetxeko bultzatzailea, orain gutxi zendu da.

—Askotan ibili nintzen Iñakirekin lanean, denbora luzea pasa genuen elkarrekin eta Paco Miangolarraren Groseko estudioan. Oso tipo inportantea izan zen euskal kulturgintzan. Hark ere zeharkatu zuen Euskal Herri osoa, magnetofono batekin grabaketak egiten.

Kultur munduko leinu batetik zatoz.

—Nire etxean kultur giroa beti zegoen, batez ere, gure aitaren aldetik –Antonio Valverde Ayalde margolaria zen–. Donostiako Zubieta kalean bizi ginen eta estropada egunetan, esaterako, handik pasatu ohi ziren Aita Donostia, Jesus Guridi, Chillida, Oteiza, artistak, idazleak…

Guridi zure izeba Maria Jesusen irakasle izan zen.

—Hil zenean izebak hartu zuen bere Madrilgo katedra.

Txikitatik abestu eta pianoa jo izan duzu. Ikasketak, ordea, ESTEn egin zenituen.

—ESTEn ikasi nuen, nola esan, tokatzen zitzaidalako. Familiak enpresa bat zuen eta horretara zuzendu ninduten. Gerora, 27 urte nituela, hasi nintzen kantatzen. Lehendabizi disko txiki bat atera nuen, 45 RPMko horietako bat. Hortik hasi eta gaur arte, 54 urte eman ditut.

Nola iritsi zitzaizun disko hori grabatzeko aukera?

—Euskal Herrian, artean, ez zegoen gauza handirik, Ez Dok Amairukoez gain. Iñaki Beobideren eskutik, Jaume Gratacós soinu teknikaria etorri zen Kataluniatik hainbat disko grabatzera. Mikel Laboak eta Benito Lertxundik harekin grabatu ostean, Iñakik esan zidan neuk ere grabatu nezakeela beste bat. Zerua ireki zitzaidan. Urnietan grabatu genuen.

Euskal musika askorik ez zela diozu, zer entzuten zenuen zuk?

—Musika klasikoa, beti. Gaur egun ere bai.

Kantugintzan hasi zinenerako Ez Dok Amairu ez zegoen, jada, jardunean. Halere, bertako hainbat kiderekin kolaboratu zenuen.

—Tarteka baten batzuekin bai. Nire lehen kolaborazioa Oskarbirekin izan zen. Bi urte inguru pasatu nituen Oskarbirekin eta oso gustura ibili nintzen. Gerora, Julen Lekuonarekin eta Xabier Leterekin prestatu genuen Kopla eta kantu zaharren diskoa. Hortik aurrera Xabierrekin jarraitu nuen urte askoan.

Xabier Lete gabe zure ibilbidea nolakoa izango ote zen pentsatu al duzu noizbait?

—Dudarik gabe, bestelakoa izango zen. Okerragoa izango zen. Gauza asko egin genituen elkarrekin eta zaila da gure artean sortutako konfiantza beste norbaitekin izatea. Gustatzen zitzaizkigunak eta gustuko ez genituenak esaten genizkion elkarri lasai arraio.

Euskal kantagintzaren historiara pasa den bikotea osatu zenuten.

—Oso gustura ibiltzen nintzen Xabierrekin eta harengandik, beste hainbat gauzen artean, babesa jasotzen nuen, bereziki, oholtza gainean. Xabier oilartu egiten zen pixka bat taula gainean eta ni, berriz, haren atzean babestu.

Oholtza gaineko lehen aldia gogoan duzu?

—Oso gauza bitxia izan zen. Lasarten kantatu nuen mendizale elkarte batean. Izugarrizko urduritasuna izan nuen. Hiruzpalau euskal kanta abestu nituen eta George Brasensen beste bat, hura frantsesez. Orduan jaialdi asko izaten ziren, batzuk ondo antolatutakoak eta beste batzuk ez hainbeste. Horietan ere parte hartzen nuen.

Mende erdia oholtza gainean pasatu ondoren, euskal musika modernoaren garai guztiak ezagutu dituzu.

—Garai guztiak ezagutu ditut, betiere, kanta melodikoaren esparruan. Ez dut uste inork rockerotzat joko nauenik (barreak). Ni neu abestien letren egile ez naizenez, beste autoreengana jo izan dut beti, asetuko ninduten hitzen bila.

Hasi zineneko euskararen egoerak eta oraingoak ez dute antz handirik.

—Lehenbiziko urte haiek oso boluntaristak izan ziren. Gaur egun, dena ondo dago, behar den moduan sistematizatua. Ni 1970ean hasi nintzen, ez dakit urte horretan, jada, ikastolarik bazegoen ala ez. Izatekotan, oso gutxi izango ziren eta jendearen ekarpenei esker mantentzen ziren. Gaur egun, guztiok badakigu zer istilu dituen Gobernuak publikoa dela eta ez dela.

2020. urtean kaleratu zenuen zure azken diskoa, ‘Gaua’.

—Hamar edo hamaika kantu prestatuak nituen. Duda handiak nituen. Ez nekien zer egin, publikatu edo ez publikatu. Pandemia etorri zen gero eta guztiok bezala etxean gertu behar izan nuen. Orduan, Harkaitz Canoren hiru poesia aurkitu nituen, eta horiek musikatu eta diskoan sartuta, eta beste batzuk kenduta, gusturago geratu nintzen. Disko hura kalera atera eta hustuta gelditu nintzen, antzututa bolada luze batean.

Inspirazioa itzuli al zaizu?

—Poliki-poliki eta gauzak datozen bezala hartuz, bost bat kantu bukatutzat ditudala esan dezaket.

Artista batek erretiroa hartzeko baimenik ba al du?

—Baietz uste dut, egin ditugunak eta gero bai. Kaskoan sartzen zaidanean erretiratuko naiz, baina oraingoz ez, gustura aritzen bainaiz. Norabait joateko eskatzen didatenean, gustura joaten naiz.