Miren Agur Meabe idazleak Kristalezko begi bat eleberria idatzi zuenetik hamarkada bakarra iragan den arren, iraunkorrak izateko jaio diren obren kresal usaina du. “Zoritxarretik sormenera egin daitekeen bidea oso aberatsa dela irakatsi zidan”, aitortu du gaur idazle lekeitiarrak, “liburu batzuk gure existentziaren koordenadak aldatzen dituztela” gaineratu aurretik. Ostegunean Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioa protagonizatuko du 2013an kaleratu ostean euskarazko literaturaren feminizazioan aro berria zabaldu zuen autofikzioak. “Ez dakit euskal literaturarentzat zein esanahi daukan baina nire ibilbidean maiztua den liburua da eta mugarri bat izan da”, adierazi du autoreak. 

Irakurketa jarraitua ostegunean ospatuko da, ohi legez, Arriaga Antzokian. Aurten Bilboko Zazpikaleetan kokatutako BilboZaharra euskaltegiaren 50. urteurrena ospatzeko aitzikia ere izango da. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duen ekimena goiz guztian zehar ospatuko da, 8:00retatik 14:00etara. Miren Agur Meabek berak irakurriko ditu lehen lerroak ekitaldiari hasiera emateko, eta, ondoren, 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura eta gizarte eragileak, ikasleak zein irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak... Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak ere proiektatuko dira.

Kristalezko begi bat obrak betetzen duen urteurrenaz gain, pisuzko beste faktore batzuk ere arrazoitzen dute hautua. Arantza Camarero Bilbo Zaharra Euskaltegiko ordezkariak esan bezala, “liburuaren hautaketaren helburua da gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea”. Meaberen liburua hautatzean, euskal literaturaren egungo belaunaldiari egiten zaio aitortza, iaz Saizarbitoriaren Martutene obrarekin aurreko belaunaldiari egin zitzaion bezala. Aurreko urteetan Axularren Gero, Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur Besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Franz Kafkaren Metamorfosia edota Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurri dira, besteak beste.

IDAZTEA ZER DEN

Idazle lekeitiarrak aukeraketaren “jarrera sinbolikoa” azpimarratu du, literaturari eta hizkuntzari lotutakoa. “Irakurle grinatsuok gure identitatearen parte bihurtzen ditugu gure liburu kutunak, liburuek komunikazio bideak eratzen dituzte gure ni sakonaren artean, pixkat kaotikoa eta aldizka barea den putzu horren eta gure ni sozialaren artean, munduaren martxara egokitu behar den ur zirriparraren artean”, deskribatu du idazleak dotoreziaz. Izan ere, Pennac-en hitzak parafraseatuz, irakurtzeari ematen zaion denbora, maitatzeari ematen zaion denbora bezala, bizitzari ematen zaio. Beste alde batetik, Miren Agur Meabek Txepetx hizkuntzalariaren hitzak gogoratu ditu herriek hizkuntza dutenez gero arima dutela aldarrikatzeko. “Herri batek bere arima zaintzen ez badu sortzeko gaitasuna galtzen du”, adierazi du. 

Idazketa prozesuaren inguruko hausnarketa ere eskaini du Meabek. “Idaztea da ibai batetik harriak ateratzearen antzeko zerbait, dio Annie Ernaux-ek, niretzat idazle erreferentziala denak; edo idaztea da hezur printza bat lurpetik ateratzea, Ada Salas poetaren hitzetan; edo idaztea da hondamendi batean ederra zer den ikustea, Castillo Suarezen esanetan”, azaldu du hiru definizio horiekin berak sortutakoa zein den adierazi baino lehen. “Niretzat idaztea da itsas belarren artetik kurkuilu bat deskorapilatzea. Kurkuilu horrek belarrira eramatean ahots asko ditu barruan: iragana, norbere memoria eta memoria kolektiboa, gorputzaren liluramenduak eta ajeak, bizipen traumatikoak, diskurtso normatiboaren aurkako erresistentziak... Kurkuiluaren ahotsak paperean jasotzea, niretzat, ahanzturaren eta isiltasunaren kontrako ariketa da”, hausnartu du.

LITERATURAREN FEMINIZAZIOA

Kristalezko begi bat autofikzioa generoan koka daitekeen liburua da, nahiz eta egileak sailkatzeko autoimitazioa terminoa nahiago duen. Barru-barruko narrazioan antzeman egiten da emakume izatearen kontzientzia eta gainontzeko emakumeekiko konplizitatea. Camarerok gogoratu bezala, eleberria euskarazko literaturaren feminizazioa deitu denaren “adibide ona” da eta ildo bera jarraitzen duten Eider Rodriguez, Karmele Jaio edota Katixa Agirre aipatu ditu. “Orain arteko 16 edizioetan laugarren aldiz emakume bat dugu Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen protagonista”, gogorarazi du Koldo Narbaizak, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Meabe aurretik omendutako Arantza Urretabizkaia, Itxaro Borda eta Mariasun Landa, “idazle ezagun eta arau-hausleak”, aipatu baino lehen.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, Miren Agur Meabek hainbat arlo jorratu ditu literaturan: poesia, haur eta gazte literatura eta narratiba.Sari ugari jaso ditu, horien artean Espainiako Poesia Saria (2021) Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izan zen. Apirilean, gainera, euskaltzain osoa izendatu zuten. “Edizio honetako protagonista talentu handiko idazlea da. Uste dut Bizkaian daukagun idazle bikainenetako bat izateaz gain, euskaraz idazten duen munduko idazle bikainenetakoa dugula”, iritzi du Lorea Bilbaok, Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak.