Joseba Sarrionaindiak euskaltzain urgazlearen diploma jaso du gaur, akademiak izendatu eta 31 urtera. Iurretako idazlea Euskaltzaindiaren egoitzan izan da, eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik jaso du diploma. Egoitzako bilkuraren aretoa bisitatu ostean, liburu-sorta bat ere oparitu dio Urrutiak. Akademiatik gogoratu dutenez, Euskaltzaindiak 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuen urgazle Sarrionandia, baina orain arte ez du diploma jasotzeko modurik izan. Bestetik, idazlea Bilboko Liburu Azokan ere izan da, Munduari bira eman zion ontzia

70. hamarkadatik, Sarrionaindiak ibilbide oparoa jorratu du bai ekoizpen literarioan zein saiakeragile bezala. Ordutik, hainbat sari jaso ditu. 2011ko urrian Eusko Jaurlaritzak Euskadi Literatura Saria eman zion euskarazko saiakera alorrean Moroak gara behelaino artean lanagatik.

Hain zuzen ere, gaur aurkeztutakoa saiakera bat izan da, baina nerabeei zuzendutakoa. Munduari emandako lehen bira kontatzen da, orain arte modu epikoan kontatu den historiaren zati bat, alegia. “Historiarekin geratzen da aurreiritziz eta epai moralez betetako espazioa dela. Honakoan ez da historia zuzenki kontatzen. Zeharka, amama eta ume baten hizketa bat jasotzen da”, argitu du Sarrionaindiak, zalantzaz eta “bainas” betetako liburuari buruz. Zentzu horretan, Magallanesek eta Elkanok abiatutako espedizioaren heroikotasuna zalantzan jartzen du. “Zeharkaldi horretan 400 bat pertsonek parte hartu zuten eta bakarrik 21 itzuli ziren, eta gero beste banaka batzuk. Bidaia arrakastatsua baino naufragioa izan zen”, agertu du idazleak.

Pamiela argitaletxeak Elkano Fundazioarekin elkarlanean kaleratutako lana Arístides Esteban Hernández, Ares, ilustratzaile kubatarraren marrazkiez hornituta dago. “Aresen ikuspegi antikoloniala islatuta gelditu dela uste dut”, adierazi du Sarrionaindiak, bidaiaren kronika originalak elkarrekin aztertu zituztela aitortu ostean. “Duela 500 urte jendeak pentsatzen zuen bera zela munduren zentroa, Carlos I.ak horrela uste zuen, eskubidea zeukala gainerakoei gainetik begiratzeko. Gaur egun Europak jarrera bera dauka”, azaleratu du.