Pascual Aldave, Tomas Garbizu eta Lorenzo Ondarra bezalako konpositoreen obrak eskuragarri daude dagoeneko Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakasleak burututako lanari esker. Berreskuratutako obren aurkezpenean, OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarearen alorrean egindako lanaren berri eman dute. Eskuizkribuak ikertu eta berreskuratzeaz gain, obrak argitaratu, soinu-erregistroak grabatu eta kontzertu-zikloak antolatzea du helburu proiektuak. Bereziki emankorra izaten ari den 2022an, gainera, lanak ez du etenik. Atzo agertu zutenez, Aita Donostiaren Pro Defunctis mezaren orkestra-bertsioa argitaratzear daude.

“Hasiera batean ezarri genituen helburuak betetzen ari gara, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea”, adierazi zuen Josu Okiñenak, “harro eta pozik” burututako lanarekin. “Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazioen eta partituren edizio kritikoen bidez egiten dugu. Horrela, errepertorioa eskura dago musika munduko ezein profesionalentzat, melomanorentzat edo euskal kultura-ondarearen ezagutzan interesa duen publikoarentzat”, gaineratu zuen. Azaldu zuenez, oso “urte emankorra” izaten ari da. Izan ere, pandemiak ikerketarako tarteak eskaini ditu, eta, nahiz eta kontzertuak antolatzeko zailtasun handiagoa egon, eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko oparoa izaten ari da.

Aurkeztutako materialen artean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundutako hainbat lan daude. Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu zuenez, “memoriak bizirik behar du, bizitzak memoria behar duelako”. Horregatik, transmisioaren garrantzia aldarrikatu du. “Egitasmo honek gordean eta isilean zeuden altxor musikalak kulturaren eta bizitzaren plazara ekartzen ditu”, azaldu zuen sailburuak. Bere esanetan, gainera, proiektua “eskuizkributik hasi eta zuzeneko emanaldietaraino egin behar diren urrats guztiez arduratzen da”.

Urte honetan zehar kaleratutako hamar lanak dagoeneko eskuragarri daude webgunean. Besteak beste, Lorenzo Ondarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Tolosako abesbatza-masen jaialdirako nahitaezko pieza gisa hautatutako bi gabon kanta daude. Era berean, Ondarraren sinfoniko-koral handienetako bat den Te Deum edota Pascual Aldave konpositoreak korurako egin zuen Eliz Bidea obra erlijiosoa berreskuratu dira. “Gainera, Aita Donostiaren Pro Defunctis mezaren orkestra-bertsioa argitaratzear gara”, gaineratu zuen Okiñenak.

Dagoeneko bi disko argitaratu ditu OE Oficinak artxiboetatik berreskuratutako musika hori bultzatu duten artista banarekin, hala nola, Mikel Uskola kontratenor euskalduna eta Lyana Gourdjia biolinista georgiarra, biak Okiñenaren pianoarekin batera. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, Batura zikloaren hirugarren edizioari ekin diote. “Oraingo honetan hogei kontzertutara iritsiko garela uste dut. Mugak irekitzen ari gara, elkarte batek parte hartuko baitu Kanariar Uharteetan eta beste batek Madrilen; kantaldi batzuk Quebecen egingo dira”, adierazi zuen Josu Okiñenak. Aurtengo edizioan Emakumea eta euskal musika gaia aukeratu dute ardatz gisa.

Bestetik, Hegalak ekimenaren barruan pianorako errezitaldiak eskainiko dituzte, eta horietatik bost Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek koreografiatu eta dantzatuko dituzte. Kaputxino konpositoreen zikloari dagokionez, 2022an eta 2023an penintsula osoko hainbat herritan egingo den hirugarren edizioari ekingo diote. Azken urte honetan, Pascual Aldave konpositorearen Akelarre obra osoa argitaratu dute, 2024an haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. l

“Helburuak betetzen ari gara, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea”

Musikaria, ikerlaria eta irakaslea

“Egitasmoak gordean eta isilean zeuden altxorrak kulturaren plazara ekartzen ditu”

Kultura sailburua