Bihar, arratsaldeko 19:00etan, Areatzako kioskoak kontzertu berezi bat jasoko du. Bilboko udal musika bandak denboraldiko azken aurreko kontzertua eskainiko du, 'Goazen zirkura!' izenekoa. Banda Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean arituko da ostiral honetan.

Maiatza eta ekainerako programatutako kontzertuen zikloaren azken aurreko hitzordua izango da. Kasu honetan, Bandak zirkuaren munduan eta haurren munduan oinarritutako obrez osatutako programa dibertigarri bat eskainiko du.

Emanaldia Henry Fillmoreren Slim Trombone obrarekin hasiko da. Ondoren, Bandako musikariek Glenn Osser-en Bolero for Band, Georgi Salnikoven Children 's Suite, Robert Rodgersen A Day at the CarnIval, Jef Pendersen The Pee-double U Circus eta Dámaso Pérezen Pradoren Mambo Jambo obrak interpretatuko dituzte. Kontzertua Julius Fuciken Mississippi River March obrarekin amaituko da.

Emanaldi honen ondoren, Udaberriko Denboraldia udako solstizioarekin amaituko da, ekainaren 24an, San Juan egunean "Dantza eta mitoak" ikuskizunarekin. Oraingoan, José R. Pascual-Vilaplana Bandako zuzendari titularrak zuzenduko du mitologiaren eta tradizioaren arteko hainbat dantza musika ekarriko dizkigun emanaldia.

Pelayo Marinen Abestuten eta Dantzaten euskal rapsodia, Ruper Lekueren Akelarre suitea, edota Luis Torregrosaren Ferrán Campos Les Fogueres de Sant Joan eta autore alacantar gazte eta sarituaren Santjoaneries pasodobleak entzungo ditugu. Kontzertua amaitzeko, Bilboko Musika Bandak, Txistulari Bandak eta Oinkari Dantza Taldeko dantzariek bat egingo dute J. A. Erauskin Aiestaran eta D. Eguileorren obrak interpretatzeko.

Orain arte eskainitako kontzertuetan bezala, biharko ikuskizunak ere covid-aren aurkako protokolo berezi bat izango du, osasun-agintariek ezarritako araudia betetzen duena eta artisten, ikusleen eta teknikarien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak jasotzen dituena: kioskoa eta haren ingurua mugatuta egongo dira, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da, aulkiak ezarritako segurtasun-distantziara egongo dira eta ezingo dira lekuz mugitu. Era berean, jendearentzako osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat jarriko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak jarduketa hasi aurretik desinfektatuko dira.