Rekalde Aretoak azaroan ospatuko du bere 30. urteurrena. Denbora horretan, kulturaren aldeko apustu garrantzitsua egin du. Horregatik, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Lorea Bilbaok proiektuaren garrantzia azpimarratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak apustu garbia egin du Rekalde Aretoak gaur arte garaikidearen praktiken eta eztabaiden ekosisteman betetzen duen zereginaren alde, bai eta 1991n sortu zenetik bere ibilbidean egindako lan zabalaren alde ere.

Lorea Bilbaok azaldu duenez, "Rekalde aretoa erreferente ukaezina da arte plastikoen eta ikusizko arteen panoraman. Nortasun propioa, dinamikoa eta bereizlea duen espazioa. Urte hauetan guztietan, arte-komunitatearen topaleku garrantzitsua izan da, ekosistema artistikoaren gune nagusia, bertan sortzaileen obra eta lan ugari erakusten baitira. Hiru hamarkada izan dira artearen zerbitzura, 150 erakusketa baino gehiago egin dira espazio nagusian eta bi mila artista inguruk erakutsi dituzte beren lanak". Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gaineratu duenez, "Rekalde aretoa Bizkaiko marka da, sortzen ari den talentuarena, begiratzeko eta sortzeko modu garaikideena, baita aurreko belaunaldietako artistena ere".

Bizkaiko Foru Aldundiak aretoaren 30 urteko balantze positiboa egin du, jende guztiari zuzendutako erakusketek eta jarduerek izan duten jarraipen eta babesagatik.

Rekalde Aretoak bere programazio artistikoaren kalitate handiari eutsi dio beti, baita jarduera, hitzaldi, tailer eta artistekin topaketa ugari eskaini ere. Horiek guztiek harrera ona izan dute bisitarien, kritika espezializatuaren eta arte garaikidearen garapenean inplikatutako eragileen aldetik.

Hiru hamarkada hauek hazten jarraitzen duen proiektu bat sendotzen dute. Rekalde Aretoak urrats garrantzitsu bat eman nahi du Iparragirre kalera irekiz, Guggenheim Bilbao Museoarekin, Bilboko Ederren Museoarekin eta Azkuna Zentroarekin lotuko duen ardatz bat eratzeko. Lorea Bilbaok azaldu duenez, "Rekalde aretoa, zalantzarik gabe, Bilboko artearen bizkarrezurra izango denaren erdigunean dago. Rekalde Aretoak aro berri bati ekingo dio, etorkizunari begira duen eskaintza sendotuz; izan ere, espazio-egitura bera ere modernizatu egingo da, instalazioak hobetzeko lan eginez beti, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko eta errealitate artistiko eta kulturaletara egokitzeko asmoz".

Azaroan, aretoak bere urteurrena ospatuko du, eta, horretarako, herritarrengana are gehiago hurbildu nahi duen ekitaldi bat egingo da.

ELKARRIZKETA ARTISTA EZAGUNEKIN

Rekalde Aretoak bere historian zehar ospe eta onarpen kritiko handiko euskal artisten erakusketak aurkeztu ditu, belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko xedez.

30 urte hauetan, euskal artearen historian funtsezkoak izan diren hainbat pertsona izan dira Rekalde Aretoan, hala nola Eduardo Chillida, Ruiz Balerdi, Vicente Larrea eta Agustin Ibarrola. Ondorengo belaunaldietako beste batzuekin batera: Isabel Garay, Dario Urzay, Jesus Mari Lazkano, Roscubas, Jesus Pastor, Javier Riaño, Jose Ibarrola, Lizaso eta Mikel Lertxundi.

Hurrengo hamarkadetako protagonistek ere beren lanak erakutsi dituzte Rekalde Aretoan, besteak beste, Luis Candaudap, Manu Muniategiandikoetxea edo Ignacio Goitia; Sergio Prego, Itziar Ocariz, Azucena Vietes, Abigail Laskoz, Naia del Castillo edo Ixone Sadaba, Miriam Ocariz diseinatzailea eta Aitor Ortiz argazkilaria. Marina Nuñez, Cristina Lucas eta Ignacio Uriarte ere ibilbide esanguratsuak dituzten sortzaileen zerrenda luze bateko kideak dira.

150 erakusketa baino gehiago jarri dira gaur arte areto nagusian nazioarteko arte garaikidearen funtsezko izenen berri emanez: Sol Lewitt-en wall drawing kontzeptualak, Tony Smith-en eskultura minimalak, Andy Warhol edo Rauschenberg-en Popa, Philip Guston-en marrazkiak, Joseph Albers eta Julian Schnabelen pintura edo Cindy Shermanen argazkigintza. Philip Starcken diseinua, Mies Van der Roheren modeloak eta Wilford & Partnersen-enak ere guztiek izan dute lekua espazio honetan.

Nazioarteko sortzaile aipagarriek egin dituzte erakusketak Rekalde Aretoan; hona hemen horietariko batzuk: Sean Scully, Albert Oehlen,Tony Oursler eta Jean Michael Othoniel; Doug Aitken, Phil Collins, Mark Lewis, Sharon Lockhart, Haegue Yang, Peter Friedl eta Jennifer & Kevin McCoy, besteak beste.

Argazkilaritzaren alorrean, Gary Winogrand, Fazal Sheikh, John Gutman, Emmet Gowin, Lynne Cohen eta Bruce Davidson izan dira areto honetan, bai eta izen hurbilagoak ere, hala nola argazkigintzako sari nazionalak eskuratutako García Alix, Cristina García Rodero, Vari Caramés eta Carlos Cánovas: halaber, pintura saridun nazionalak ere izan dira, adibidez Alfredo Alcain, Eduardo Gruber eta Fransec Torres. Horiek guztiek erakutsi dituzte euren espazio honetan.

SORTZAILE HASIBERRIEI LAGUNTZEA

Ahots berriek eta obra esperimentalenek oso zeregin garrantzitsua izan dute beti Rekalde Aretoan. Lehenik, Rekalde-Area 2 (1994-1998) izeneko espazio paraleloan eta ondoren atarian, Kabinete Abstraktua izenekoan (2003tik), honakoak izan ditugu, besteak beste: Can Altay, Adriá Juliá, Marko Maëtamm, Juan Pérez Agirregoikoa, Iñaki Imaz edo Erlea Maneros eta Lara Almarcegi artistak.

XIX. mendearen amaieran, Bizkaiko Foru Aldundia aitzindaria izan zen estatuan, artistei beren prestakuntzan laguntzeko pentsio- eta beka-sistema bat eman baitzien.

Horregatik guztiagatik, Rekalde Aretoaren lehentasunezko helburu bat da Bizkaian sortu eta lan egiten duten belaunaldien garapen artistikoaren lehen etapetan talentua eta laguntza ematea.

Horrela, sormen artistikoko bekekin lotura duten sortzaileek erakusketak egiten dituzte Rekalde Aretoan. Taldeka, 2011. urtera arte eta ondoren, Barriek programan jasotako erakusketa indibidual eta guzti. Horietako batzuk aipatzearren, 200 artista gaztetik gora erakusketa interesgarri eta ugariren egileak izan dira: June Crespo, Helena Goñi, Damaris Pan, Miriam Isasi, Zaloa Ipiña, Ana Riaño, Josu Bilbao, Karlos M. Bordoy, Manu Uranga, Ander Sagastiberri, Alain Urrutia edo Taxio Ardanaz.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak 1982tik garatzen duen Ertibil Bizkaia lehiaketa, aurten 39. edizioa izango duena, Rekalde Aretoan aurkezten da Bizkaiko udalerri askotan ibili aurretik. Ertibil Bizkaia programaren barnean 700 sortzaile baino gehiago izan dira, eta horietako gehienek lehiaketa honetan hasi zituzten lehen aurkezpenak.

BITARTEKARITZA AUDIENTZIEKIN

Ibilbide luzean zehar, Rekalde Aretoa herritarren zerbitzura egon da, bitartekaritza- eta hezkuntza-jardueren bidez. Funtsezko zutabea da, Rekalde aretoa definitzen duena, ezagutza transmititzeko eta ahalik eta ikus-entzule gehienengana hurbiltzeko helburu sendoa izanez.

Ildo horretan, Rekalde Aretoa ezagutza eta bizipena sustatzen dituen hezkuntza-bokazioagatik nabarmentzen da. Horregatik, esperientzia didaktiko positiboak lortzeko jarduerak antolatu ohi ditu.

Bitartekaritza-programa zabala garatzen da, jarduerak, hitzaldiak, artistekiko topaketak eta unibertsitateekiko lankidetzak aurrera eramanez. Era berean, komentatutako azalpen-bisitak egiten dira etengabe publiko orokorrarentzat, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsona-taldeentzat, bisitak zenbait hizkuntzatan, bai eta aurrez itundutako talde eta kolektiboei zuzendutakoak ere.

Artistekin tailerrak egiteko aukera ere badago, baita ikasleentzako tailerrak ere, prestakuntza-ziklo guztietarako; orobat, familiei zuzentzen zaizkien tailerrak egin ohi dira ikasturte osoan, bai eta oporraldietan ere.

Bestalde, zenbait programa espezifiko daude, hala nola Ecos, hilean behin egiten dena, sorkuntza-bitartekaritzako ariketa gisa. Bertan, Rekalde Aretoak ikus-entzunezko aukeraketa bat egiten du bere erakusketa nagusiekin, eta ahots berrien bidez entzuten ditu berriro.

Artea herritarrengana hurbiltzeko beste ekimen batzuk dira, besteak bete, Artea eta Memoria tailerrak, 60 urtetik gorakoentzat, eta Rekalde Aretoaren azken proposamena, Kantxa Libre, espazio honetako erakusketetara hurbiltzeko modu berriak aztertzen dituen talde ireki eta autogestionatua.

Online ere zabaltzen dira programazio artistikoaren osagarri diren material didaktikoak; horri esker, aretoko hezkuntza-programazioaren hedapen eta zabalkundea handitu egin da ikasleen, familien eta bertaratzerik ez duten beste publiko mota batzuen artean.