Ezagutzera eman dira dagoeneko Kimuak 2021 katalogoa osatuko duten zortzi filmak. Aukeraketa 24. edizio honetara aurkeztutako 47 proposamenen artean egin da.

'Azaletik azalera' (Mel Arranz), 'Berak baleki' (Aitor Gametxo), 'Heltzear' (Mikel Gurrea), 'Inner Outer Space' (Laida Lertxundi), 'Resonancias (Oihartzunak)' (Iñigo Aranburu), 'Trumoiak' (Iker Maguregi), 'Ur azpian lore' (Aitor Oñederra), eta 'Zerua blu' (Lur Olaizola). Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen duena Zineuskadiren laguntzarekin, eta, urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Vanesa Fernández -ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria-, Ainhoa Fernández de Arroyabe -Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea-, Víctor Lamadrid -Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea-, Alfonso López -Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea- eta Ana Esperanza Redondo -Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea-.

Kimuak 2021 katalogo berriak genero nagusiak jasotzen ditu, hala nola fikzioa, sormenezko dokumentala, animazioa eta esperimentala. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean daude; bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak); bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz; azken batek ez dauka elkarrizketarik.