Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak 2021 urteko Sormen Bekaren xehetasunak aurkeztu zituzten atzo. Deialdiaren laugarren edizio honek euskal kultura digitala izango du oinarri eta praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko du 15.000 euroko dirulaguntzarekin. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 21era arte zabalik egongo da.

Prentsaurreko baten bidez Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak aurtengo Sormen Bekaren ekimenari hasiera eman zioten atzo goizean. Bertan deialdi berri honek izango dituen oinarriak, nondik norakoak eta epeak ezagutzera eman ziren eta baita euskarazko sorkuntza eta euskal kultur sortzaileak babesteko egitasmo honen garrantzia eta helburua goraipatu nahi izan zuten, are gehiago egungo egoeran. "Ez dago zalantzarik Sormen Bekak leiho bat zabaltzen dietela sortzaileei, beren lanak aurkeztu eta baldintza egoki batzuetan garatzeko. Baina Durangoko Udalararen ustez aurtengo beka honek garrantzi handiagoa dauka, izan ere eta zoritzarrez, pandemia honek sorkuntzan ere eragin zuzena izen duelako. Urte luze bat daramagu pandemia honekin eta urte honetan euskal sortzaileen baldintzak kaskartu egin dira ezinbestean. Musikariak, dantzariak, antzerkigintzako sektorea€ Garai oso zailak dira sortzaile askorentzak eta beka honek sortzaile horiei lagundu nahi die", azpimarratu zuen Ane Abanzabalegi kultura zinegotziak.

Zentzu horretan, azken urtean mundu digitalak sekulako protagonismoa eta garrantzia izan du. Horregatik aurtengo Sormen Bekak sorkuntza digitala abiapuntutzat hartuko du eta praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala premiatuko du. "Zergatik digitala? Literatura, musika eta ikus-entzunezkoak izan dira aurreko hiru deialdietan aukeratutako adierazpenak eta horiek ere lekua izan dezakete deialdi honetan, baina digitala nagusi duen proposamena bilatzen ari gara. Mundu digitala gure egunerokoa eraldatzen dabil eta uste dugu kultur sorkuntzan ere badabilela lekua izaten. Uste dugu sormenerako esparrua ere izan daitekeela", azaldu zuen Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidenteak.

Ekimena, 18 urtetik gorako euskal kultur sortzaile berrientzat zuzenduta dago eta banaka zen taldeka aurkeztu ahal izango dira proiektuak. Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da eta dirulaguntza horrekin sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko dira.

IBILBIDEA

Sormen Bekaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da. "Benetan pozik gaude orain lau urte hasitako ibilbidearekin. Euskarazko kultur sortzaileentzat pizgarria izateko jaio zen Sormen Beka eta Udalari ekimenari babes osoa emateagatik eskertu behar diogu, baita kazetarioi bitartekariak zaretelako", adierazi zuen Mujikak.

2021ko irailaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, itxiko da lanak aurkezteko epea. Ordura arte ia bost hilabeteko epea dago proposamenak bidaltzeko.. Hauek posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Aurreko edizioetan egin den moduan proiektu irabazlea 56. Durangoko Azokan jakinaraziko da eta 15.000 euroko beka jasoko du aurkeztu duen sormen-prozesuan laguntzeko. Gero urte beteko epea izango du emaitza eta lanaren aurkezpena egiteko 2022ko 57. Azokan. Informazio gehiago www.durangokoazoka.eus helbidean.

Sormen beka

Lan digitalak

irailak 21era arte. 2021eko laugarren edizioak kultura digitala izango du oinarri. Praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko da, baina euskarri fisikoak ere uztartu ahal izango dira.

15.000 euro

saria. Lan sarituak 15.000 euroko beka jasoko du aurkeztu duen sormen-prozesuan laguntzeko. Gero urte beteko epea izango du emaitza eta lanaren aurkezpena egiteko.