BILBO. Datorren astelehenean, apirilak 19, José Ignacio Carnero idazleak 'Hombres que caminan solos' izeneko bere liburu berria aurkeztuko du Bidebarrieta Kulturgunean.

'Hombres que caminan solos' depresio baten kontakizuna da, gizakiaren bizitzan bat-bateko hutsune baten kontakizuna. Autorearen begiradapean, gizon hori argi-atzealde bihurtzen da garrantzizkoaz, sentitzen den eta esaten ez den guztiaz hitz egiteko.

Oraindik ahots apalez aipatzen den gaixotasun baten sakonerako bidaia honek aita, seme edo alaba bat eta inguruko guztiak aipatzen ditu. Maitemin transatlantiko bat ere aipatzen du, bere mina isiltzen duen emakume misteriotsu bat, Buenos Aireseko goizaldeak eta Espainiako bigarren mailako errepideetan ibilitako egunak, Cadizko hileta hutsa edo Amazoniako oihanetik Altos Hornos de Vizcaya garaietaraino hegaldi haluzinogenoa. Inoiz joan ez den amaz eta beti hor dagoen aitaz hitz egiten du, maskulinotasunaren hauskortasunaz, tranpez eta maskarez.

José Ignacio Carnero 1986an jaio zen Bilbon, eta Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Bartzelonan egiten du lan. Lehen argitalpena bidaia-kronika bat izan zen, "La luz de Lisboa" izenekoa (2016). Carnero "Ama" eleberriarekin estreinatu zen narratiban. Eleberri hori Euskadi Literatura Sarian gazteleran finalista izan zen 2020an.

Haren ondoan Galder Reguera autorea ere egongo da. Galder Reguera Bilbon jaio zen, 1975ean. Besteak beste, honako liburu hauek idatzi ditu: arte garaikideari buruzko "La cara oculta de la luna" saiakera (2008), "Hijos del fútbol" saiakera autobiografikoa (2017), "Quedará la ilusión. Una correspondencia durante el Mundial de Rusia" (2019), Carlos Marañonekin batera, eta gazteentzako "La vida en fuera juego" eleberria (2019). Haren azken liburua, "Libro de familia", 2020an argitaratu zen.

SEGURTASUN NEURRIAK

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian ospatuko da. Bertaratzeko, ezinbestekoa da Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuragarri dauden doako gonbidapenetako bat erreserbatzea.

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Ezin bada parte hartu, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da webgune honetan.

Unean-unean indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldian zehar maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.