BILBO. Duela zortzi urte lehen aldiz argitaratutako 'Basque. Euskal dantza' izeneko liburua berreditatuko du orain Etxepare Euskal Institutuak. Oier Araolaza Arrietak idatzitako liburua guztiz eguneratuta plazaratuko dute aurten.

Tokian tokiko dantza tradizionalekin hasi eta abangoardiako antzerki fisikoraino, euskal dantzen nortasunean sakontzen du Araolazak bertan. Uste du “euskaldunek beren kulturarekiko erakutsi duten atxikimenduari esker, tradiziozko dantza-errepertorio aberatsak eta ikusgarriak iraun duela Euskal Herrian, eta gizarte-aldaketei egokitu ahal izateko bere burua berritzen asmatu duela”. Hala, egungo euskal dantzariek koreografia-ondare aberatsa eta sorkuntzarako dantza-lengoaia garaikidea eskura dituzte.

Azaltzen du nola XVI. mendetik aurrera, ezpata-dantzak, trokeo-dantzak eta soka-dantzak izan diren dantza-molde zabalduenetarikoak Euskal Herrian. Azken bost mendeotan gertatu den eboluzio eta eraldaketa aztertzen ditu gero idazleak, eta XX. mendeko euskal kulturaren susperraldi kulturala ere bai.

Dantzak neguko festetan duen presentzia nabarmentzen du, Arimen Gaua eta Domu Santu egunarekin hasi, eta hausterre-egunera bitartekoak, hain zuzen. Errondak dira, eskeak, neguko festetan ezinbestekoak. Oilasko-biltzeak San Martinetan, gabonsari-eskeak San Nikolasen aitzakian, Olentzero, Agate Deunaren eskea, inauterietako puskabiltzeak... Eta nola ez, Zuberoako maskaradak.

Herri bateko gazteek beren gain hartzen dute maskaradak prestatu eta herriz herri eramateko ardura. Urtarrileko bigarren edo hirugarren asteburuan hasita, Pazko-igandera arte luzatzen dira azken urteotan maskaraden egutegiak.

Lapurdin urtarrila amaieran edo otsaila hasieran martxan izaten dira inauteri goiztiarrenak: kaskarotak. Zortziko taldetan antolatuta, makila-dantzak egiten dituzte, baita dantza-jauziak, marmutxak, xinpleak, kontra-dantzak, soka-dantzak, fandangoak eta arin-arinak ere. Karnabalak non, dantzak han izaten dira neguan.

URTARO GUZTIETARAKO

Maiatzarekin batera festak hasten dira herriz herri eta jai-egutegiak ez du atsedenik urrira arte. Ezpata-dantzen, trokeo-dantzen eta sokadantzen garaia da. Maiatzaren 3an, Santikutz egunean, herriko jai-egun handian, ezpatadantzak erakartzen du legazpiarren atentzioa. Horrela hasten da ezpatak dantzan jartzeko aroa Legazpin, eta hurrengo asteetan hainbat herritan izango dira ezpata-dantzak: Donostian, Zumarragan, Tolosan, Markina-Xemeinen, Deban, Lesakan eta Beran, besteak beste.

Bestalde, nabarmentzen du Durangaldeko dantzari-dantza edo ezpata-dantza dela trokeo-dantza sorta ezagunenetakoa. Arabako Errioxan Eltziego edo Guardian ere trokeo-dantzak egiten dira, eta Villabuenan eta Oionen XX. mendera arte egin ziren.

Ezpata-dantzen eta trokeo-dantzen emanaldien bukaeran ohikoa izaten da aurreskua edo soka-dantza egitea, baina beste dantzaren beharrik gabe ere ematen da. Aurreskua ohorezko agerpen indibidual bezala hedatu bada ere, soka-dantzak bere izaera kolektiboari eutsi dio. Bakarlariek gidatzen eta dantzatzen dute nagusiki, baina taldea da dantza esanahiz betetzen duena.

TRADIZIOAREN LORALDIA

XX. mendeko bigarren erdialdean, dantza-jarduna errotik irauli zuen Argia dantzari-taldeak. Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean, “taldeak dantza tradizionalen sustraiak ikertzeko, tokian tokiko folklore bilketa-lana abiatzeko eta koreografia ondare tradizionala balioztatzeko, berreskuratzeko eta birsortzeko olatu handia eragin zuen”. Marian Arregiren musikagidaritzak eta jantzien diseinuek osatu zuten gainerako taldekideen lana.

Herrialde eta gai zehatzen inguruan antolatutako ikuskizun monografikoen bidez, maiz itzalean, askotan desagertzear eta zenbaitetan erabat galduta zeuden errepertorioak berpiztu eta zirkulazioan jarri zituen Argia dantzari taldeak. Nafarroa (1970), Gipuzkoa (1972), Lapurdi (1974) eta Zuberoa (1978) herrialdeei buruzko dantza-programa monografikoen garrantzia nabarmentzen du bereziki Araolazak.

Hala ere, herriko taldeak izaten omen dira beren herriko dantzak zaindu eta plazaratzen dituztenak: Oñatz taldeak Oñatiko Corpus eguneko dantzak, Oinarin taldeak Antzuolako trokeo-dantzak edo Oinkari taldeak Beskoitzeko inauteri-dantzak, adibidez. Beste zenbaitetan, herri handietako eta hiriburuetako taldeek eusten diete zenbait dantza-errepertoriori.

Bestalde, folklore-dantzak abiapuntu hartuta ikuskizunak sortzen dituzten taldeak ugaritu dira azken urteotan. XX. mendearen lehen erdian nabarmendu dira Saski Naskik, Eresoinkak eta Elai-Alaik irekitako bidetik, Olaeta, Oldarra, Etorki edo Schola Cantorum taldeak.

Euskal dantza tradizionaletik abiatuz estetika modernoko ikuskizunak proposatzen dituztenei dagokienez, Aukeran eta Kukai dira bi talde azpimarragarrienak. Aipatzen ditu, baita ere, Aiert Beobide dantzariak zuzentzen duen Haatik konpainia, Villabonako Oinkari taldearen ikuskizun propioak eta antzerki- eta musika-taldeekin elkarlanak, eta Lapurdin Bilaka kolektiboak sustatzen dituen euskal dantzatik abiatutako sorkuntza-lanak.

Munduko opera-etxe eta tradizio handiko ballet-konpainia arranditsuetan ibilbide profesionala burututako euskal dantzariak ere baditu ekarri ditu liburuxkara Araolazak.