BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean banatu ditu 2020ko Lauaxeta Sariak. Lauaxeta Poesia saria Jon Gerediaga eta Elena Olaverentzat izan da. Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Jon Gerediagak eskuratu du, `Natura berriak´ poema liburuagatik; 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Elena Olave izan da saritua, `Zeldak-Gorputz honetatik´ poema-bildumagatik. Ekitaldia Foru Jauregian ospatu da, eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta kirol foru diputatuak banatu dituzte sariak.

Bestetik, Ikus-entzunezkoen Saria, memoria historikoari buruz euskaraz sortutako dokumental formatuko ikus-entzunezko lanak saritzen dituena, Amaia Merino Unzueta eta Miguel Ángel Llamas Montoya zuzendariek jaso dute `Non dago Mikel´ lanagatik.

'NON DAGO MIKEL'

Epaimahaiak adierazi duenez: `Non dago Mikel dokumentalak hausnarketarako begirada bat eskaintzen du. Duela 35 urteko gertakariak eta testigantzak berreskuraturik, eta gordinki azaldurik, ezagutzeko eta ez ahazteko proposizioa egiten digu. Areago, urte hauetan guztietan bizi izandakoak ere gogora ekartzen ditu, belaunaldi ezberdinen sufrimendua ezkutatu gabe eta iragana etorkizunari loturik, egia, justizia eta oroimenaren garrantzia aldarrikatzeko´.

'NATURA BERRIAK' POEMA LIBURUA

Epaimahaiaren iritziz: `Jon Gerediagaren (Bilbo 1975) Natura berriak poema liburuak hiru dohain nagusi ageri ditu. Plastikotasuna, lehenik. Bere hizkera poetikoak lotura egin du natura gai gisa erabili izan duen euskal poesiaren tradizioarekin. Bere adierazpideak Xabier Lizardi edo Bitoriano Gandiaga ekarri ditu gogora, baina ez dira falta Europako literaturatik ekarritako aipuak eta bideak. Naturako elementuak zorroztasunez azaltzen ditu bere testu laburretan, baina ez zaio hitzik falta naturaren indarra erakutsi behar duenean.

Argitasuna: hizkera sinboliko ulergarrian eratu du ibilbidea Jon Gerediagak. Naturaren ziklo etengabeak subjektuaren muinean errotzeko beta eman dio. Kohesio nagusia du liburuak, denboraren joan-etorria esaldi bikainez osatuz eta deskribatuz.

Zehaztasunetik kosmologiarako bidea da berea. Poemen lehen aipamenak zehatzak dira, belarra, gereziak, zuhaitzak, baina oihartzunei eta soinuei adi den subjektu poetiko osatuak beste zerbait bilakatzen ditu, apaltasunez eta zorroztasunez, txikitasuna sinbolo nagusi bihurtuz, naturaren etengabeko berritasunaren adierazpide´.

ZELDAK - GORPUTZ HONETATIK-

Epaimahaiaren iritziz: `Elena Olaveren (Durango 1997) liburuaren izenburu osoa Zeldak -Gorputz honetatik- da, eta ez arina egin den ohar hori, zeren nitasun baten egoera estua ageri du tituluak. Abiapuntu garbia hartu du poetak, norberaren gorputza hizkuntza poetiko latza osatzeko bere lehen poema liburu horretan. Munduak sortu dizkion deserosotasunak dira liburuaren ibilbidearen oinarri, eta liburuko ataletan poeta gazteak bilaketa egin du errealitateak jartzen dizkion mugen aurka, betiere gorputza jarriz subjektibotasunaren aurkikuntzarako egindako bidean. Artearen Historian lizentziaduna denez, ez dira falta artearen ekarpenak eta errealitatea islatzeko hizkuntzak dituen mugei buruzko hausnarketak, zalantzez eta sentimenduen ikuskizunez. Bilakaera horretan beste idazleei egindako aipuek zeresan handia dute, lagungarri baitira norberaren izaeraz egindako bidaia honetan.´