BILBO. Joan den ostiralean, hilak 13, Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 62. edizioa hasi zen Arriaga Antzokian. Jaialdia datorren ostiralera arte, azaroak 20, iraungo du.

Gaur egungo nazioarteko eszenako zuzendari ezagunek, hala nola Alice Rohrwacher, JR, Jonathan Glazer, Sergei Loznitsa, Guy Maddin, Jafar Panahi edo Luca Guadagnino, zinemaldian azken lan zinematografikoak aurkeztuko dituzte. Film luzeak mundu osoan estreinatzen dituzten errealizadoreak izan arren, aurten minutu gutxi batzuetan kontzentratu nahi izan dute beren mezua. Zinebik 'Glimpses ? Distirak' sailan biltzen ditu. Titulu horrek omenaldia egiten dio Jonas Mekas gogoratuari. Haren lanak normaltasun osoz uztartu izan zituen beti hiru edo bost orduko film luzeak eta film labur erako apunteak.

Joan den Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiburu izan zenak, Io sono l'amore (2009) edo Call Me by Your Name' (2017) arrakastatsuen zuzendariak, Luca Guadagninok, lehen aldiz aurkezten du Estatuan Fiori, fiori, fiori!, bere jaioterriko Siziliarako itzulera dena, aurreko Veneziako Biennalean estreinatua; Veneziako Urrezko Lehoia eta Berlingo Urrezko Hartza irabazi zituen Jafar Panahi irandarrak ere Zinebi aukeratu du Hidden Estatuan estreinatzeko, New Yorkeko Zinemaldian aurkeztuta.

Horrez gain, honako Estatuko estreinaldi hauek eskainiko dira: Strasbourg 1518, Sexy Beast (2000) edo Under the Skin (2013) filmen zuzendariak sinatuta, Jonathan Glazer, konfinamenduari buruzko metafora bat aurkezten duena; Omelia Contadina, JR frantziarrarena eta Alice Rohrwacher italiarrarena; Une nuit à l'opéra, Sergei Loznitsarena; eta Stump the Guesser, Guy Maddin, Galen Johnson eta Evan Johnson kanadierrena.

ESTHER FERRER. HILOS DE TIEMPO

Bertoko Begiradak - Miradas desde Euskadi atalaren barruan, Josu Rekalde zuzendariak Esther Ferrer. Hilos de tiempo aurkeztuko du. BBVA Fundazioaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren bideoarteko sorkuntzarako 2018ko Multiverso bekari esker, Begoña Vicario, Raúl Ibáñez, Marta Macho eta Patxi Azpillagarekin batera egindako dokumentala da. Museoko auditorioan izango da.

Bere abiapuntua artista donostiarrak 1978an Zaj taldeko kideekin batera El hilo del tiempo izenburuarekin egindako performancea da. Ferrerrekin batera, bere ibilbide artistikoaren berrogei urteak kontatzen ditu dokumentalak.

DARDENNE ANAIAK

Azaroaren 16an amaituko da ere Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiek zuzendutako dokumentalei eskainitako atzera begirakoa, fikzioaren arloan ibilbide arrakastatsua hasi aurretik ekoitziak. Golem Alhondiga zinemetan Leçons d'une université volante (1982) eta Regarde Jonathan / Jean Louvet, son oeuvre (1983) dokumentalen proiekzioa ospatuko da.

Zinebiri buruzko informazio guztia esteka honetan aurki daiteke, eta eskuragarri dauden prentsa-materialak hemen daude eskuragai.

JAIALDI HIBRIDOA

Zinebiren 62. edizioa aurrekoen desberdina izango da, eta filmak zinema-aretoetan erakusteaz gain —beti egin izan den bezala—, covid-19 pandemiak markatu duen 2020an, jaialdiaren zuzendaritzak Zinebiren edizio hibrido bat egitea erabaki du.

Aurten, Zinebiren helburu nagusia publikoarentzat, gonbidatuentzat, komunikabideentzat, langileentzat eta jaialdia egitea posible egiten duten enpresa hornitzaileentzat jaialdi segurua eratzea izan da.

ORDU-MURRIZKETA

Eusko Jaurlaritzak onartutako ikuskizunetarako eta kultura-ekitaldietarako ordutegi-murrizketa dela eta ZINEBIk kendu egin behar izan ditu parte hartu duten filmen errepikapen-saioak, bai Sail Ofizialean - Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan, bai Sail Ofizialean - ZIFF Zinebi First Film, bai Beautiful Docs lehiakorra ez den sail paraleloan. Gainera, saioen ohiko ordutegiak aurreratu dira, indarra duen araudia betetzeko, eta denak 21:00ak baino lehen bukatuko dira.