BILBO. Urriaren 22tik datorren urteko urtarrilaren 31ra arte, Bilboko Euskal Museoak Juan Mari Arzak sukaldariaren ibilbideari buruzko erakusketa berezia jasoko du, 'Arzak bere saltsan' izenekoa. Hamar mahairen bidez, Arzaken bizitza ezagutu ahal izango dute ikusleek.

Juan Mari Arzaken historiak hainbat aro ditu. Bere aiton-amonekin batera ekin zion bideari, ardo-upategi batean; hala ere, amaren jatetxean ikasi zuen sukaldean eta esperimentazioan aritzen.

Historia horren parte dira, orobat, Arzaken 10 mahaiak, erakusketa honetan bildu ditugunak. Batetik, mahaia altzari erabilgarri bat da; bestetik, Arzaken garapena erakusten du, baita haren jatetxearen bilakaera ere. Dudarik ez, mahaiek azaltzen dute zer garen; haien inguruan elkartzen gara lanerako, jateko, edateko eta bizitzeko.

Juan Mari Arzaken bizitzan, bai eta erakusketa honetan ere, emakumeek leku garrantzitsua dute. Bertan, bere familiako emakumeak agertzen dira jatetxearen historian zehar. Gaur egun, Elena alabak sukaldea eta jatetxea zuzentzen ditu aitarekin batera. Marta, artearen historialaria, Arzaken aholkularia da arte eta gastronomia gaietan. Aipagarria baita areto eta sukalde arduradunen lana. Andre horiek denek gidatu dute euskal sukaldaritza nazioarte mailan hainbat urtez, eta gauzak irakatsi dizkiote.

Erakusketa honen xedeetako bat da beste ikuspegi bat erakustea gastronomiari buruz. Arzaken jatetxeko mahaien bitartez, eta haren historia hurbilaren dokumentazioa bilduz -XIX. mendetik hasi eta gaur egun arte-, agerian geratuko dira hainbat aldaketa, sukaldaritzaren munduari, Juan Mariren ibilbideari eta euskal gizartearekin izan duen loturari dagozkionak. Hori azaltzeko balio dute altzariek, mahai-tresnek, dokumentu bitxi-bitxiek eta gaur egun memoria kolektiboaren parte bilakatu diren testigantza eta oroitzapenek.

Erakusketak hausnarketarako bazka eman nahi dio bisitariari, pentsa dezan ea zer baliok ahalbidetu duten euskal gastronomiaren fenomenoa zabaldu izana hala berton nola nazioartean; fenomeno hori, betiere, mugimendu kolektibotzat hartzen dugu. Hausnarketa horren baitan, erakusketak aztertu du nola lortu duten Juan Mari Arzakek eta beste euskal sukaldari batzuek, beren ofizioaren bidez, herrialdearen marka zabaltzea nazioartean. Hortaz, erakusketa honek orobat islatzen du ahalegin kolektibo baten historia.

Horrenbestez, Euskal Museoko "Arzak bere saltsan" aldi baterako erakusketara bertaratzen diren pertsonek aukera izango dute euskal gastronomiaren, Arzak Jatetxearen eta hura ahalbidetu zuen familiaren historian sakontzeko. Upategiko mahaitik hasi eta gaur egungo abangoardiako jatetxeraino, erakusketa honetan ikusiko ditugu ospakizunak, afaritara ateratzeko ohiturak, banketeak€ Gastronomiaren historia sozial bat da. Ibilbide bat osatuko da euskal gastronomian barna, 1897tik hasi eta XXI. mendera arte, kulturako elementu garrantzitsu baten bidez: Arzak Jatetxeko mahaiak.