Elkanotar Juan Sebastian, Pizkundeko humanista utopikoa? artikulua argitaratu du Ekai Txapartegik, EHUko Filosofia irakasleak, Gogoa aldizkarian. Bertan, zenbait hipotesi lantzen ditu. Horien artean, Maximiliano Transilvanok idatzitako lehen mundu-biraren kronikaren zati bat, Elkanoren idatzien hurbil-hurbileko latinezko bertsio bat dela. Beraz, iturri hori marinel getariarraren pentsamendua nolakoa zen jakiteko lagungarri izan daiteke. “Fidagarria, profesional izugarria, balio sendoak zituena eta tratuetara iristeko gai zen” pertsona zela ondorioztatu du Txapartegik.

Nondik sortu da artikulu hau?

-Iaz, Elkano Fundazioak getariarrari buruz Udako Ikastaro bat antolatu zuen Miramar jauregian. Bertan txosten bat aurkeztu nuen Elkanoren bidaiak zientziaren historian izan duen eraginaren inguruan. Pasillotan Enrique Santamaria euskal idazlearekin topo egin, eta solasean ari ginela, Elkanok berak idatzitako testu bati erreferentzia egin zion. Orduan en-tzun nuen lehenengo aldiz Elkanok bidaiaren testurik idatzi zuenik.

Zer testu da hori?

-Santamariak azaldu zidan, ziurrenik, mundu-biraren kronika idazterako garaian Maximiliano Transilvano Elkanoren testuan oinarrituko zela. Jakina, filosofo batentzat testu bat oso gauza tentagarria da, eta aztertu egin behar nuela pentsatu nuen. Horretan hasita nengoela, irailean Fundazioak antolatutako itsasaldira gonbidatu ninduten. Bertan, gainerako parte-hartzaileei aipatu nien eta guztiak harri eta zur geratu ziren; inork ez zuen ezagutzen. Urtebete eman dut datu piloa biltzen testuingurua ulertu nahian. Topatu dudanak berretsi egin du Santamariaren hipotesia: Maximiliano Transilvanok ida-tzitako testu hura, Elkanok idatzitakoaren gainean egin zuela; testu horretan Elkano irakur dezakegu.

Hipotesi hori erabili duzu artikuluan.

-Maximiliano Transilvanoren testuak bi zati ditu. Hipotesietako bat izango litzateke Magallanes hil osteko kontakizun guztia Elkanok idatzia dela; Transilvanok soilik itzuli egin zuen. Bigarrena, berriz, testu horretan humanista bat sumatzen dela.

Zeintzuk dira bere balio humanistak?

-Bulkada inperialistek kalte egiten digutela; alboko herriak eta haien subiranotasuna errespetatu eta zaindu egin behar direla; handinahia ez dela balio kristaua eta konfliktoak sortzen dituela; norbait oldarka etor-tzen zaizunean umiltasuna eta apaltasuna behar direla, eragin dizun mina baino gehiago ez egiteko; eta gizarteak mekanismoak behar dituela bakea mantentzeko eta gerrak ekiditeko. Azkenik, herri sineskerak eta erlijioak tolerantziaz ulertu behar direla; alegia, kristauak edo monoteistak ez diren gizarteak ere pozik bizi diren zibilizazio lasai eta onak izan daitezkeela. Beraz, nork bere erlijioa ezin duela inposatu ebanjelizazio-abusu bitartez. Horiek dira humanistek Europan zituzten balioak, eta horiek antzeman daitezke Elkanoren testuan, Borneori buruz idazten duenean. Eta hori oso garrantzitsua da, XVI. mendean euskal pertsonaia bat Europako humanismoarekin lerraturik jartzen duelako. Ikertzen jarraitu behar da.

Elkanok zenbait testu idatzi zituela jakina da. Zer gertatu zen bidaiako kronika horrekin?

-Kronika idatzi zuen zalantzarik ez dago. Iritsitakoan galdetegi bat egin zieten marinel guztiei. Argi eta garbi dio, Magallanes hil ondoren, eta gero Serrano eta Carvalhoren ondoren, bera izendatu zutela kapitain eta diruzain; eta berari zegokiola itsasontziko liburua idaztea.

Desagertu egin al zen?

-Bi kopia zeudela ez du inork zalan-tzan jartzen. Horietako bat, berak esanda, Juan de Samanori eman zion, Indietako Kontratazio Etxeko idazkariari. Eta beste kopia Valladolidera eraman zuen. Baina jatorrizko kontaketa galdu egin da. Eta hori arraroa da, guztiz; bidaia horri buruzko xehetasun asko dakizkigu, baina, kasualitatez, iritsi zen kapitainaren errelato originala galdu egin da, ez da zaindu? Magallanesena ere galdu egin al da? Bai arraroa…

Zergatik uste da Maximiliano Transilvanoren testua, jatorrian, Elkanoren idazkia dela?

-Hipotesia da, baina Transilvanorena Elkanoren testuaren berridazketa-itzulpen ia literala dela esateko arrazoiak oso indartsuak dira. Alde batetik, Transilvanoren obraren bi parteen artean estilo aldaketa izugarria baitago. Magallanes sumatzen da, berak bere burua proiektatu nahi zuen bezala: erregearen zerbitzari leialtzat, iristen ziren leku guztietan gurutzeak jartzen zituena, jendea sendatzen... Militar-ebanjelizatzaile bat ageri da.

Nolakoa da orduan, Elkanok gidatu zuen bidaiaren zatia?

-Bigarren partean, aldiz, beste balio batzuk dituen bidaia bat agertzen zaigu: hausnarketa antiinperialistak irakur daitezke, paganismoaren aldekoak, bakea da gauza guztien artean premiazkoena... Lehenengo zatia baino askoz praktikoagoa; beste pertsona batek idatzitakoa balitz bezala.

Zer gertatu zen, beraz?

-Hipotesia da, itsas-liburu guztiak jaso, eta korrika eta presaka koaderno horiek kronika forman jaso zituela Transilvanok, lehenbailehen Aita Santuari bidaiaren berri emateko. Presa ere faktore garrantzitsua da: zenbat eta presa handiagoa, orduan eta asmakuntzarako tarte gutxiago izaten baituzu. Kalkulatzen da hiru edo, gehienez, lau aste izan zituela Transilvanok kronika idazteko; eta kontuan izan luze xamarra dela eta latinez idatzia. Ez hori bakarrik, oso harrigarria litzateke Transilvano Aita Santua engainatzen saiatzea, ondotxo zekienean bere kronika Europa osoan zehar zabalduko zela, eta marinelak artean bizirik zeudela; ez du zentzurik. Beste argudio indartsu bat ere badago, izan ere, Transilvanok lekuko bezala aitortu zuen pertsona bakarra Elkano izan baitzen.

Arraroa al da kronika ofizial horretan balio humanistak agertzea?

-Transilvano erregearen idazkaria zen, baina Gattinara kantzilerrari leial-leiala. Gattinara Europak ezagutu duen pertsonarik inperialistenetakoa izan zen; monarkia unibertsalaren bila zebilen, Karlos V. Europa osoaz jabetu zedin otomandarrei kontra egiteko. Transilvano Gattinararen menpekoa izanda, nola hasiko zen ba, ideia anti-inperalistak idazten Karlos V.ari lezio bat emateko? Ideologikoki ez luke zentzurik izango. Halere, argudio indartsuena beste bat da.

Zein da hori?

-30 urte geroago, beste kronista batek, Fernando González de Oviedok beste kronika bat idatzi zuen, hasi baino lehen argituz berak Elkano ezagutu egin zuela, eta haren kontakizuna zuela. Ez hori bakarrik, bere esanetan dio aurrez aurre izan zituela Transilvanoren eta Elkanoren testuak bere kronika idazterako garaian; eta biak ia berdinak zirela. 1556 edo 1557an inork Transilvanoren latinezko testua eta Elkanoren gaztelaniazkoa parean izan zituela aipatzeak argi erakusten du bata bestearen itzulpena zela. Are gehiago, gaur egun Transilvanoren kronika Gónzalez de Oviedorenarekin konparatuz gero, biak oso antzekoak dira. Ondorioz, Transilvanok asmatutako zerbait idatzi izan balu, González de Oviedok jakin egingo zuen hura gezurra zela, hark Elkano eta bere testigantza lehen eskutik ezagutu zituelako. Zerbait gezurra balitz González de Oviedok kendu egingo zuen. Borneoko utopia, esaterako, mantendu egiten da. Eta zer esan nahi du? Ba, hori Elkanoren testuan bazegoela.

Elkano “inperialistari” buruzko ideia ere hedatu da, alegia, “inperio konkistatzailearen morroi leiala” zeneko ideia; eta hori, XIX. mendeko historiagile hispanisten asmakun-tza dela diozu artikuluan.

-XVIII. mendean bizi izan bagina, ziurrenik ez genuen Elkanoren figura ia ezagutuko. XIX. mendera arte fokua berarengandik at egon zen.

Historiografian 300 urteko hutsune bat egon zen.

-300 urtetan kronika ofizialetan ia inork ez zuen idatzi Elkanori buruz. Bidaiaren lorpena kristorena izan zela aldarrikatu zuten, baina inork ez zuen hitz egiten bidaia hori egin zutenei buruz. Salbuespen kurioso bat ere badago.

Zein?

-Rodrigo Aganduru Moriz. Fraide agustindarra zen Filipinetan, eta 1610ean Filipinetako lehenengo Historia ofiziala idatzi zuen. Oso deigarria da zeinen ondo hitz egin zuen Elkanori buruz obra horretan. Esan bezala, gaztelar historiografia ofizialetan ez baitzen agertzen.

Zergatik laudatu zuen, orduan, Elkano?

-Litekeena da, Gaztela eta Portugal, Filipinen gaineko eskumena nork zuen eztabaidatzen ari ziren garaian, garrantzitsua izatea azpimarratzea hara iritsi zen lehenengoa ez zela Magallanes izan, Elkano baizik. Baina, segur aski, horren arrazoi printzipala beste bat izango da: Aganduru Moriz oriotarra zela, hain zuzen ere. Valladoliden jaio bazen ere, gurasoak oriotarrak zituen, eta ziurrenik gurasoengandik izango zuen Elkanoren berri. Orion hil zen, gainera. 300 urtez Elkano kontuan hartu ez arren, hemen, kostaldean, oso ondo hitz egiten zen haren inguruan. Hainbesteraino, ezen oriotar batek Filipinetako Historia idaztean Elkano goraipatu zuela; seguruenik bere gaztaroan Elkanori buruzko gauza onak entzun zituelako.

300 urte luzez, historiografia espainolaren arabera, munduari bira eman zioten gizonen meritu bakarra bizirik irautea izan zen.

-XIX. mendean aldatu zen hori. Elkanori buruzko biografiak eta laudorioak agertzen hasi ziren, Juan Cotarelo militarrarenak tarteko. 300 urte ondoren idatzitako historiografia horretan pertsona ez zen hain garrantzitsua, pertsonaia baizik. Baina zergatik interesatzen zitzaion historiografia espainolari pertsonaia bat eraikitzea? XIX. mendean Karlistadetan euskaldunak garaitu nahian zebiltzan; orduan, periferiako euskaldun onak, gaztelar militar leial eta koroaren morroi izan zitezkeela frogatzeko Elkanoren figura oso ondo zetorren: curriculum militar bat asmatu zioten, baita abizen noble bat ipini ere, eta dudan jarri zuten euskaraz ba ote zekien. XIX. mendetik gaurdaino iraun duen propaganda operazio bat egin zuten. Jaso dugun Elkano pertsonaia bat da, ez pertsona; eta pertsonaiak pertsona estali du. Ikertu ondoren agertzen denak zerikusi gutxi dauka pertsonaiarekin. Beste modu batean esanda, profil batzuetan agertzen zaigun pertsona, pertsonaiaren guztiz kontrakoa da.

Non nabari da hori?

-Elkanoren bakezaletasunean, adibidez. Onartzen badugu Maximiliano Transilvanoren testuan Elkano ari dela hizketan, haren oinarrizko balioak bakea eta sosegua dira. Erraz ulertzen den zerbait da. Elkano barku-jabea zen, beraz, marinela eta merkataria. Ondorioz, marinel-merkatari bati batez ere bakea eta sosegua interesatzen zitzaizkion, negozioak egiteko, leku batetik bestera lasai mugi-tzeko, bidaia luzeak egiteko... Zentzu honetan bere kezka nagusia Europan bakea eta sosegua galtzea zen. Moluketan topa zitezkeen, baina Europan, jada, ez; horrek min ematen zion eta testuan nabaritzen da.

Gaurdaino iritsi den XIX. mendeko historiografiak sortutako pertsonaia horren irudia Euskal Herrian erosi izan dute batzuk, kontra egiteko bada ere. Gure kontaketa osa-tzea falta al da?

-Hau ez da gure kontaketa, ez Ekairen errelatoa; Elkanoren errelatoa baizik. Herri bezala, pertsonaiatik pertsonara jauzi egin behar dugu, ezagutzen ditugun testuak lagun. Bere garaiko kroniketan eta gortean gutxietsia izan zen Elkano, ondoren XIX. mendean jarriko zizkioten ezaugarri edo ikurretatik bakar bat ere ez zuelako: ez zen militarista, ez zen ebanjelizatzailea, ez zen gorteari leial, aginduen aurka egiten zuen, ziurrenik gaztelania trakets hitz egingo zuen... Elkanori buruzko biografia guztiak ildo horretan joan izan direnez, eta guk hori ontzat emanaz, bere memoria zigortzen jarraitzen dugu, jada nahikoa zigortua zutenean bere garaian, berez tankera horretako ezaugarririk ez zuelako. Hori da paradoxa.

Testuetan oinarritu behar dugula diozu, Elkanoren pertsonaiatik pertsonara igarotzeko garaian. Zer erakusten dute haren idatziek?

-Oso pertsona fidagarria zela, profesional ikaragarria, balio sendokoa eta tratuetara iristeko gai zena, tratuak komeni zitzaizkionean. Obeditzeko gai ere bazen, beti ere obedientzia zentzuzkoa zenean. Aitzitik, obedien-tzia horrek kalterik ekarriko bazion, beste era batera jokatzen zuen arazorik gabe. Elkanok berak idatzi behar du bere errelatoa; guk iturri originalak aztertu beharko genituzke Elkano epaitzerako orduan, eta ez hari buruz esan dena; azken horietan oso interes konkretuak egon baitira.

Zer gertatu zen espedizioa Borneora iritsi zenean?

-Borneon ez dakigu oso ondo zer pasa zen. Testigantza ezberdinak daude eta askotan kontrajarriak. Jakin badakigu zerbait potoloa gertatu zela. Elkano eta Carvalhoren semea, momentu horretan kapitaina zenaren semea, lurrean zeuden, ez dakigu bahituta ala ez. Carvalho bertakoen aurka erasokor ibili zen. Elkano askatzea lortu zuten, eta ontzira iritsitakoan, Carvalho kargutik kendu eta marinelek getariarra izendatu zuten kapitain. Gatazka eta biolentzia garaiak izan ziren: Carvalhoren semea, adibidez, ez zuten askatu eta hil egin zuten.

Eta zergatik da pasarte hori garran-tzitsua?

-Esan bezala, konflikto bat zegoen, baina Elkanok bere kronikan gizarte idiliko bat aurkeztu zuen, gizarte bakezale bat non ez zegoen lapurretarik, ezta hilketarik ere... Argi dago, ordea, hori ez dela Elkanok bertan ikusi zuena; bere irudimen utopikoa proiektatu zuen. Baina, baita ere, ulertzekoa da zergatik zuen Borneori buruz halako iritzi ona, agian borneotarrekin bat egin zuelako Carvalhoren aurka; auskalo.

Ohikoa al zen irudimenetik ateratakoak proiektatzea?

-Garaiko kroniketan oso ohikoa da. Leku berriak aurkitzeko garai horietan, batzuek munstroak aurkituko zituztela pentsatzen zuten, baina gehienek gizarte idilikoak izango zirela pentsatzen zuten; Europan gustuko ez zituzten gauza guzti horiek gabeko paradisuak. Elkanoren kronikan, Magallanes hil eta berehala agertzen da Borneoko utopia hori. Hortik aurrera, askoz ere praktikoagoa eta soila da deskripzioetan. Beraz, Elkanok ere bazuen bere utopiatxoa idazteko gogoa.

Zein eragin izan zuen Elkanoren pentsamenduan Tomas Mororen ‘Utopia’-k (1516) eta Rotterdamgo Erasmoren ‘Eromenaren laudorioa’-k (1511)?

-Ez dakigu. Europan oso hedatuta zeuden. Hiru urte iraungo zituen bidaia batean abiatzerako garaian, agian Elkanok berak ez, baina beste norbaitek eramango zituen liburu horiek, Magallanesek berak, adibidez. Ez litzateke harritzekoa izango; ez dakigu, ordea, Elkanok irakurri ote zituen. Halere, garai hartako ingurumarian liburu horiek ezagunak ziren. Bitxia da Tomas Morok irla batean kokatzea bere utopia, eta handik hiru urtera, Elkanok Borneoko irlan proiektatzea berea. Kasualitatea? Agian bai, baina garaiarekin loturarik ere badu, kezkak bertsuak zirelako.

Europarekin arduratuta zeuden.

-Zer gertatzen ari da Europan? Gatazkaz beteta zegoen Europa, eta moralaren baloreak galduta. Giro horretan ez zen harritzekoa humanistak agertu eta beste balio kristau batzuk goratzea: umiltasuna, bakezaletasuna, gizakien arteko errespetua... Transilvanorena Elkanoren testua baldin bada, getariarrak ere bat egiten du garaiko humanisten balio kristauak aldarrikatzen; gerraren aurka, intolerantziaren aurka, anbizioaren eta ustelkeriaren aurka.

Anti-inperialismoa; herrien arteko elkar-errespetua; eta aniztasunaren balioespen positiboa:

“Inguruko herriei kalterik edo ondoezik ez eragiteko begiramen eta zaintza handia erakusten dute guztiek, are gehiago albo-uhartetako auzo-herriei kalterik batere ez egitekoa, eta askoz ere handiagoa atzerrikoei edo erromesei”.

Bakezaletasuna eta gerren arbuioa:

“Bakea eta sosegua, munduan topa daitezkeen on guztien artean handiena eta onuragarriena dena”.

Handinahikeriaren gaitza:

“Borneo uharteko indio hauek oso oker eta txartzat dute erregeak desiratzea den baino jaun handiagoa izatea, eta bere jaurgoaren mugak zabaltzeko gosea”.

Tolerantzia. Herri sineskera eta erlijio ezberdinen balioespen positiboa:

“Uharteko indiar hauek jentilak dira sineskeran, eta jainko nagusitzat dituzte eguzkia eta ilargia. Eguzkiari buruz diote eguneko jainkoa dela, eta egunaren gaineko jaun gisa agintzen duela, eta ilargiari buruz gaueko jainkoa dela, eta gauaren gainean agintzen eta arautzen duela. (…) Uharte honetako jendea errukiaren eta justiziaren oso zalea da, eta batez ere bakea eta sosegua maite dituzte, eta liskar eta gerraren oso etsaiak eta deitoratzaileak dira”.

*Maximiliano Transilvanoren

kronikatik hartutako aipuak.

“Herri bezala, Elkanoren pertsonaiatik pertsonara jauzi egin behar dugu, ezagutzen ditugun

testuak lagun”

“Iturri originalak aztertu beharko genituzke Elkano epaitzerako orduan;

ez hari buruz esan dena”