BILBO. Eider Corral diseinugile grafiko eta arte-zuzendaria izan da Zinebi - Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren kartelaren egilea. Aurten Bilboko Udalak antolatutako ekimen honen 62. edizioa ospatuko da.

Azken edizioetan ohikoa den legez, bertoko artistak arduratzen dira lehiaketako irudia sortzeaz. Aurten, zehazki, pandemiak eraldatutako errealitateari buruzkoa da. Uztailean, The New York Times Magazine aldizkariak zenbaki berezi bat atera zuen, eta bertan adierazi zuen errealitatea surrealista denean fikzioak bakarrik eman diezaiokeela zentzua. covid-19ak eraldatutako errealitatearen sentsazio horrek inspiratuta, eta errealitatea eta fikzioa elkar hartuta bizi diren lekuetan jopuntua jarrita, Corralek hau adierazi du: "Bilboko kaleetara irten naiz, pertsonek hirian elkarrekin berriro nola egiten duten topo ikusteko".

Azaroaren 13tik 20ra egingo den Zinebiren 62. edizioaren kartelean, La Salveko zubiko eguneroko errealitatearen zenbait irudi erabiltzen dira. Irudi horien bidez, errealitatearen erregistro dokumentalarekin eta kontakizun batekin, irudi grafiko bat sortu du, close-up baliabidearen bidez birus-distopiako urte honi lotutako istorioak, fantasiak eta oroitzapenak iradokitzen dituena.

EGILEA

Eider Corral diseinugile grafikoa eta arte-zuzendaria da. Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero, bere lehenbiziko ikerketa abiatu zuen, musikari eta kulturari lotutako proiektuak landuz.

Zenbait urte Bilbotik lanean eman ondoren, Bartzelonara joan zen: han diseinu grafikoa ikasi zuen eta tipografian espezializatu zen. Bertako zenbait estudiotan aritu ondoren (Martí Guixé diseinugile ohiarekin egindako lana nabarmendu behar dugu hemen), diseinugile independente bihurtu eta ibilbide luze bat hasi zuen, hainbat artistarekin lan egitera eraman duena: Christina Rosenvinge, Martirio, Sílvia Pérez Cruz eta, duela gutxi, El Columpio Asesino. Blue Note eta Deutsche Grammophon diskoetxeekin kolaboratu du. Kolaboraziorik berrienak Sternberg Press argitaletxe berlindarrarekin eta Columbiako Unibertsitatearekin izan dira. Une honetan, elkarte eta proiektu kulturalen aholkulari aritzen da.

Bere diseinuetan, erreferentziaz beteak, arreta berezia jartzen du tipografian: haren bidez, atmosferak eta esanahiak artikulatzen ditu. "Gurago dut iradoki, esan baino. Eta nire proiektu artistikoen diseinuan eta komunikazioan, mezuen hartzaileak osatu behar du lana", adierazi du Eider Corralek.

Bilboko Udalak, Zinebi - Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia antolatzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, eta Kultura eta Kirol Ministerioko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntza jasotzen du.