"With (in), with (out) me" izenekoa

Rekalde Aretoak Irati Inorizaren erakusketa hartuko du

19.07.2020 | 18:53
Irati Inorizaren with (in), with (out) me erakusketa.

BILBO. Hurrengo asteartean, hilak 21, Rekalde Aretoak Irati Inorizaren "With (in), with (out) me" izeneko erakusketa hartuko du, 'Barriek 2020' erakusketa-zikloaren barruan. Bertan, urtean zehar, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artistaren lanak erakusten dira Bilboko Rekalde Aretoko erakusleihoan. Espazio hori, aldi baterako, esperientzia eta praktika plastikoetarako leiho ireki bihurtzen da.

Irati Inorizaren "with (in), with (out) me" erakusketak erantzuna ematen dio irudi batek, haren adierazleek (zeinua) eta efektuak (ekintza) sortzen duten erakarpenari. Artistak berak azaldu du nola hasi zuen lan hau Atenasen, Bizkaiko Foru Aldundiaren arte plastikoen bekari esker, A-DASH Spacen egonaldi artistiko bat egiten ari zela: "Han, Olinpiako (Grezia) korporazio klasikoei buruzko ikerketa- eta artxibo-lanak egiten ari nintzela, aurkitu nuen ziur aski Mendebaldeko bi giza gorputzen arteko harremanaren lehen irudikapena dena".

Irati Inorizak dioenez, "Greziako ontzi batean borroka-ariketa bat dago margotuta. Gorputzak ordura arte nola irudikatu ziren ez bezala, kasu honetan kontaktuan dauden borrokalariak ez dira banako isolatuak: elkarrekintzan diharduten gorpuztasunak dira. Mendebaldeko lehen gorputz-kontaktu artistikoa dela egiaztatzeko dago oraindik, baina haren efektuaren kontzientziak, benetakoa edo fikziozkoa izan, eragina izan zuen begiratzeko eta sentitzeko dudan moduan".

"With (in), with (out) me" erakusketa honela egituratzen da: esperimentazioaren (esperientzia partekatua), gertaeraren errealitatearen (ekintza objektiboa) eta simulazioaren (objektu artistikoa) arteko tentsiotik. Hainbat bideoren bidez aurkeztutako egiturak kontaktu-borrokari eta bere erritual klasikoari buruzko ekintzak dokumentatzen ditu; hori, gaur egun, borroka libre olinpiko bezala ezagutzen da eta eskuarki urdin eta gorri koloreekin irudikatzen da.

Ekintzak Barakaldoko Munoako Emakumezkoen Borroka Libre Olinpikoko Klubaren laguntzarekin egin dira eta Sopelako Larrabasterra hondartzan grabatu dira. Gainera, erakusketa hau Bilboko BilbaoArte zentroaren lankidetzari eta laguntzari esker egin ahal izan da.

Foru Erakusketa Aretoak langileen eta bisitarien prebentziorako eta segurtasunerako beharrezkoak diren osasun segurtasun neurri guztietara egokitua, jendearentzako ordutegi jarraitua eskaintzen du uztailean eta abuztuan, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 18:30era, jende guztiari erakusketak ikusteko eta gozatzeko aukera ematearren.