DONOSTIA. Tabakalerako Z aretoak irakurleen topaketaren hirugarren edizioa hartu egin du ostiralean goizean. Bertan Etxepare Euskal Institutuaren bitartez nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakusten duten irakurleak batu dira, urtearen balorazioa egin eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartzeko. Batzuk aurrez aurre izan dira bertan, eta beste batzuk online.

Irakurleez gain, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria, Euskara Munduan programako koordinatzailea eta irakurletza sareko teknikariak ere izan dira bertan. Urteroko bilera honek, 2018an lehena izan zuenak, hainbat hitzaldi eta talde dinamika bildu ditu. Horietan, Covid-19 birusak baldintzatutako ikasturte zail honen aurrean eskolak digitalizatze aldera egin den esfortzua, bidean topatutako zailtasunak eta horien konponbideak eta datozen urteetarako aurreikusten diren erronkak zerrendatu dituzte.

Hasteko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Etxeapre Euskal Institutuko zuzendariak agurra egin diete irakurle guztiei. Horren ostean, Kinku Zinkunegi Euskara Munduan programako koordinatzaileak eskola digitalak emateko plataforma bati buruzko hitzaldia eskaini du. Euskara Munduan egitasmoa Institutuak euskararen nazioarteko irakaskuntzan kudeatzen duen beste adar bat da, mundu mailako euskal etxeetan euskara eskolak kudeatzeaz arduratzen dena.

Ondoren, Institutuko Irakurletza sareko teknikarietako batek, Lorea Hernandezek, irakurleen arteko talde dinamikak gidatu ditu, aurtengo eta hurrengo urteko erronkei buruz eztabaida zezaten. Bertaratutako irakurle bakoitza online bidez konektatutako beste batekin bikoteka jarri dira horretarako. Hitza hartzen azkenak Eneko Agirre irakurletzako teknikaria eta Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan dira; urtearen laburpena egin eta etorkizuneko erronkak zerrendatu dituzte.