BILBO. Bilboko Udalak kulturaren sektoreari 100.000 euroko dirulaguntza emango dio "Artistak koronabirusaren aurka" izeneko proiektuaren bitartez. Bi deialdi irekiko dira proiektu honetan parte hartzeko, koronabirusaren krisia eta gero arte garaikidearen sortzaileen tokiko sektorea babestu eta sustatzea: bata, makro-erakusketa bat egiteko, eta bestea, saiakera kritikoak egiteko.

"Artistak koronabirusaren aurka" programa #BilbaoAurrera planaren barruan dago, Bilbon gizarte-kohesioa indartzeko eta ekonomia, enplegua eta berraktibatzeko neurriena, osasun-krisi honek gehien kolpatu dituen sektoreei lagundu nahi diena.

Udalak Bizkaiko artearen sektorea babesten du, kultur ekoizpenerako baliabideak eskainiz. Hartara, testu kritikoen deialdi bat egin du, eta egungo testuinguru historikoan sortutako artelanen eta bitartekotzako esku-hartzeen makro-erakusketa bat antolatu du. Ekimen hauen bidez, Covid-19ak ekarritako osasun-krisitik sortu den egoerari aurre egin nahi dio.

Udalak artearen eta kulturaren sortzaileen funtsezko papera nabarmendu nahi du. Beraien ekarpena eta garrantzia ezinbestekoak eta eztabaidaezinak bihurtu dira itxialdian zehar. Finean, krisi-egoeren aurrean oso kaltebera den kolektibo bat babestea da asmoa. Gainera, kolektibo honek kulturaren sektorean dituen papera eta lana berreskuratu nahi dira, haren lanak eta gogoetak plazaratuz.

"EKAITZAREN OSTEAN"

Deialdi honen xedea da aukeratutako proposamenekin erakusketa bat edo gehiago egitea. 25 laguntza, 2.000 eurokoak, banatuko dira, eta erakusketaren ondoren 5 arte-proiektu hautatuko dira. Proiektu horiek, euren izaeraren eta edukiaren bidez, egungo testuingurua eta erantzun sozial, ekonomiko, politiko eta artistiko konplexua hoberen erakusten, analizatzen eta/edo hausnartzen dituztenak izango dira. Aukeratutako proposamen horietako bakoitzak 5.000 euroko saria jasoko du (kontsultatu oinarriak).

"LERRO ARTEAN"

Deialdi honen xedea da gaur egun Covid-19ak sortu duen egoeraren aurrean arte garaikidearen testuinguruan sortzen ari den pentsamendu kritikoa ezagutzera ematea. Gehienez 30 proposamen hautatuko dira, eta beraien egileek 100 euro eskuratuko dituzte, testuak erakusteko eskubideak lagatzearen truke. Sari bakarra jarriko da, 1.200 eurokoa, irabazten duen obrarentzat. Irabazlea beren-beregi deitutako epaimahai batek aukeratuko du (kontsultatu oinarriak).

Bi deialdietara aurkeztu ahalko dira Bizkaian jaioak diren eta/edo bizi diren pertsonak, edozein adinetakoak, artearen eta pentsamenduaren inguruko ekoizpena dutenak.