BILBO. Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean abiarazi dituen ekintza guztien memoria eskuragarri dago jada. Memoria-txostena Etxepare Institutuaren webgunean eskura daiteke, "Argitalpenak" izeneko atalean.

Urtean zehar egindako ekintza, proiektu, egitasmo eta lan ezberdinak biltzen ditu txosten honek, baita martxan dauden ildo estrategikoak ere. Horrez gain, urteko aurrekontuen eta gobernantza organoen inguruko informazioa ere kontsulta daiteke bertan. Bi hizkuntzatan argitaratu da, euskaraz eta gaztelaniaz.

Etxepare Euskal Institutuak 2019an zehar, bakarka nahiz beste hainbat erakunde zein eragileren laguntzarekin, burututako proiektuak ageri dira bertan, euskal kulturaren diziplina ezberdinetan sailkatuta: Literatura eta itzulpengintza, Arte Eszenikoak, Zinea eta ikus-entzunezkoak, Musika eta Arte plastikoak eta ikusizkoak. Halaber, memoriak beste atal batzuk ere jorratzen ditu; hala nola, nazioarteko Unibertsitate eta Euskal Etxeetan jorratzen diren Euskal ikasketak eta euskararen sustapena, Komunikazioa eta hedapena eta Kudeaketa arloak, besteak beste.

Aurtengoan, gainera, atal berezi bat sortu dute 2019an zehar Eskozian jorratu den Scotland Goes Basque kultur programaren xehetasunak azaltzeko; dudarik gabe, 2019ko proiekturik azpimarragarrienetarikoa izan dena. Gainera, ildo estrategiko horri jarraipena ematen dion 2020-2021 Quebec-Euskadi elkarlan-programaren oinarriak ere azaldu dira txostenean.

Etxepare Euskal Institutuaren 2019. urteko memoria-txostena esteka honetan ikusi eta jaitsi daiteke, erabat dohainik, PDF formatuan.