BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako 'Gure Irudi Galduak' proiektuak Ynchausti Fondoko 189 bobinak berreskuratu ditu, XX. mendeko euskal film amateurrak kontserbatzeko ekimenaren barruan.

“Euskaldunek ez dugu zinema-industria handirik izan, baina aberatsak gara film amateurretan. XX. mendeko Euskal Herriaren ikus-entzunezko memoria dira, eta ondo kontserbatuak izatea merezi dute”, azpimarratzen dute ‘Gure Irudi Galduak’ proiektuaren eragileek. Hala, film hauek bildu, digitalizatu eta zaintzea du helburu ekimenak. Proiektua Gastibeltza Filmak, Ipar Euskal Herrian euskal zinema garatzeko asmoz sortutako egiturak, darama aurrera eta partaide dira Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondare Saila, Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldea, Kanaldude, Elias Querejeta Zine Eskola eta Euskadiko Filmategia.

Eragileek 1990ko hamarkada baino lehenagoko film edo bideo zaharrak dituztenei luzatzen diete deia, materiala digitalizatzeko asmoz. Lortutako bobinak Euskadiko Filmategian baldintza optimoetan kontserbatuko dira, eta kopia digital bat jasoko dute jabeek. Gainera, irudien jabe izateko aukera atxikituko dute, haien erabiltzeko baldintzak eta mugak ezarriz.

YNCHAUSTI FONDOA

Dagoeneko Ynchausti Fondoko bobinak berreskuratu dira. Orain arte ezagutzen ziren Manuel Ynchaustiren film bakarrak, “Eusko Ikusgayak” izeneko dokumental etnografikoak ziren, 20ko hamarkadan burututakoak. 2015ean, film horiei buruzko ikerketa lan bat egiten ari zela, Josu Martinezek, UPV/EHU irakasle eta NOR ikertaldeko ikerlariak, jakin zuen Uztaritzeko Intxausti-Baitha etxean familiak beste zenbait film ezezagun gordetzen zituela. Azkenean, bost urte beranduago errekuperatu ahal izan dira.

2019ko maiatzean hasi eta uztailean bukatu zen landa-lanaren ondotik, 189 bobina berreskuratu ziren. Haietatik 24 film komertzialak dira, baina beste guztiak Manuel Ynchaustik eta haren seme-alaba Antonio Maria eta Anna Ynchaustik egindako filmaketa originalak, 35 mm, 16 mm, 9´5mm eta 8 mm formatuetan.

Gaiei dagokienez, aberastasun handia da Ynchausti Fondoan. Eszena familiarrak ugari dira, baina baita 20 eta 30eko hamarkadan munduko herrialde anitzetara egindako bidaiak ere, eta bereziki, Euskal Herriko leku, pertsonaia eta gertakari kultura anitzen irudiak, 20-30etan Euskal Herri osokoak, eta 40ko hamarkadatik aurrera, Ipar Euskal Herrikoak.