BILBO. Sabrina Otegui argentinarrak euskara eta euskal kultura irakasten du La Platako Unibertsitatean 2019-2020 ikasturte hasieratik. Hogeitaka urte zituela hasi zen euskara ikasten Argentinan jaiotako diasporako kidea.

Egun on, Sabrina! Aurkez iezaguzu zure burua.

Sabrina Otegui naiz, argentinarra, Pergamino izeneko hiri batean jaioa eta 18 urterekin Buenos Airesera joan zena bizitzera, UBA Unibertsitateko ikasketak burutzera. Letren fakultatean ikasi nuen, 'Letrak' karrera eginez eta, ostean, Linguistikan espezializatu nintzen. Gaur egun semiologia saioak ematen ditut bertan eta UMET izeneko beste unibertsitate batean, baita euskara klaseak ere.

Otegui da zure abizena; zure familia nondik dator?

Nire birraitona Tolosan jaio zen. Ez dut familiaren historiaren berri handirik, baina badakit Argentinara 1880ko hamarkadan joan zela. Han, Pergaminon, 12 seme-alaba izan zituen, gazteena nire aitona, Segundo Otegui. Gaur egun badut familia Tolosan, baina batzuk ezagutzen ditut eta beste batzuk ez.

Zerk bultza zintuen euskara ikastera?

Duela hogei bat urte, karrera bukatzen ari nintzela, Dialektologia ikasgaian, hizkuntza indoeuroparra ezagutzeko ariketa batzuk egin genituen. Adibide batzuk jarri zizkiguten distrazio moduan, eta horietako bat euskara zen. Nire familian beti "Espainiako lehengusuei" buruz hitz egiten zidaten, inoiz ez Euskal Herria edota euskarari buruz; eta irakasleak euskara aipatu zuenean, zer ote zen galdetu nion. Hark esan zidan, gazteleraz: "¿Con ese apellido no sabes qué es el euskera?", eta sekulako jakinmina sortu zidan horrek. Hurrengo egunean Euskal Etxera deitu nuen, ea nola egin nezakeen euskara ikasteko; eta orduantxe hasi nintzen. Geroztik ez diot euskara ikasteari utzi; eta asko falta zait oraindik!

Nola amaitu duzu La Platako irakurle izaten? Zein izan da zure ibilbidea?

Erronka eta ohorea da niretzat. Ni Buenos Airesko Euskal Etxean, Euskalzaleak izenekoan, hasi nintzen euskara ikasten, eta 2-3 urte pasa ondoren Euskara Munduan programan sartu eta irakasle trebatzeko proposatu zidaten. Baietz esan nuen, eta programan hasi eta berehala ekin nion Euskal Etxean klaseak emateari. Hori bai izan zela erronka, ia euskararik jakin gabe hasi bainintzen!

Ondoren, Euskal Herrira bisitak egiten hasi nintzen, bertatik gehiago ikasteko. Lehena nire kabuz izan zen, Zornotzako barnetegian izan nintzen hilabete batzuez, eta bigarrena, Euskara Munduan programarekin, maila egiaztatzeko froga egitera. Sei hilabetez izan nintzen hemen kasu hartan, Lazkaoko Maizpide barnetegian. Oso esperientzia polita izan zen, zaila baina polita; EGA lortu nuen eta Buenos Airesera itzuli nintzen, klaseak ematen jarraitzera.

Horrez gain, irakasle berriak izango zirenei eskolak ematen hasi nintzen Euskara Munduan programaren baitan. Eta, amaitzeko, iaz La Platako unibertsitatetik deitu zidaten; bazegoen irakurle bat euskal Herrira itzultzekoa zena, eta ez zegoen astirik deialdi arrunta egiteko. Nik banituen bai beharrezko Unibertsitateko Titulua, baita EGA agiria ere eta, beraz, hartu egin ninduten.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Ederra eta aberasgarria. Bi gauza esan nahi nituzke honi buruz. Bata, niretzako hau lorpen eta ohore handia dela, euskara klaseak ematea baita gehien gustatzen zaidan gauza; eta, Argentinan bizi nahi baduzu, ez dago aukera askorik, Euskal Etxean adibidez ezin baitituzu talde asko izan. Beraz, arlo profesionalean oso aukera polita da, eduki dudan aukerarik garrantzitsuena.

Eta, bigarrena, irakurletzako ikasleak erabat motibatuta daudela eta ahalegin handia egiten dutela euskara ikasteko. Gogoan izan behar dugu inguru erabat erdaldun batean bizi direla eta astean behin bakarrik ´murgiltzen´ direla euskaran eta euskal kontuetan. Unibertsitatean klaseak emateak aukera ematen digu euskal jatorririk ez duen jendearengana iristeko, eta hori oso garrantzitsua da. Horrelako ikasle batzuk baditugu eta polita da ikustea nola harritzen diren bai euskal kulturak bai euskarak dauzkaten ´bitxikeriekin´. Giroa ederra da klaseetan oso ondo pasatzen dugu.