Bilbo - Ostegunero hiru antzerki pieza, lau astez, Bilboko Zazpikaleetan. Hori da Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia Jaialdiak eskainiko duena. Euskaltzaindiak antolatuta, bigarren urtez, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin batera abiarazitako egitasmoak "euskarazko antzerkia hauspotuko du".

Modu horretan, otsailaren 6an hasita, hilaren 27ra arte formatu txikiko antzerki piezak eskainiko dira Alde Zaharrean -hamabi guztira- eta lau eragileen egoitzak izango dira oholtzak. Iaz abiatu zen Jaialdia, Akademiaren mendeurreneko egitarauaren baitan, eta izandako arrakastaren ondorioz, bigarren edizioa martxan jartzea erabaki dutela azaldu zuten atzo Akademiaren egoitzan.

Adolfo Arejita euskaltzainak eta eragileen arduradunek adierazi zutenez, helburua, "euskarazko antzerkia hauspotu, antzerkilariei beren lana erakusteko guneak eskaini", eta azkenik "Zazpikaleetako giroan eragitea da; era berean Bilboko kultura aukerak zabalduz".

Irati Diez eta Julen del Olmo Zazpi katu gaztetxeko arduradunek beren aldetik, Bilboko alde zaharraren sare-tzearen garrantzia azpimarratu zuten, eta emanaldiak euskaraz izatearen garrantzia aipatu zuten.

Pieza txikiak dira eskainiko diren hamabi emanaldiak, "iraupenari nahiz muntaketari dagokionez", eta 19:00 abiaratuko dira guztiak otsailaren 6an, 13an, 20an eta azkenik 27an. Hala ere, "umorez, txikitasunetik baina baita handitasun batetik ere" helduko dio Lutxo Egiak Lautan Hiru jaialdiari.

Horrenbestez, iaz lehenengo edizioa kuantitatiboki oso ondo joan zela aipatu zuen BIRA Kulturaren arduradunak, eta eragileen arteko elkarlana "ondo baloratu" zutela. Nahiz eta lau eragile izan; gauza komunak dituzte: "Euskara, kultura eta Zazpikalekoak garela, edo hemen jarduten dugula". "Espazio sinbolikoak sor-tzen dira hilabete batez; hizkuntza eta kulturari lotuak", Egiaren hitzetan. Beste alde batetik, laguntza-bonuak salduko dira, hala, bost euroren truke ostegunero hiru emanaldi ikusteko aukera izateko. BIRAn eta Euskaltzaindiaren egoitzan salduko dira. Astebete lehenago jarriko dira salmentan, eta orotara 60 laguntza-bonu izango dira. Pieza bakarra ikusteko prezioa bere aldetik, bi eurokoa izango da.

Nobedadez beteta Otsailaren 6an abiatuko den bigarren edizioak nobedade ugari izango ditu. Mikel Martinez aktoreak azpimarratu zuenez, lehenengo nobedadeari helduko zaio Jaialdiaren lehenengo emanaldian bertan. 19:00etan Lolipop ikuskizuna eskainiko da; euskarazko obra bat izan beharrean, clown edo mimoa dena. Ondoren, Salaketa izenekoa bere aldetik, euskarazko irakurraldia izango da, eta Gaizka Chamizo izango du protagonista. Egun berean aurkitu daiteke aurtengo beste nobedadeetako bat. 21:00etan magia ikuskizuna egongo da, Ituño magoaren eskutik helduko dena. Bigarren egunari dagokionez, otsailaren 13an Iban Zalduaren ipuinean oinarritutako Orbangabe obra eskainiko du Mikel Martinezek, ondoren Amatxik antzezlana izango da Akademiaren egoitzan eta azkenik, Manifestu bat izango da 20:45etan. Otsailaren 20an Edipo eta Yokasta obra ikusteko aukera izango da Euskaltzaindian. Ondoren, "ironia handiarekin bikote elkarrizketak egiten dituzten" Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak Bakean dagoena bakean utzi umorezko pieza aurkeztuko dute. Ondoren, Durangoko Azokan estreinatu zen ETAren agiri bulegoa antzezlana aurkeztuko dute Ane Zabalak eta Galder Perezek.

Azken egunean, Baubo ipuin kontalaria, Panpina monologoa, eta Telmo Iruretaren eskutik, Hiltzen zarenean obra izango dira Jaialdian. Yogurinha Borovak bere aldetik, festari amaiera emango dio BIRAn.