Bikain Eusko Jaurlaritzak enpresa edota erakundeei ematen dien ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa. 10 urte bete ditu aurten, eta urtero aritzen da erakundeen zerbitzuen eta lan-harremanen hizkuntza ebaluatu eta horien euskara maila saritzen. Hainbat euskal erakundek hala eskatuta, ebaluatzaileak lantokira bisita egin eta Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertzen dituzte euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko. EMEk bi ardatz ditu ? Zerbitzu-hizkuntza eta Lan-Hizkuntza ? eta lehen mailako 6 elementu ? erakundearen irudia, bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak, barne-komunikazioa eta lan tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo-harremanak eta kudeaketa sistema.

Elementu bakoitzari puntuazio jakin bat eman ostean, ateratako puntuazio orokorraren arabera oinarrizko edo brontzezko (200 puntu gutxienez), erdi-mailako edo zilarrezko (500 puntu gutxienez) edota goi-mailako edo urrezko (800 puntu gutxienez) BIKAIN ziurtagiria eskura dezake enpresa edo erakunde horrek, 1000 izanik gehienezko puntuazioa. Etxepare Euskal Institutuak, euskara eta euskal kultura munduan zehar zabaltzeaz gain bere eguneroko jardunean euskararen normalizazioan gogor lan egiten ahalegindu denak, goi-mailako ziurtagiria eskuratu zuen bart.

Institutuko zuzendari Irene Larrazak jaso zuen saria, eta beste hainbat kide ere izan ziren ekitaldian. Guztira 25 enpresa edota erakundek jaso zuten euskararen kalitate ziurtagiria atzoko ekitaldian.