Bilbo - Emakume bertsolarien esperientziei buruzko liburua argitaratu du Nevadako Unibertsitateak, emakume bertsolarien eta arlo ezberdinetako ikerlarien kontakizunak abiapuntutzat hartuta.

Liburuaren koordinatzaileak diren Xabier Irujo eta Iñaki Arrietak Donostian aurkeztu zuten atzo Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century, emakume bertsolarien eskubideei buruz hausnartzen duena, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies elkarteak kaleratutakoa.

Horrenbestez, Xabier Irujo historialaria eta Nevadako Center For Basque Studieseko zuzendariak adierazi zuenez, “liburuak hainbat ikuspegitatik begiratzen die emakumeek mundu osoan eta, zehazki, euskal gizartean eskubide guztiak berdintasunetik izateko aurkitu dituzten arazoei”.

Aurkezpenean izan zen Maialen Lujanbio bertsolaria ere, izan ere liburuaren idazketan parte hartu duen bertsolarietako bat da. Lan taldearen beste kideei dagokienez, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariak aurkitu daitezke; eta baita Joseba Zulaika, Jone Miren Hernández eta Caroline Dufurrena ere.

Halaber, emakume bertsolari eta ikerlarien adierazpenetatik abiatuta, ingelesezko liburua argitaratu du azkenean Nevadako Unibertsitateak.

Irujok atzo aurkezpenean azaldu zuenez, gaiarekin lotutako beste hainbat ekimen jarriko dira martxan, ondoren liburu forma hartuko dutelarik. Horrenbestez, Amerika eta Europa osoan zehar banatuko da; eta Renoko Unibertsitateko Centre for Basque Studies-en web orrialdean ere eros daiteke jadanik liburua.

Abiapuntua Female improvisiational poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century liburua sortzeko ideia iaz sortu zen, Elcon (Nevada) bertsolaritzari eta country poesiari buruz egindako biltzar batean. Horregatik, Xabier Irujo historialaria eta Nevadako Center For Basque Studieseko zuzendariak azaldu zuenaren arabera: “Lanak emakumezkoek bertsolaritzaren eremuan izan dituen erronkak eta country musika eta poesiaren arloan izan dituztenak alderatzen ditu”. - DEIA