BILBO. "Zinemaz Blai 19” film laburren zikloa hasiko da hurrengo ostegunetan eta Bilbo, Bizkaia, bilakaera eta festari buruzkoa izango da. Urte guztiak bezala, Euskal Museoak antolatzen du eta Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatuko du. Zikloak jarraituko du maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an, arratsaldeko 7etan.

Oraingo honetan, Bizkaiko Lege Zarra, Bilbao en el tiempo, Sinfonía Vasca, Bilbao? eta Aste Nagusia film laburrak proiektatuko dira. Bilbo eta Bizkaia eraldatu dituen bilakaera ezagutzea da edizio honen helburua, bai eta bertako festetara hurbiltzea ere, besteak beste, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusian pertsonaia nagusi den Marijaia pertsonaiaren bitartez.

Horrez gainera, omenaldi txiki bat egingo zaio Federico García Lorca poetari, hark Ameriketara egindako bidaiaren 90. urteurrena baita aurten. Iñaki Elizalderen Lorca film laburrean poetaren bizitzako azken lau urteak erakusten dira.

“Zinemaz Blai” zikloko emanaldi bakoitzaren ondoren mahai-ingurua egoten da. Aurten, José María Gorordo ekonomialari eta ikertzaileak, Pablo Zapata filologoak, Elías Mas arkitektoak, Andoni Elezcano historiagileak, Amaia Mujika etnografoak eta Santiago Burutxaga eta José María Amantes gizarte-animatzaileek hartuko dute parte `Bilbo, Bizkaia, bilakaera eta festa´ zikloan, Alberto López Echevarrietak jardungo duelarik gidari. Hizlari guztiek dute, era batera edo bestera, harreman estua filmekin.

Film laburren zikloari esker, besteak beste, Miguel Bosé, Alex Angulo eta Juan Diego antzezleen lana gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Horrez gainera, anfitrioiaren eskutik ezagutuko dugu Aste Nagusia, Marijaiaren eskutik alegia, edo euskal foruetara hurbiltzeko aukera izango da, Fuero Viejo de Vizcaya (Bizkaiko Lege Zarra) filmaren bitartez.

Sarrera doakoa da, sarrera kopurua mugatua, eta sarrerak Euskal Museoaren atarian jasoko dira, proiekzioa hasi baino 30 minutu lehenago, iritsiera ordenaren arabera. (Unamuno plaza 4)