Euskara kaleratzeko, "Ekin eta jarrai" lanean
Andres Urrutia, Bingen Zupiria, Lorea Bilbao eta Merkat Bernaolaren arteko solasaldia izan zen bertan
Bilbo - Euskara eta bere normalizazioa pil-pilean dagoen afera da gaur egun. Euskaraldiak eta Euskararen Egunaren ospakizunek hizkuntza kalera ateratzea lortu dute, eta jendearen arteko elkarrizketetan oso gai erabilia izaten ari da. Euskararen inguruan hitz eginez gero, ezinbestekoa suertatzen da Euskaltzaindiaren lana aipatzea, izan ere, 2019ko urriaren 7an 100 urte beteko ditu erakundeak. Ibilbide luze hau saritzeko intentzioz, DEIAk Ortzadar Saria eman zion atzo bere Bilboko egoitza nagusian. Bertan, euskararen munduko adituen arteko solasaldia ospatu zen, hots, Euskaltzaindiako zuzendari Andres Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Bingen Zupiria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbao, eta Bilboko Begoñazpi Ikastolako zuzendari Merkat Bernaola aritu ziren solasaldian, Sandra Atutxa DEIAko kazetariak gidatutako mahai inguruan.
Bertan, bakoitzak bere esparruari dagokion mailan, euskararen eta bere erabileraren inguruko iritziak plazaratu zituzten. Bere egoitzan ospatutako ekitaldia izan zenez, Andres Urrutia izan zen partaideen artean lehenengoa. Hasteko, DEIAri eskerrak eman zizkion ekimena ospatzeagatik, eta Euskaltzaindiaren esparruari dagokion aldetik egin zituen bere adierazpenak. Erakundeak datorren urtean 100 urte beteko dituela kontuan izanda, presidenteak beren lan luzeaz gain, igarotako denboraldi desberdinei buruz hitz egin zuen: “Mende batean oso errealitate desberdinak bizi izan ditugu, guda zibila, gudaostea, errepublika, eta abar. Euskarari dagokionez oso etapa ezberdinak izan ditu, batzuk besteak baino konplikatuagoak, baina gure helburua beti izan da berbera. Euskararen normalizazioa eta kaleratzea lortu ahal izateko iker eta jagon. Zein den hobekun-tzarako gakoa? Ekin eta jarrai, gazteenetatik hasita pertsona adintsuetara arte”.
Bere partetik, Bingen Zupiriak, Euskaraldiaren harira, euskaldunon ohitura eta ingurunearen garran-tzia goiraipatu zuen. “Jende asko konturatu izan da, Euskaraldiari esker, dituen ohituren inguruan, baina bakoitza mugitzen den testuinguruak ere oso eragin handia dauka bakoitzaren erabilera”. Azaldu zuenez, “ekimen honen ondorioz ohitura horiek aldatzea izan da helburu”.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Lorea Bilbaok adierazi zuenez, oso garrantzitsua da euskara esparru profesionaletara ateratzea, izan ere, gaur egun, beste arlo askotan normalizatzeko proiektu asko bideratu dira: “Diputazioaren intentzioa euskara arlo akademikotik atera- tzea da, horrela haur eta gazteek eskolatik at erabiltzeko hizkuntza dela ikus dezaten. Esate baterako, kirol alorrean federazio desberdinekin kolaboratu dugu Eskola Kirola bultzatzeko eta euskara esparru honetan finkatzeko”.
Amaitzeko, Merkat Bernaolak hezkuntza atalaren inguruko iritziak plazaratu zituen, eta bere arabera, oso tentsio handia bizi du euskarak eremu akademikoan. “Gaur egun, eleaniztasun handia dago eta euskarak indarra galdu dezakeela pentsa daiteke. Nire aburuz, aspektu akademikoak lantzeaz gain, arlo afektiboa lantzea derrigorrezkoa da. Horregatik, ikastolan, Eleketan ekimena antolatzen dugu eta honi jarraiki, hiru hilean behin euskal kulturari lotutako ekintzak egiten ditugu”, aitortu zuen.