Síguenos en redes sociales:

New Yorkeko Guggenheim Museoak eskaintzen dituen praktiketan izena emateko epea luzatu dute

EAEn graduatutako lau ikaslek joan ahal izango dira esperientzia bizitzera hiru hilabeteetan zehar

New Yorkeko Guggenheim Museoak eskaintzen dituen praktiketan izena emateko epea luzatu dutePIXABAY

BILBO. New Yorkeko Guggenheim Museoak eskaintzen dituen praktiketan izena emateko epea luzatu dute, abenduaren 21era arte. Horrenbestez,EAEn graduatutako lau ikaslek joan ahal izango dira esperientzia bizitzera hiru hilabeteetan zehar.

Beraz, Guggenheim Bilbo Museoak urtero bultzatzen duen Basque Internship at the Guggenheim New York beken programara aurkezteko epea bi aste barru amaituko da, webgunearen bitartez hautagaiek izena eman ahal izango dute. Bilboko museoko arduradunek jakinarazi dutenez, programak aukera ematen du New Yorkeko Solomon R.

Guggenheim museoko hainbat arlotan lan egiteko, arlo artistikoan zein museogintzan, eta graduatu berri diren ikasleei (2016-2017 ikasturtetik aurrera graduatutakoei) eta, baldin eta graduondoko bat ikasten ari badira, 2014-2015 ikasturtetik aurrera graduatu direnei zuzenduta dago. Halaber, eskatzaileak EAEn jaioak edota 2017ko urtarrilaren 1etik bertan bizitakoak izan behar dute. Gainera, ingelesezko maila altua izatea ezinbestekoa da, ahoz nahiz idatziz.

Deialdiak bi praktikaldi barne hartzen ditu: bat udan eta bestea udazkenean. New Yorkeko museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea errazten du horrek. Arlo horien artean daude arte ardura, garapen saila, artapen arloa, hezkuntza, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritza, besteak beste.

Praktikaldian ikasleek hainbat proiektutan parte hartuko dute, beste arlo batzuekin harremanetan egongo dira eta, esperientzia osatzeko, bisitaldiak egingo dituzte galerietara, bilduma pribatuetara, enkante etxeetara eta hiriko beste museotara. Udako praktikaldia 2019ko ekaina eta abuztua artean izango da, eta udazkenekoa 2019ko iraila eta abendua artean. Diru laguntza 3.500 dolarretakoa izango da.

Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete https://www.guggenheim-bilbao.eus/empleo-y-practicas/basque-internship s/ web orrian, abenduaren 21 arte. EAEko artista hasiberrientzako 2019ko egonaldi programak osatuko du ekimena. Egonaldi horiek ere New Yorken egingo dira.

Guggenheim Bilbao Museoak eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek 2014ko abenduan sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen barne daude ikasleentzako zein artista hasiberrientzako bekak. Berritze horrek bi erakundeen arteko harremanean sakonduko du hainbat proiekturen bidez.