gaur amaituko da Euskaraldia Clash ekimena, azaroaren 23tik gaur arte Interneten eta sare sozial desberdinetan presente egon den proiektua, Euskaraldiarekin batera modu paraleloan jazo dena eta euskal raperoak eta Benito Lertxundi batu dituena. Proiektu honen sortzaile eta zuzendaria Jokin Etcheverria izan da, Gattiken Produkzioak firmarekin lan-taldean.

Lertxundiri eta Gorpuzkingz, 2zio, La Basu eta Arrano Pertxa raperoei egindako elkarrizketa batzuk oinarrian izanda Muak.eus iniziatibak egindako bideo sorta Interneten eta sareetan zabaldu du. “Uda partean zenbait raperoekin hitz egin nuen eta hasieran pentsatu genuen euskal raperoen artean interkonekxio bat sortzea, baina azkenean Benito Lertxundi lan honetan sartzea pentsatu nuen eta hark onartu egin zuen nire proposamena”, azaldu Etcheverriak.

Ekimen hori Euskaraldiarekin batzearen ideia sortu zitzaien berehala. Euskaltzaindiako zuzendaria den Andres Urrutiarekin kontaktuan jarri zirela ere argitu du Etcheverriak: “Euskal rapak presentzia handia du eta horri ikusgarritasuna eman nahi genion. Euskararen erabilera bultzatzeko ekimena den Euskaraldia baliatu nahi genuen baina modu paraleloan zerbait desberdina sortuta”.

Ekimenaren helburua Euskal Herriko rap musika sustatzea izan da, parte-hartzaileen ustez ez baitzaio behar duen oihartzuna ematen. Muak.eusetik azaldu duten moduan, “proiektuaren kontzeptu berri honetan hitzak dira protagonistak eta belaunaldi ezberdinak eta bestelako estiloak elkartzen dituzte”.

Beste alde batetik, ekimenaren eszenatokia Internet izan da, euskararen erabilera sareetan bultzatzea ere proiektuaren sortzaileen helburuetako bat delako. “Komunikazioa euskaraz lantzen den arren eta kaleetan erabilera handia den arren, Interneten hutsunea nabaria da”, esan du Etcheverriak. Honela, Euskaraldiaren ekimen ofizialean parte hartzeaz gain, ekarpen txiki bat egitea lortu dute, zerbait originala sortuz.

Zein lotura dute, ordea, Benito Lertxundik eta euskal rap abeslariek? Paralelismo hau ez da hain arraroa, hasiera batean hori dirudien arren: “Benito Lertxundik bere hastapenetan Estatu Batuetako zenbait abeslariren eragin nabarmenak erakutsi zituen, Leonard Cohen eta beste zenbaiten eraginak, hain zuzen ere. Gainera, Lertxundiren estiloan abesti protestak ziren nagusi. Bestalde, euskal rapak, ia mundu osoko rapak bezala, Estatu Batuetako influentzia du. Eta genero honetako musikariek ere abesti protestak sortzen dituzte. Horregatik egin dugu paralelismoa Lertxundiren eta euskal raperoen artean. Eta, nola ez, euskararen alde egiten dutelako bai Lertxundik eta baita euskal raperoek ere”, azaldu du zuzendariak.

Muak.eus ekimenak, Euskaraldiak iraun duen bitartean, aipatutako artistei egindako elkarrizketak plazaratzea aproposa ikusi du beti ere modu independente batean. Elkarrizketa horiek hainbat bideotan zatitu dituzte eta pixkanaka sarean zabaldu dituzte muak.eusen bidez, baita sare sozialetan ere. Elkarrizketetan ikus daitekeen beste kuriositate bat zera da: euskal rapero bakoi-tzak besteen abestien klipak ikusten dituzte, eta beste horien lanaren inguruan iritzia eta ikuspuntu propioa ematen duela aldi berean.

Bideoetan, Benito Lertxundik ere bere ekarpena egiten du, raperoen moduan bere iritzia eman eta musikari begira ikuspuntu profesionala eskainiz. Proiektuaren sortzaileek argitu dutenez, “Lertxundik gaia esparru intelektual batera eramateko seriotasunez hartu du proiektuan parte hartzeko aukera”. Bestalde, Etcheverriak adierazi du “etorkizunean azken urteotan gizartean hainbeste nagusitu den eta Euskal Herritik ere zabaltzen joan den trap musika generoarekin ere gauza bera egin ahal izatea aukera polita” izango litzatekeela.

Halaber, elkarrizketa horiez gain, Peru Iparragirre idazleak idatzitako zutabe bat ere zabaldu dute sareetan barrena. Benito Lertxundi protagonista gisa duen ilustrazio bat ere badago proiektu honetan, orrialde honen goikaldean ikusi dezakeguna eta Ez dok amairu taldeko kide zen garaiari erreferentzia egiten diona. Maiana Agorrody marrazkilariak sortutako irudian Ez dok amaitu lelopean Lertxundi rap abeslari gisa irudikatuta agertzen da.