Síguenos en redes sociales:

Poltsiko Musika zikloaren 13. edizioa hasiko da ostiralean Bilbon

Bilboko Udaleko Kultura Sailak Poltsiko Musika programaren 13. edizioa hasiko du ostiralean, martxoaren 17an.

BILBO. Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, Abando-Barrainkuako udal zentroak oso estilo ezberdinetako lau emanaldi eskainiko ditu apirilaren 7ra arte, hala nola jazz, pop-rock, swing, blues edo folk saioak. Kontzertuak dohainik izango dira, eserleku guztiak bete arte, eta martxoaren 17, 24 eta 31n eta apirilaren 7an izango dira, 19:30etik aurrera.

Poltsiko Musika egitarauaren lehen emanaldia Lluis Gomez & Barcelona Bluegrass Band taldearena izango da. Eszenatokietan ibilbide luzea duen taldeak "bidaia bat proposatuko die ikus-entzuleei hainbat estilotan zehar, hala nola bluegrass, swing, blues edo folk.

Kontzertu akustikoa eskainiko dute "Dotze contes" azken diskoa aurkezteko. Taldeak musika tresna ugari erabiltzen ditu, hain zuzen, banjoa, biolina, mandolina, harmonika, gitarra eta kontrabaxua.

Martxoaren 24ean Jesus Ayestaren txanda izango da. Abeslari eta konpositoreak "De boca en boca" eta "Historias de dos" diskoetako kantak interpreratuko ditu akustikoan, Joaquin Sabina, The Eagles, Serrat, Eric Clapton, Antonio Vega edo Revolver taldearen bertsioekin batera, besteak beste.

Hirugarren kontzertua, martxoaren 31n izango da, jazzean espezializatuta dagoen eta Malu Garay abeslari bilbotarra buru den taldearekin. Garayrekin batera, Raul Sainz de Rozas (gitarra), Jose Luis Canal (pianoa), Fabi Acarregui (kontrabaxua) eta Gorka Iraundegui (bateria) izango dira taula gainean, "swing asko duen jazz, blues eta bossa errepertorioa eskaintzeko".

Zikloa apirilaren 7an bukatuko da, Labritekin. Kantautore usurbildarrak "Z8rtzi" hirugarren diskoa aurkeztuko du Bilbon. "Abeslariaren ahots gozo eta hunkigarriari argumentu elektronikoek eta melodia erakargarriek laguntzen dioten lan alaia", adierazi dute antolatzaileek.