Síguenos en redes sociales:

Haurrei zuzenduriko "Laban" filma euskaraz estreinatuko da ostiralean

BILBO. Filma 2 eta 6 urte arteko haurrei zuzenduta dago eta zazpi minutu inguruko beste horrenbeste pasartek osatzen dute. Zehazki, estreinaldia honako zinema areto hauetan egingo da: Antiguo Berri (Donostia), Florida (Gasteiz) eta Itaroa Zinemak (Huarte), Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez.

Alicja Björk Jaworski, Karin Nilsson, Lasse Persson eta Por Ahlin zinemagileek zuzendutako filmak Laban mamu txikiaren istorioa du abiapuntu. Laban bere familiarekin bizi da Moringsun gazteluan. Bere aitaren antzera, ingurukoak beldurtu nahi ditu, baina saiatu izanagatik ere ez du lortzen. Labolina, bere ahizpa, oso trebea da soinuak egiten, edozein soinu imitatzeko gaitasuna du.

Gazteluan erregearen familia bizi da, eta erregearen semea, Michief printzea, Rufus haren txakurrarekin batera, Labanen lagun onenak dira. Labani iluntasunak beldur handia ematen dio.

"Laban" filma Pack Mágic etxeak banatzen du. 2014an sortu zen eta haurrentzako zinema banatzen du. Sentsibilitate estetikoaren, hezkuntza emozionalaren, balio sozialen eta kulturalen transmisioaren alde egiten duten filmak eta ikus-entzunezko bestelako produktuak helarazten ditu.

Pack Mágic banatzaileak "zorroztasun handiarekin" hautatzen ditu filmak, eta 2-12 urteko umeen ezaugarrietara, gaitasunetara eta sentsibilitatera egokitzen den katalogoa osatu du. Halaber, promozio materialak sortzen ditu, txikitatik zinearekiko jakin mina eta grina pizteko asmotan.

Zinema Euskaraz programak aurten diruz laguntzen duen hamabigarren filma da "Laban". Aurrekoak, "Zikoinak", "Printze Txikia", "Phantom Boy", "Iparraldeko Norman", "Egun handia", "Oker", "Tximinoen Erresuma", "Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla", "K2. Zerua ukitzen", "Mustang" eta "Albert" izan ziren.